Mahatserrian egingo diren hirigintza lanak Auzokide Planaren baitan

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 24a, 13:24

Lehentasunen artean daude Uribarri eta Zurbaran Goikoa auzoak. Inbertsioa 7 milioi eurokoa izango da. Otxarkoagan, Iturribiden eta Matikon elementu mekanikoak jartzeko plan berezi bat ere egongo da. Horretarako 3,5 milioi euro egongo dira.

2012-2015 aldirako Auzokide Plana

Hemendik aurrera hasita, datozen hilabeteotan, Obra eta Zerbitzuen Sailak urte anitzeko sei jarduketa handi hasiko ditu. Guztira horien inbertsioa 7 milioi eurokoa izango da.

Santutxuko Etxebarria etxaldea

Aurten eta datorren urtearen zati batean, guztiz eraberrituko dira Etxebarria etxaldeko plazak, auzoan egoteko leku egoki bat gehiago sortuz. Inbertsioa 1,5 milioi  eurokoa izango da.

Prim Aurrekoetxea aldea urbanitzatzea

Iturralde auzoko birika izango da alde hori. Gaur egun ez dago horrelako lekurik auzoan. Prim eta Aurrekoetxea kaleen arteko orubea urbanizatuta  umeentzako jolasgunea egongo da, baita adinekoak hortxe egoteko leku egokia ere. Inbertsioa 600.000 euroko izango da eta 2013. eta  2014.urteetan egingo da.

Atxuriko erabilera anitzeko espazioa

Atxurin erabilera askotako espazio bat sortuko da, kiroldegiaren osagarri. Proiektua aurten hasi eta datorren urtean amaituko da. Inbertsioa 1,3 milioi  eurokoa izango da.

Proiektu hauek guztiak eta Auzokide Planeko gainerakoak auzo bakoitzeko auzotarrekin adostuta daude. Horretarako agintaldian dagoeneko udalak 88 bilera egin ditu. Era berean, 238 proposameni buruzko eztabaidak burutu dira eta % 85k aurrera egin dute.

Goiko auzoetako plan berezia

Auzokide Planaren bidez, Obra eta Zerbitzuen Sailak auzoetan egiten duen inbertsioaz gain, arreta berezia eman nahi izan die goiko hiru auzo hauei: Masustegi, Uribarri eta Zurbaranbarri goikoari plan berezien bidez. Hiru auzoek guztira 7 milioi euroko inbertsioa izango dute eta lanak aurten hasiko dira. Hona hemen egingo diren lanak:

Zurbaranbarri eta Uribarri Goikoa: guztira 3 miloi euroko kostua. Jasokundeko, Uribarriko, Andra Mariko eta Zurbaranbarriko auzotarrek egindako hainbat eskaerari erantzun gura izan zaio proiektu bakarrean. 

Elementu mekanikoen Plan berezia auzoetan

Herritarrak auzoetako erdiguneetara joan daitezen, nukleo horiek auzoko bihotzak sortuz hobetzeaz gain, bertara joateko elementu mekanikoak jartzea aztertu da. Elementu horiek 2013an, 2014an eta 2015ean jarriko dira eta guztira 3,5 milioi euro inbertituko dira. Hauek dira:

Igogailu inklinatua Zabalbide-Iturribiden: Zabalbide kalea, Santutxu auzoko bizitza sozialaren gunea (Karmelo eta Santutxu kaleak) eta Iturribide kalea (Iturralde auzoa) lotuko ditu.

Matikoko igogailua, Funikularreko plaza: Orain dagoen igogailua hobetuko da.

Igogailua eta arrapala mekanikoak Otxarkoagan: Kepa Enbeita plaza Osasun Zentroarekin eta Merkatuarekin lotzeko helburuarekin.

50 milioi

Bilboko Udalak, Obra eta Zerbitzuen Sailaren bidez, ahalegin ekonomiko handia egingo du uriko auzo guztien arteko oreka handiagoa izateko eta uholdeen arriskua txikiagoa izateko. 50 milioi bideratuko dira zuzen-zuzenean uria hobetzera. Guztira zuzenean 300en bat lanpostu sortuko dira eta zeharka edo jarduketen ondorioz 400en bat.

Inbertsioetan ahalegin handi honen bidez Bilboko Udalak hauxe gura du: Bilbotarren bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa burutzen jarraitu, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuta; Zorrotzaurren jarduketa estrategikoa abian jarri eta aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzeaz batera Barne Produktu Gordinean modu positiboan eragin.

Inbertsioak zenbait ataletan sailkatuta daude. Hauexek dira: Auzokide Plana, goiko auzoetako plan bereziak, auzoetarako elementu mekaniko bidezko  sarbideak eta egiturazko beste jarduketa batzuk; hala nola, Deustuko kanala irekitzeko lanak, hurbil dauden itsasadarraren ondoko aldeetarako oso garrantzitsua eragin hidraulikoagatik eta uholdeen aurkako babesagatik. Guztira, 15 jarduketa handi izango dira, hainbat jarduketa txikirekin batera, uria eta bilbotarren bizi-kalitatea hobetzen eragin zuzena izango dutenak.

Obra eta Zerbitzuen Sailak auzoak etengabe hobetzeko lanari eutsiko dio, 2012-2015 aldiko Auzokide Planaren bidez. Honetan herritarrek badute parte hartzea. Gainera, Bilboko Udalaren tresna indartsu eta eraginkor bilakatu da. Zalantzarik gabe, gakoa dugu Obra eta Zerbitzuen Sailaren jardunean, barrutietako kontseiluek aurretik lehenetsitako proiektuen plangintza, garapena eta burutzapena errazten dituelako.

Auzo bakoitzeko jarduketak erabakitzeko eta lehentasunak jartzeko aldian-aldian bilerak izaten ditu udalak auzotarrekin, hauen eskaerak zeintzuk diren jakiteko eta erabakiak adosteko.

Auzotarren eskaerak, gehien bat, irisgarritasunarekin zerikusia izaten dute: pasabide beheratuak eta arrapalak egitea, eskudelak jartzea, eta argikuntza hobetzea. Hori dela-eta, Auzokide Plan guztietan argikuntza eta irisgarritasuna hobetzeko proiektu orokorrak egoten dira. Era berean, bideak zaharberritzea, aisialdirako eta bertan egoteko espazioak sortzea, parke eta berdegune berriak, auzoan ekonomia eta giro edo bizia sustatzeko auzoko erdigune edo bihotzak eratzea eta, azkenik, aparkaleku gehiago jartzea egoten dira eskaeren artean.

Argazkia: J.M. Martinez