BERTON aldizkariak asko du egiteke

bertonaldizkaria 2013ko mar. 11a, 13:54

Eskerrak ematen hasi behar dugu. Eta ez bati edo biri, askori, duela 15 urte aldizkaria sortu eta sostengatu zenutenei, gerora aupada eman diguzuenei, eta zelan ez, garai zail hauetan zuen babesa eta konfiantza eman diguzuenei. Ez gara esateaz nekatzen, egia borobila baita, zuei esker bete ditu Mahatserriko BERTON aldizkariak 15 urte!

Eta orain zer? Bada, asko dugu egiteke. Gure aldizkaria egonkortzea da gure erronka handiena. Enbata ugari jasan ditu azken urteetan eta zutik dirau, baina sasoiko egoteko hamaika lan dugu egiteke: lantaldea zabaldu eta sendotu, iragarleei eutsi eta berriak konbentzitu, erakundeen konpromiso irmoa eskuratu…

Hurbilekoa, gertukoa, gurea dena beste era batera begiratzen eta zaintzen hasi gara finantza eta ekonomia krisiak eragindako makilkada madarikatuaren ondorioz. Aldaketak egiteko ordua dugu eta auzo mailako lanak, auzotarrek eginiko ekimenek inoiz baino garrantzia handiago dute. Horregatik uste dugu BERTON aldizkariak asko duela egiteke. Denok konpartitzen dugun errealitate horretan egunez egun geratzen denaren berri ematea funtsezkoa dela deritzogulako. Aldaketen lekuko izan nahi dugu, aldaketen testigantza eman nahi dugu eta lagundu, ahal dugun heinean. Batez ere, gure gizarte harremanak, gure bizitza, gure herri giroa euskaldun(ago) egingo duen aldaketa nahi dugu eta horretarako dihardugu lanean.

Zeregin horretan, zelan ez, orain arte bezala denen babesa beharko dugu. Mahatsorrien kemenarekin lortu egingo  dugu. Denon artean, tipi-tapa baina gelditu barik. Biba zuek!

 

Hektor Ortega eta Lur Mallea

BERTON aldizkariko zuzendari ohia eta zuzendaria, hurrenez hurren