Iker Velez de Mendizabal: “Zergatik ez dugu daukaguna konpartitzen?”

bertonaldizkaria 2013ko mar. 11a, 16:51

Kontsumitzeko era irauli nahi duen lantalde bateko kide da Iker. Begoñarrak “agur unused… kaixo useful” goiburua duen www.zestapunta.com plataformaren atzean egiten du lan bere aisi denboran. Ondo bidean, Bilbotik mundura zabalduko duten aplikazioa izango da. Apiriletik aurrera, itxura berrituarekin berrabiaraziko dute.

Zer da www.zestapunta.com?

Erabiltzen ez ditugun objektuak erabiliko ditugun objektuengatik aldatzeko balio duen sare soziala izan nahi du. Ez dago dirurik tartean. Diru birtuala baino ez, azenarioak. Horrela, kontzeptualki bada ere, edukiak baloratzen direla uste dugu. Azenarioekin saldu eta erosi egiten dira objektuak. Zure objetuak salgai jartzean lortzen dira azenarioak, lagunak sarera gonbidatuz azenarioak lortzen dira, eta noski, objekturen bat erostean azenarioak gastatzen dira.

Espainia eta Euskal Herria ondo ezagutzen dituen Inglaterran bizi den alemaniar bati bururatu zitzaion Zesta Punta sortzea. Nolatan?

Ed Freyfogle da guzti honen ideologoa. Berak eta bere bazkideak Interneten negozioak dituzte. Yahoon lanean ari zirela ezagutu zuten elkar. Ed estatuan zegoela, duela urte bete, 15Mko errebolta soziala piztu zen. Jendeak zerbaiten beharra zuen, baina ez zekien ondo zeren beharra. Antikontsumismorako joera, sistematik irteteko gogoa, kontzientzia geroz eta ekologikoagoa zegoen, eta etxean geroz eta gauza gehiago pilatuta… Guzti hori ikusirik, honako galdera egin zuen: “Zergatik ez dugu baduguna behar dugunagatik aldatzeko aukera ematen duen plataforma eratzen elkarlanean eta doan?”. Azken finean, mundu mailako korrontea da hau, hazten ari dena.

Joan den azarotik ia 1.000 erabiltzaile eta 1.000 objektu eskuz aldatzea lortu duzue. Zelako balorazioa egin duzue?

Balorazioa ona da, ondo hazi gara. Une honetan gure ardura merkatua sortzea da, mugimendua eragitea, hau da, jendeak bere gauzak eskaintzea eta beste batzuk eskuratzea. Horregatik, hausnarketan ari gara, erabiltzaileek esandakoa aztertzen aldaketak egin ahal izateko. Besteak beste, apirilerako webgunearen diseinua aldatuko dugu eta telefono mugikorretarako aplikazioa aterako dugu.

Emakume gazteak dira erabiltzaile nagusi. Zergatik?

Egia esan, guk jo dugu beraiengana, arrazoi ugarigatik. Batik bat, etxean stock handia dutelako eta lagun-koadrilarekin harreman estua dutelako. 18 urtetik 40 urtera arteko emakumeak dira Interneteneko erabiltzaile, gehien bat. Arropa eta osagarriak dira eskaintzen dituzten objektuak: jantziak, poltsak, zapatak… Horrela hastea pentsatu genuen, eduki zehatz batzuekin. Horiek argi eskaintzea lortzen badugu, aurrerago eduki gehiago sartuko dira beste pertsona batzuentzat erakargarri izango direnak. Ez pentsa, teknikoki oso lan konplexua da objektuak katalogatzea.

Produktu bitxirik bada Zesta Puntan?

Arropa eta osagarrien atalaz gain, bada Bestelakoak izenekoa. Hor denetik aurki daiteke: DVDak, liburuak, autoko gurpil bat, irrati bat, fregona bat… bai, bitxikeriak badira.

Pertsona batek Zesta Puntako objektu bat eskuratu nahi duenean, eposta bidez jarri behar du kontaktuan objektua eskaini duen pertsonarekin eta azken horren baieztapena eskuratu behar du. Zergatik?

Logelak eta etxeak alokatzen dituzten Interneteko zerbitzuetatik kopiatu dugu ideia. Kontsumo kolaboratibo korrontearen barnean daude horiek ere. Konfidantza handia ematea lortu dute erabiltzaileei. Hortik aurrera dena eginda dago. Guk ere gauza bera egin dugu. Bi pertsonek hitzordua jarri behar dute objektua batek besteari emateko eta emaileak jasotzailearen profila ezagutzeko aukera izateak konfidantza ematen du.

Zergatik abiarazi zenuten Zesta Punta Bilbon eta ez beste nonbaiten?

Guztia hau aurrerago zabaldu nahi dugun esperimentu bat da. Hainbat arrazoigatik hautatu genuen Bilbo. Batetik, hiri maneiagarria delako, bestetik, sozialki hiri kohexionatua delako. Gainera, Interneteko sarbide-maila handia da hemen Estatuko beste leku batzuekin alderatuz eta lantaldekide asko bertakoak edota ingurukoak gara.

