Uribarri Auzolanean plataformak antolatuta Uribarrin kultur-astea ospatuko dute gaurtik 24ra bitartean. Hainbat ekintza izango dira auzora gerturatzen direnen esku: kantaldiak, dokumentalak, Korrika Eguna...
Kulturak bere biziko garrantzia du egungo gizartean. Gauzak horrela, Uribarri Auzolaneanen eskutik kulturaren astea prestatu dute ekintza parte hartzailez jositako egitaraua eskainiz.
Martxoaren 15ean, ostirala, astearen inaugurazioa jaia egongo da 19:00etatik aurrera, Uribarriko eskoletako kanpan eta hilaren 16an, Euskaraz Bizi eguna ospatuko dute leku berean 12:00etan. Bi egun horietan musika, ekintzak zein giro paregabea ez dira faltako.
Hilaren 18tik 22ra, hau da, astelehenetik ostiralera, auzoko argazkien erakusketa eskainiko dute Moraza futbol taldearen eskutik, arratsaldero Artxandape ikastolan. Martxoaren 18an ere, Bizitegin Gazta zati bat dokumentala proiektatuko dute 19:00etan, eta asteartean, Familia Santua parrokian kantaldia egongo da 18:00etan, Artxandape eta Aletuko gitarra ikastaroetako ikasleen eskutik. Bestalde, asteazkenean, martxoak 20, Bizitegiko tailer irekien txanda izango da 16:30etatik 18:00etara.
Kultur astearekin bukatzeko Korrikaren 18.edizioarekin bat egingo du egitarauak. Martxoak 21 euskararen aldeko martxa erraldoia Bilbora helduko da eta 18:00etatik aurrera, Uribarriko eskoletako kanpan Korrika Eguna ospatuko dute. Antolatzaileek ere, hilaren 24an, igandean, Baionan egingo den laisterketaren bukaerako jaira gerturatzeko deia luzatu dute.
INFO + URIBARRI AUZOLANEAN
INFO + BRANKA