Etxahun Arregi Pikabea: SketchUp! eraiki ezazu hiru dimentsiotan

bertonaldizkaria 2013ko mai. 8a, 12:15

Bizitzan aldaketa ugari izaten dira, etxe berri batera bizitzera joatea, familian jaioberri bat izatea edo hiriko bizimodua utzi eta nekazari izatea erabakitzea, adibidez.

Bizimodu aldaketa hauekin batera, normalean gurean obraren bat edo beste egin behar izaten dugu. Nola jakin dezakegu, ordea, burutu beharreko lan guzti horren emaitza zein izango den obra hasi aurretik?

Teknologia berriek eta hiru dimentsioko programek lagunduko digute honetan, SketchUp programak konkretuki. Ez izutu informatikan aditua ez bazara, gaur egungo mugikor superguai horiekin saltseatzen jakinez gero, ez baituzu arazo handirik izango proposatutako programa honekin ere.

SketchUp internetetik dohainik jaitsi dezakegun programa dugu. Etxeko sukalde berria birtualki eraikitzeko, baserrian egin nahi duzun oilategia egiteko edo etxe aurreko lorategia diseinatzeko erreminta paregabea da. Oso erabilera sinplea du eta baliabide anitzak ditu, hiru dimentsiotako forma geometrikoak modu errazean egiteko aukera emateaz gain, internetetik aurretik diseinatutako elementuak jaisteko aukera ere ematen digu horretarako daukan aplikazioarekin, hala nola, altzariak, igerilekuak, zuhaitzak, kotxeak eta burura datorkizun edozein elementu, baita pertsonen irudiak ere.

Beraz, honelako behar bat baduzu edo, besterik gabe, hiru dimentsiotako programek ikusmira sortzen badizute, hemen duzu neurri-neurriko erreminta.