Eman eskua EMADAZU ESKUA-ri

bertonaldizkaria 2013ko eka. 10a, 12:53

Ezgaitasun neurologikoak dituzten umeen bizimodua ezagutzera eman nahi duen dokumentala da Emadazu eskua izenekoa. 14 urteko Itxaso eta bere familiaren egunerokotasun gogorretik abiatzen dena. Proiektua uste baino gehiago luzatzen ari da finantzazio faltagatik. Lantaldean diharduten mahatsorriek diru ekarpenak egiteko deia zabaldu nahi dute dokumentala bukatu ahal izateko.

 

Duela urte asko etorri zen Maier bere alaba Itxasorekin Elgoibartik Bilbora. Itxasok duen ezgaitasun neurologiko larria artatzeko zerbitzu hobea jasoko zuen itxaropenarekin. Itxasoren hobetzeko gaitasunean sinetsita zegoen. Maier “madre coraje horietako da”, dio Lorea Perez de Albeniz dokumentalaren gidoilari eta zuzendariak. “Beti aurrera egiten duena, beti umore onez dagoena, nahiz batzutan lur jota egoten den umearen gorabeherekin”. Bere lagunek Maierren adorea ezagutzen zuten arren, ez zuten ezagutzen bere eguneroko bizimodu gogorra. Aspace elkartera ama-alabak lagundu zituen egun batean konturatu zen Lorea bere lagunaren bakardadeaz. “Bere egoera zein injustua den konturatu nintzen; Maier oso bakarrik zegoela eta berea bezala beste familia asko zeudela”. Orduan erabaki zuen Loreak errealitate ezezagun hura ezagutzera eman behar zuela. “Jendeak jakin egin behar zuela”. Eta dokumentala egitea erabaki zuen. Ikus-entzunezko profesionala izaki, lantaldea erraz osatu zuen.

Lantalde inplikatua

Mahatsorriz josita dago lantaldea. Santutxuko umeek, esaterako, off-eko ahotsa jarri diete Eider Eibar ilustratzaileak dokumentalerako eginiko irudiei. Lantalde finkoak oso serio hartu du denboran asko luzatu den proiektua. Zailtasun ugari izan arren, “asko inplikatu” dira. “Euren lanordu ofizialetik kanpo ari dira orduak sartzen”, asteburutan lanean, kanpoan grabatzen. Besteak beste, taldekide asko guraso direlako eta gaiak gertutik ukitu dituelako. “Hau ez da produku komertzial bat, guk ez dugu hau dirua irabazteko egiten, eta zerbait irabaziko bagenu elkarteren bati emango genioke”.

Dokumentala egiten

Lehenengo zeregina Maierren onespena lortzea izan zen. Dokumentalak bere bizitza kontatzen baitu. Ez hori bakarrik, bere senideen onespena ere beharrezkoa zuten denek agertu behar baitzuten kamera aurrean. Eta “pozarren hartu dute proiektua, oso gustura”, batik bat Itxaso bezalako umeei laguntzeko proiektua delako. “Hamalau elkarrizketa egin ditugu eta hamalau istorio ezberdin lortu ditugu. Egoera berdin baten inguruan bakoitzak bere istorioa dauka, erabat desberdina gainera”.

Itxasoren grabaketak oso bestela egin dituzte. Sentsibilitate berezia du Itxasok, estimuluen aurrean bizkor urduritzen da, eta ahalik eta gutxien molestatzeko bere aitak grabatu ditu bere irudiak. “Kamera bat laga diogu, GoPro horietakoa, eta jo eta ke aritu da kameralari lanetan”.

Finantzazio arazoen gainetik

Duela bi urte dokumentalaren garapenerako diru-laguntza jaso zuen Emadazu eskua proiektuak. Iazko urrian, ordea, eskatutako bigarren laguntza ukatu zioten. ICAA, Eusko Jaurlaritza eta bestelako erakundeetako laguntzen murrizketak bete-betean harrapatu zuen. Proiektua une batez gelditu zen. Arre edo so egiteko unea zen Lorea Perez de Albeniz zuzendari eta Goiuri Aldekoa-Otalora ekoizpen zuzendariarentzat. “Hasieran gure asmoa zen lan honetara buru-belarri dedikatzea, baina diru-laguntzak etetean, ezbaian geratu ginen. Denok oso inplikatuta geunden ordurako eta aurrera egitea erabaki genuen”.

Bi hilera crowdfundingarekin probatzea pentsatu zuten. Interneten puri-purian dagoen dirua biltzeko sistema jendartea sentsibilizatu eta diru ekarpenak jasotzeko bidea izan da Emadazu eskuarentzat. Sare sozialetan eta komunikabideetan zabaldu dituzten berriek “inguruko jendea eta ingurukoen ingurukoak” crowdfundingean diru ekarpenak egitera bideratu ditu. Oro har, crowdfunding bidez laguntza eman dutenak “ezagunak” dira. “Proiektua bultzatzen dutenak gertutasuna sentitzen dutelako egiten dute”. Laguntzeko aukera desberdinak eskaini dituzte, eta trukean laguntzaile horiek, besteak beste, dokumentaleko kredituetan agertuko dira.

Atez ateko lana ere egin dute Loreak eta Goiruik. Non ez dira ibili dokumentalerako dirua eskatzen. Eta handik-hemendik jaso dute laguntzatxoa: Irizar autobus enpresarena, Galdakaoko eta Elgoibarreko Udalarenak… baina ekarpen txikiak izan dira eta ez dute behar beste diru bildu. Horregatik BERTON aldizkariaren bidez honako mezua zabaldu nahi dute: “Diru behar dugu dokumentala amaitzeko”.

Zabalpena

 “Jende guztiarengana heldu ahal den dokumentala egitea” izan da hasierako asmoa. Ez da dokumental zientifiko bat, modu erraz eta pedagokikoan uler daitekeen ikus-entzunezkoa baizik. Ezgaitasun neurologikoen gaia “oso konplexua” da. Horregatik animazioa eta umeen off-eko ahotsak erabili dituzte edukirik konplexuenak azaltzeko. Aurrerago, animazio atala bideo bihurtuko dute “umeei zuzentzeko”.

Maiatzerako espero zuten dokumentala bukatuta izatea, baina arazoak arazo, urrirako izango da prest. Aretoren baten proiektatzea nahiko lukete eta hezkuntza mudura zabaldu ahal izatea. Eta noski, gure jarerra aldatzera iristea: “Ezgaitasun neurologikoen mundua oso ezezaguna da gertatutasunik ez dugulako eta askotan zelan harremandu ez dakigulako, horregatik ez gara hurbiltzen. Familia horiek pixka bat aparte bezala bizi dira, nahiz eta hor egon, ez ditugu ikusten edo ez ditugu ikusi nahi. Errealitate oso antzekoa bizi dute gehienek. Lortzen baldin badugu jendek beste modu batera begiratzea gurpildun aulkian ezgaitasun neurologikoa duen ume bat kalean paretik pasatzean, sekulakoa lortuko dugu”.

 

emadazueskua.blogspot.com.es

Testua: L.M.

Argazkiak: Goiuri Aldekoa-Otalora