Begoña eta euskerea: Vecuniatarren misterioa

bertonaldizkaria 2013ko mai. 3a, 10:53

Historialari eta arkeologoek gero eta sinisgarritasun gehiago ematen diote Gabriel Henao jesuitak aipatutako kontu bati: XVII. mendearen amaieran Loiun ba ei zegoen harri bat, idazkunekin. Bertan ondokoa irakurri zuten, latinez: Vecuniatarrek egin zuten. Nortzuk ziren vecuniatar haiek?

Gauza jakina –eta hemen, BERTONen, horren berri eman izan dugu– Historiaurrean giza taldeak ibili zirela Artxandako mendilerroko goialdeetan. Horren lekuko dira Hirumugarrieta eta Gaztelukolandako trikuharri eta tumuluak. Horiek duela 5.000 urte egin zituzten gaur egun Begoña eta Zamudio arteko muga dagoen gailur lerroan. Badakigu jakin, baita ere, Bilbo sortu zutenerako (1300) Begoña bazena. Baina, bi data horien artean ez dago bestelako arrastorik.

Edo bai. Begiratzen zaion arabera. Izan ere, Gabriel Henao jesuitak ‘Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria’ liburuan (1691n argitaratua) aipamen misteriotsua egin zuen. Garai hartan, Loiu aldean, galtzada zaharra haitzarte estuan barruratzen zen. Bertan, bidearen alboan, harritzarra zegoen, idazkunaz apainduta. Henaok bertan ondoko hau irakurri zuen: ‘Vecunienses hoc munierunt’, alegia, Vecuniatarrek egin zuten hau, latinez. Haren ustetan, horrek esan nahi zuen arroilako galtzada hura Vecunia izeneko herriko jendeak egin zuela.

Harrez gero beste batzuek (esate baterako J.E. Delmasek) jaso zuten bere lekukotza eta harri horren berri eman zuten. Baina, zoritxarrez, harria eta idazkunak galdu egin ziren. Inon irakurri dugu inguru hartako hargin batek erabili zuela agindu zioten lan baterako egoki-egokia zelakoan.

Hala ere, adituek, oro har, ez dute zalantza handirik. Aipua egiazkoa da. Benetako harria zen eta idazkuna ondo irakurri zuen aita Henaok. Hurrengo urratsa noizkoa den eta haren atzean ze errealitatea egon zen argitzea izango da.

Vecunia, Begoña ote?

Mikel Unzueta eta Fernando Fernandez arkeologoek 2003an artikulu interesgarria plazaratu zuten kontu honen gainean. Haien ustetan ez dago dudarik, Vecunia haren euskal ordaina Begoña da. Beraz, Vecuniatarrak, begoñarrak dira. Beste kontu bat da, oraindik argitzeko dagoena, ea Vecunia edo Begoña hori non zegoen, haren mugak Loiuraino ailegatzen ziren eta.

Galdera horri erantzuteko hiru aukera daudela pentsatzen dute. Batetik, Vecunia erromatarrek sortutako civitas –hiria– izan daiteke, itsasadarretan eta ibarretako behealdeetan egin zituzten horietako bat. Adibidez, Forua, Gernika ondoko herria. Bestetik, Burdin Aroan goialdeetan antolatutako herri harresiduna izan liteke, Mungiako Berreaga edo Bilbo ondoko Malmasinen erakoa.

Hirugarren aukera geroagokoa da, mendi magalaren erdialdean sortu ziren herri berrietako bat izatea. Basauriko Finagan edo Durangaldeko Momoition horrelakoak egin zituzten. “Izan liteke, Vecunia aipatu dugun leku horietako batean, edozeinetan, ostendurik gure zain egotea: Berreaga, Malmasin, Bilbo Zaharra, Begoña edo erabili ditugun hiri eredu horiei segika alderdi horretan egondako beste edozein”, ondorioztatu dute Unzuetak eta Fernandezek. Tartean da, jakina, Begoñako eliza bera. Haien ustez, leku egokia izango zen. Egongo ote da Vecunia zaharra Begoñako elizaren azpian?

Testua: H.O.

Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionala