Artxandako magaleko lekuren batean dauzka erlauntzak. Ezkutuka ibili behar izatea ez darama ondo, baina apikulturan, perretxikoetan bezala, erlezain bakoitzak bere gustuko lekua izaten omen du. Zaletasun duena lanbide izatea amesten du Andoni Nuñez Zurbaranbarriko eztigileak.
Mendi magalean bizi gara. Hala ere, ez dira inguruan erlauntzak ikusten. Nondik datorkizu zaletasuna?
Gurasoen herriko etxean beti egon dira balkoian erlauntzak, lau ere: gazteleraz bujo esaten zaien bi, etxeari finkatuta eta 50 urte edo dauzkatenak; eta mugi daitezkeen beste bi goiko partean.
Balkoian?
Bai, eta ez dugu inoiz ziztadarik jaso, ez nik, ezta nire lehengusuek edota izeko-osabek ere. Horiek hotxe jarraitzen dute, eta egun batean lehengusuarekin berbetan pentsatu genuen erlauntza batzuk egitea. Lehenengoak gure aitaren tailerrean egin nituen, eta gerora erosi, erlebatzak (enjambre) sortuz.
Bazenekien zelan moldatu.
Ez, nire eskuetatik erleei buruz pasa ziren liburu guztiak irakurri nituen, baita ingelesez ere, txoratzen hasi nintzen arte. Ondoren, Bizkaiko Erlezainen Elkartean izena eman nuen, eta hortik laguntza handia jaso nuen. Gaur egun elkarteko idazkari naiz. Astearte eta ostegunero egoten gara elkartean. Bazkideei laguntza ematen diegu, aholkularitza, aseguruen berri... Erlauntzak eta argizaria saltzen ditugu eta baserrietan ipintzen diren erlebatzak jaso. Maiatzean ikastaroak eman ohi ditugu.
Erlauntza asko edukiko dituzu?
Ez asko ez gutxi, entretenituta ibiltzeko adina.
Eztia non saltzen duzu?
Jendeari zuzenean, ingurukoei, lagunei… Tomas Deunaren egunean postua izaten dut eta han egoten naiz seme txikiarekin batera. Egun horretan asko ez da saltzen, ez, baina gustukoa dut nire semeek dagoen giroa ikus dezaten. Esaterako, gure parean ardi gazta saltzen ipintzen den Trapagarango andreak 40 urte darama feriara etortzen. Tradizio modukoa da. Lagunak etortzen zaizkit, ezagunak… eta semeentzako emozionantea izaten da.
Noiztik parte hartzen duzu Tomas Deunaren azokan?
Zortzi bat urte dira. Hasieran lau eztigile izaten ginen bakarrik, eta eztiarena bultzatzeko egiten genuen gehien bat. Gaur egun, zortzi bat bagara, eta asko ez dugu saltzen, hemen erosten baduzu ez duzulako erosiko beste harena.
Zein oztopo duzue eguneroko lanean?
Une honetan vespa velutina edota Asiako liztorra izenez ezagunagoa dena hortxe dago, standby-n. Erle denak jango dizkigu, eta ez dakigu nondik joko gaitien. Gipuzkoan erlauntza asko kendu dituzte. Arazoa da bere ugaltzeko era exponentziala dela, eta gaur bi daukazunean, bihar lau izango dira eta etzi zortzi. Udaberrian arrautzatik irteten dira eta erleak eta landareak jaten hasten dira. Nekazariak ez ditu asko kezkatzen, momentuz, ezta Foru Aldundia ere. Txakolinaren landareak ikutzen ez dituzten bitartean….
Zein da zuk daukazun erle mota?
Bertakoa, iberikoa, betikoa. Beste erle mota batzuk daude: carniola, italianoa… Batzuk gehiago ekoizten dute, beste batzuk negua hobeto igarotzen dute; eta batek daukana besteak ez dauka.
Zenbat ezti ekoizten duzu?
