Literatura kritika: Pagford herri txikiko (h)istori(o)a(k)

bertonaldizkaria 2013ko mar. 12a, 09:31

Eserleku hutsa / J. K. Rowling / Alberdania / Erein, 2013

J. K. Rowling aurkezpenik behar ez duen autorea da Harry Potter haur magoaren sortzaile gisa ezagun egin eta, mundu-mailako best seller idazle bihurtuta, irakurle gazteenen artean sekulako arrakasta lortu zuenetik. Oraingoan helduentzako literaturara salto egin du Eserleku hutsa izeneko eleberriarekin, euskaraz Alberdania eta Erein argitaletxeen elkarlanaren emaitza den Batera Saila bildumaren barruan topa daitekeena euskaraz; Estibaliz Lizaso arduratu da itzulpenaz eta Xabier Olarra, aldiz, itzulpena gainbegiratzeaz.

Azala itsusi xamarra iruditu zaidala albo batera utzita, Eserleku hutsa esku artean izan nuen lehendabiziko aldian liburuaren lodierak bereganatu zuen nire arreta. Izan ere, azken boladako salbuespenak salbuespen, rara avisak kontsidera daitezke gurean 250 orrialdetik gorako lanak argitaratzera animatzen diren idazleak, zer esanik ez 550 orrialdetik gorakoak. Zenbaki hutsak berebiziko baliorik ez du literatura terminotan, bai ordea horrek ezkutatzen duenak: kasu honetan luzera protagonistaren rola partekatzen duten hogei pertsonaiek eta hauen arteko harremanak azaltzen dituen argumentu korapilatsuak soberan justifikatua da. Horra hor itzulpenen balio nagusietako bat, euskarazko jatorrizko lanetan nekez aurkituko genitzakeen proposamenak gure eskura jartzekoa hain zuzen.

Barry Fairbrother Pagfordeko zinegotzia hiletaren ospakizunarekin hasten da istorioa. Ez dago hileta bat baino ekitaldi aproposagorik herri txiki bateko gizartea irudikatzeko. Aitzakia perfektua da estatus ezberdinetako bizilagunak biltzeko: botereari lotzen zaizkionak, itxurakerietan beren burua ezkutatzen dutenak, hara gogoz kontra bizitzera joandakoak zein pagfordar harroak; irakasleak, abokatuak, dendariak, drogazaleak, ikasleak, medikuak. Elizkizunak agerian uzten ditu udaletxean hutsik geratu den eserlekua betetzeko lehiak suspertutako herritarren arteko aspaldiko inbidiak, sekretuak, frustrazioak, baita gezurrak eta traizioak ere. Adar askotako gatazka honen erdigunean kokatzen da Pagford eta Larraldea auzoaren arteko isilpeko gerra, biztanleak banantzen dituena. Eleberri honetan lekuak pertsonaiek bezainbeste garrantzia erakusten du, Pagfordeko historiak baldintzatzen baititu herritarren bizitzak, eta alderantziz, bertan bizi diren familien istorioek egiten dute Pagford. Azken batean, Ingalaterrako herri txiki bateko gizarte itxiaren gaineko argazki entretenigarria eskaintzen zaigu Eserleku hutsan.

Narrazioan bi zati bereiziko nituzke. Lehen lau ataletan zehar fokua familiaz familia ibiliko da, txandaka haien egunerokoa jasoz, kapitulu bakoitzeko familia bat egiturari jarraiki. Azken bi ataletan, ordea, erritmoa biziagoa izango da eta pertsonaien istorioak gurutzatuz, lotuz eta nahastuz joango dira, amaieran bat egiteraino. Maitasun eta umore dosi handiagoak bota ditut, akaso, faltan. Pena da, bestalde, testuaren azken orrazkerari ihes egindako akatsak. Halere, bada aipatzea merezi duenik Rowlingek aukeratutako molde narratiboan: ez digu pertsonaien bizitza osoaren berri ematen, horren ordez, pertsonaia bakoitzari ezaugarri nagusi zenbait egokitu eta, haren txanda iritsitakoan, kontaketak alderdi horietan baino ez du sakonduko. Horrela, ikuspegi partziala baina, aldi berean, zehatza ematen zaigu, eleberrian zehar, gertakariek hala bultzaturik, protagonisten karakterizazioan nabaritzen den bilakaerarekin batera, irakurleongan jakin-mina areagotzera laguntzen duena.

Ez dagokit niri ebaztea mundu zabalean hainbesterako ikusmina sortarazitako liburu honek helburua bete edo autorearen milioika jarraitzaileen fikzio egarria ase duen, baina edozein modutan, kalitatezko kontsumo literatura egin daitekeelako adibide garbia da J. K. Rowlingen Eserleku hutsa.

Testua: Iraitz Urkulo

Argazkiak: Alberdania / Erein