Santutxuko jaietan abiaraziko dute Udalak eta Auzotarrok sexu erasoen aurkako kanpaina

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 11a, 13:27

Jokatzeko eta sentsibilizatzeko jarraibideak zabaltzeaz gain, Auzotarrok elkartearekin eta merkatarien eta ostalarien elkarteekin batera, 100 kartel, 50.000 informazio-txartel, milioi bat ezpainzapi eta 450 binilo banatuko ditu Bilboko Udalak mota horretako egoerei aurre egiteko telefonoekin eta informazioarekin.

Bilboko Udalaren Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak, Auzotarrok elkartearekin eta Santutxu, San Ignazio-Elorrieta-Ibarrekolanda, Bilbo Zaharra-San Francisco-Zabala, Uribarri eta Zorrotzako merkatarien eta ostalarien elkarteekin batera, ekimen hau zabalduko du herritarrak modu aktiboan partaide izan daitezen eraso sexisten aurka uriko auzoetako jaietan.

Ekimen honen helburua da eraso sexistak saihestea eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea, eta uztailaren 13an sartuko da indarrean, Santutxuko jaietan, eta urriaren 6an bukatuko da, San Frantziskoko jaietako azken egunean. Esperientzia pilotua da, jaiak uztailetik aurrera ospatzen dituzten auzoetan egingo delako. Horrela, datorren urtean auzo guztietako jaietan egin ahal izango da. Hauek dira kanpainarekin bat egingo duten jaiak:

Santutxu (uztailaren 13tik 21era)

San Ignazio (uztailaren 24tik 31ra)

Bilbo Zaharra (uztailaren 25etik 28ra)

Uribarri (irailaren 20tik 29ra)

Zorrotza (irailaren 27tik urriaren 6ra)

Solokoetxe (irailaren 6tik 8ra)

Olabeaga (irailaren 7tik 15era)

Arabella (irailaren 12tik 15era)

Zaballa, Miribilla eta San Adrian (irailaren 13tik 22ra)

San Frantzisko (urriaren 4tik 6ra)

"Bai beti da bai. Ez beti da ez" kanpainak jokatzeko eta sentsibilizatzeko jarraibideak zabalduko ditu, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak Aste Nagusirako egindako eta bultzatutako protokoloan oinarrituta. Iaz, protokolo horrekin bat egin zuten Zazpi Kaleetako, erdiguneko eta Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabalako merkatarien eta ostalarien elkarteek. Zabalkunde hori zenbait agenteren laguntzarekin egingo da (Auzotarrok eta merkatarien eta ostalarien elkarteak); gainera, txosnetan 100 kartel jarriko dira lemarekin, kanpainako irudiarekin eta Udaltzaingoaren, GLUZ (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua) eta Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailaren telefonoekin. Horrekin nabarmendu nahi da errespetua eta askatasuna ezinbesteko elementuak direla jaietako giro ona bermatzeko pertsona guztien artean, batez ere emakumezkoen artean, eta horren kontrakoa dakarren edozein jokabide guztiz errefusatuz.

5.000 informazio-txartel aterako dira (150 txosna bakoitzeko), eta tabernetan eta dendetan hauek banatuko dira: milioi bat ezpainzapi, 45.000 txartel 24 orduko laguntzako telefonoekin (092 eta 112 Udaltzaingoa eta Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua), eta 450 binilo “Emakumeenganako indarkeriari ez/No a la violencia contra las mujeres” lemarekin.