Denbora asko pasa da Aitziber Laskibar, BERTON aldizkarian lanean egon zen hartatik. Egin, Gara eta Egunkarian lanean ibili ondoren, egun, Berria egunkariko politika saileko kazetaria da.
Hasi zinenetik, nabarmen aldatu da kazetaritza.
Bai, asko aldatu dira garaiak. Beste modu batean egiten dugu lan. Gero eta kazetaritza interaktiboagoa da. Papera indarra galtzen ari da. Ordenagailuek papera jan dute. Berria-n hausnarketa egiten ari gara. Gaur egun, lehen ez bezala, papererako ez ezik, webgunerako ere idazten dugu. Internet askoz azkarragoa da. Titularrak dira nagusi eta ez da horrenbeste sakontzen. Paperean ordea, gehiago sakontzen da, irakurleek ere, arreta gehiagorekin irakurtzen dute egunkari fisikoa.
Trantsizio egoera batean gaude.
Eta horri egoera ekonomiko zaila gehitu behar zaio. Berria, egoera kritikoan dago. Euskarazko egunkari baten beharra dagoela uste dutenek, hori posible egiten lagundu dezaten ezinbestekoa da, gure etorkizuna ez baitago ziurtatuta. Egoera honi aurre egiteko ahalegin handiak egiten ari gara, baina bakarrik ezin dugu. Jendearen laguntza ezinbestekoa da. Hori dela eta ziztaden kanpaina jarri dugu martxan.
10 urte Egunkariaren itxieratik hona. Nola bizi izan zenuen?
Oso gogorra eta arraroa izan zen aldi berean. Aurretik ordezko lanetan ibili banintzen ere, urte bete inguru neraman modu egonkorrean lanean Egunkaria itxi zutenean. Iñaki Uriarte lankideak, gauean deitu zidan. Ospitalean zegoen eta irratiaren bidez, itxieraren berri izan zuen. Hurrengo egunean elkarretaratzeak egiten hasi ginen. Andoainen elkartu eta herri batzordeak sortu genituen. Hainbat lekutan hitzaldiak ematen hasi ginen. Jendearen laguntza handia izan zen. Batez ere, euskalgintzan mugitzen zirenena.
Itxia, baina ez isildua. Egunero kaleratu zenuten Egunkaria itxi eta hurrengo egunean.
Jendearen babesa izugarria izan zen. Erraztasun asko eman zizkiguten eta hurrengo egunean bertan atera genuen lehenengo zenbakia. La Merced inguruan jarri genuen Bilboko egoitza. Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere gure txokoak jarri genituen. Hitzorduz beteriko egunak ziren haiek, kazetari lana, hitzaldi eta beste hainbat elkarretaratze eta ekintzarekin tartekatu behar izan genuen. Langileon arteko harremana hobetzeko balio izan zuen.
Zein zailtasunei egin behar izaten die aurre euskaraz lan egiten duen kazetari batek?
Guk askotan esaten dugu kazetari baino itzultzaile garela. Prentsaurreko eta prentsa ohar gehienak gazteleraz izan ohi dira. Euskara ez dago barneratuta. Azkenerako ohitu egiten zara. Kazetari erdaldunek gure lana zein zaila izan behar den komentatzen digute.
Egun, egunkari nazional batean lan egiten duzun arren, tokiko hedabide batean hasi zinen. Zein garrantzia dute tokiko komunikabideek?
Beharrezkoak dira. Guk, gero eta orrialde gutxiago ditugu egoera ekonomiko larria dela eta. Gauza orokorrei buruz hitz egiten dugu batez ere. Beti eduki dugu gabezia bat tokiko gaiak lantzerako orduan. Tokiko hedabideak ezinbestekoak dira, mundua ezagutzeko ezinbestekoa baita lehenik etxekoa ezagutzea.
Testua: Ander Barinaga-Rementeria