"Suntsiketarik ez. Parque Europa no se toca" lelopean protesta burutu dute txurdinagarrek

bertonaldizkaria 2013ko mai. 21a, 17:31

Atzo arratsaldean parkeko arbola artean pankarta jarri zuten hainbat auzotarrek. "Suntsiketarik ez. Parque Europa no se toca" zioen. Aurtengo Aste Nagusian musika kontzertu handiak Txurdinaga parkean egitearen aurka agertu ziren. Sinadura bilketa abian dago.

Bilboko Udalak Txurdinagako parkean (Europa parkea) arbolarik ebakiko ez zuela adierazi bazuen ere, atzo goizean hasi ziren udaleko lorazainak arbolak ebakitzen. Bi moztu zituzten. Aurreikuspenen arabera, 21 moztuko dituzte. Pasieran zebilen jendea oso haserre zebilen kontzertuetako kokapenaren kontra maiseatuz. (Bideoa)

Arratsalderako auzotarrek protestaldia burutu zuten parkean bertan, arbolapean, "Suntsiketarik ez. Parque Europa no se toca" zioen pankarta zintzilikatuz. Izan ere, Txurdinagako auzotarrak Aste Nagusiko kontzertuek bai parkean bai auzotarren bizimoduan sortuko dituzten ondorioen beldur dira. Jon Benjamin Rabago bilbotarrak esaterako, sinadura bilketa abiarazi du udal erabakiaren aurka. Benjaminen arabera Europa parkea Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu eta Boluetako bizilagunek duten “gune berde bakarra” da eta halako jaialdi handi batek “kalte ugariak eta oso nabarmenak” eragin ditzake, hala nola, “hiri-ondasunen hausturak edota lorategien hondamendia”. Horrez gain, jaialdiak sortutako zikinkeria “oso arriskutsua izan daiteke” parkearen erabiltzaileentzat, adibidez, “beira-botila haustutak ume eta animalientzako”, dio Benjaminek.

Argudio horiei guztiei inguruko bizilagunek jasan beharko luketeen zaratak eta eragozpenak gaineratzen dizkio eta azkenean kontzertuak bertan egiteko erabakitzen badu zuhaitzik ez mozteko eskatzen dio Udal Gobernuari. Alternatiba gisa, gune itxi eta irekiak proposatzen ditu, Bilbao Arena, San Mames Barria, BEC, Zorrotzaurre, Boluetako Santa Anako zabalgunea, Kobetamendi edo Artxanda, besteak beste.

Udalak Aste Nagusiko kontzertuak Txurdinagako Europa parkera eramateko hartutako erabakiak polemika piztu du iragarpena egin eta berehala. EH Bilduk gogor gaitzetsi zuen aldaketa Jai Batzorde Mistoaren iritzia aintzat hartu gabe hartu delako.