Zelan egin zenuen bat Zesta Puntarekin?

Londresen lan egiten nuenean hegazkinetan denbora asko ematen nuen. Halako batean, bazkideetako bat ezagutu nuen. Biok oso garaiak gara eta larrialdietako irteera lekuan jesartzen gintuzten beti. Astero-astero hizketan lagun egin ginen eta Zesta Puntarekin laguntzeko proposatu zidan.

Nola antolatzen duzue Zesta Punta?

Talde teknikoa Londresen dauden ingeniari alemaniar eta greziar batek osatzen dute. Beraiek garatu dute aplikazioa. Guk, hemendik, erabiltzaileen informazioa eta iritziak bidaltzen dizkiegu. Hori da nire lana, esaterako. Nazioarteko lantaldea da gurea. Denok dugu bestelako lana, jaten ematen diguna, eta Zesta Punta gure aisialdian egiten dugun zerbait da.

Enpresa berezia da zuena.

Enpresa altruista da, neurri batean. Zesta Puntak funtzionatzen baldin badu, etorkizunean, irabaziak izango ditu. Oraingoz, gastuak baino ez ditu. Hurrengo urtean irabaziak izatea espero dugu. Interneten dena da bolumen kontua, bolumena lortzea da helburua. Horretarako, Greziara hedatu nahi dugu. Aplikazioa grezierara itzulita dugu jada. Han jendearen errenta maila asko jaitsi da eta egoera horretan objektuak konpartitzeak ondo funtziona dezakeela uste dugu.

Interneten dirua irabaz daiteke?

Diru asko irabazten da Interneten. Dena den, oso zaila da dirua emango dizun ideia izan eta ondo gauzatzea.

Ekologia sustatzen duen enpresa da Zesta Punta.

Duguna berrerabiltzeko kontzientzia ekologikoa du Zesta Puntak bere jatorrian. Krisi ekonomikoak jendearen erosmen-maila jaitsi du asko, orduan zergatik ez dugu daukaguna konpartitzen? Gizarteak beharrizanak ditu, doan diren gauzak badira eta hemen duzue elkarbanatzeko plataforma bat. Zestapuntak badu alde ekologiko eta soziala; pentsaera aldatzearekin, kolaborazio-kontsumoarekin lerrokatuta dago, produktuak eta zerbitzuk konpartitzearekin, hain indibidualak izan ordez, hain kontsumistak, duguna zaindu, banatu eta munduarekin koherenteago izatea da sustatzen duena. Handinahikeria izan daiteke, baina hori da gure ildoa.

Harremanetan jarri zarete kontsumo alternatibo arloan lanean diharduten elkarteekin?

Bai, We Share elkartearekin harremanetan jarri gara eta beste talde batzuk buruan ditugu. Baina gure plataformak ondo funtzionatu arte ez dugu aterik jo nahi. Sinergia asko aprobetxa ditzakegula badakigu, baina sendotzean hasiko gara horietan.

Zein da Zesta Puntaren azken helburua?

Merkatua sortuko duen produktua lortu nahi dugu, hau da, jendea etxera heltzean Zesta Puntan konekta dadila bertan behar duena topa dezakeela uste duelako. Puntu horretara heltzea falta zaigu. Heltzen garenean, diru gehiago jarriko dugu modelo hori hedatzeko estatuan eta kanpoan. Globalki hazi nahi dugu, baina dena dugu egiteke.

Lortuko duzue bilbotarren kontsumo ohiturak aldatzea?

Geroz eta helduago dagoen zerbait da. Dena den, bitxia da Bilbon bigarren eskuko erropa proiektuek ez dute aurrera egin. Bigarren eskuko objektuak konpartitzeko ideia inteligentea eta modernoa da, baina oraindik orain txiroen kontua dela pentsatzen duenik bada. Pentsakera aldaketa gertatzen ari da, geroz eta ekologikoagoak gara. Zentzugabea kontsumitzea da.

Zergatik jarri diozue munduan zabaldu nahi duzuen proiektu bati Zesta Punta izena?

Euskaldunok daukagun gauzarik internazionalenetako bat da zesta-punta kirola. AEBetan zein Asian ezaguna da eta jendeak euskaldunokin erraz lotzen du. Gainera, gure aplikazioan gauzak eman eta jaso egiten dira eta zesta-puntan pilota bidali egiten da gero jasotzeko.

Eta zergatik hautatu duzue untxi bat zuen irudi izateko?

Ez dago azterketa zientifikorik erabakian. Animalia dibertigarria behar genuen eta bozkaketan untxiak irabazi zuen.

BOST GALDERA LABUR

Zer duzu sobera? Kamiseta asko

Zer duzu falta? Aurikular batzuk

Zer aldatuko zenuke? Pertson batzuek kontzientzia ekologikoa

Zer utziko zenuke berdin? Ezer gutxi

Zerekin amesten duzu? Zesta Puntaren arrakastarekin

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Iñigo Azkona