Nahikoa. Ezti gehiago atera ahalko nukeela? Bada bai, baina gauza sinplea da nahi dudana, nire erleek ateratzen duten eztia jan eta saldu; horixe egin nahi dut bakar-bakarrik.
Ezti mota bakarra ekoizten duzu?
Ez. Artxandako magalean izaten ditudanean erlauntzak lore askoren eztia egiten dut. Txilarrezkoa egiteko, ordea, erlauntzak mugitu behar izaten ditut, Bizkaian txilar oso gutxi dagoelako. Erremolkean sartu, eta San Fermin garaia datorrenean, mendialdera, antzina artzainek egiten zuten modu beretsuan joaten naiz. Erlauntzak txukun prestatzen ditut kume asko daukatela eramaten baititut. Hemen ezti gutxi ateratzen da eguraldiak asko baldintzaten duelako. Erleak mugitu beharra dago ezti gehiago atera nahi bada. Hemen eguraldia aproposa da erleak hazteko udaberri luzea dugulako.
Eztia bakarrik ekoizten duzu?
Orain arte bai, baina aurten erlebatzak egiten hasi naiz, baita erreginak sortzen ere, gero horiek ere saltzeko. Orain Frantzian ondo saltzen dira, Asiako liztorra triskantza eginten ari delako bertan.
Ezti ekologikoa egiten duzu?
Eztia hartzeko erletxeen goikaldean dagoena bakarrik hartzen dugu, behean dagoen horretan botika egoten delako, varroa izeneko parasitoaren aurkako botika. Udagoienean, erle gutxien dagoenean eraso egiten du varroak, eta ahul harrapatuz gero, erlauntza barik geratu ahal zara. Horregatik botika eman behar zaie, Bayer markako bat. Pasar por el aro, badakizu.
Era ekologikoan tratatzerik ez dago?
Bai, horrela egiten dutena timol-arekin egiten dute. Nik batzuetan horrela egin dut, baina Foru Aldundiak beste bide batetik gidatzen zaitu; dirulaguntzak jasotzeari begira, eurak esandako elikagaia eta botika eman behar diezu halabeharrez.
Kalitatearen markaren barruan zaude.
Labelaren barruan egotean kontrol zorrotzak izaten ditugu. Biltegia behatzen dizute, baita erlauntzak ere. Erlauntzak bitan banatuta egoten dira: kumeak hazten diren lekua eta erleak eurak dauden abaoa (panal), eta gero, beste abaoak eztiz beteta. Antzina abaoak bakarrak ziren denetarako. Eta orduan, eztia nahasi egiten zen. Urtero azterketak egiten dizkigute.
Eztia zuk ateratzen duzu?
Niretzako apur bat besterik ez. Guk egiten dugun bakarra umeltasunaren maila kontrolatzea da; ezin dugu eztia manipulatu. Eztia abaroan dagoenean operkulu-arekin estalita egon behar da, argizariarekin. Orduan abaroak hartu eta eraman egiten ditugu zentrora. Bertan pisatu, operkulua kendu, zentrifugazioarekin atera eta ontzi biltegietan sartzen dute. Hiruzpalau egunera kristalezko ontzietan sartzen dute.
Zenbat ekoizle zaudete Bizkaian? Eta zenbat erlauntza izaten dituzue?
Une honetan 700 inguru gara. Gazteenetakoa naiz. Gehienek 80 eta 200 erlauntza bitartean dauzkate eta gutxi batzuk 400 baino gehiago dauzkate.
Bizitzeko eman dezake erlegintzak?
Ufa! Hori nire ametsa litzateke. Baina eztia saltzen ari den prezioan ezin da. Gatx dago.
Bitxikeriren bat?
Erlauntzak hirietan ipintzen ari dira. Bitxiena, beharbada, Parisko Eiffel dorrean dagoena da. Bertatik ateratzen duten eztia dorrean dagoen jatetxean erabiltzen omen dute gosaritan.