Gainkostu gehiagorik ez egoteko, lanen kostua kontrolatzea eskatu du EH Bilduk. Metroaren 3. linerari emandako sostengua berretsi du koalizioak prentsaurrekoan.
Marian Beitialarrangoitiak, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea; Aitor Torrek, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea eta Helena Gartziak, Bilboko zinegotzia, auzoek jasaten dituzten eragozpenekin bukatzea eta lanek sortutako gainkostua handiak kontrolatzea eskatu dute. “Gure ustez, auzo hauetan bizi diren pertsonek denbora gehiegi daramatzate lanek sortutako kalteak pairatzen”, azpimarratu du Helena Gartziak.
Larrialdietarako zerbitzuek kale batzuetara sartzeko aurkitzen dituzten oztopoak, saltokien galerak eta etxebizitzetan agertutako arrailak aipatu ditu Gartziak. Aitor Torre batzarkideak lanen egoera eta hauen exekuzio data gainbegiratzearen garrantzia azpimarratu du; horretarako, Itziar Garamendi Garraio Saileko Diputatuaren agerraldia eskatu duela adierazi du.
Halaber, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari lanetara auzo-elkarteen eta EH Bilduko delegaritza baten bisita baimendu dezatela eskatu du.
Azkenik, Marian Beitialarrangoitiak EAJk eta PSEk lanen atzerapenetan eta hauen %80ko gainkostuan dituzten erantzukizun politikoetan egin du enfasia. Aditzera eman duenez, “Gasko Sailburuordearen kapritxoek 5.000.000€-ko gainkostua suposatu dute eta berraztertu daitezketen gastuak daude, San Nikolaseko geltokia adibidez, funtzionaltasunari estetikaren gainean lehentasuna emanez".