Maskota bakarra izan ordez bi Sangutxu izan dira aurten Basarrate plazan. Ohiko buruhandiaz gain, Gazte Asanbladak tamaina handiko gomespumazkoa egin eta paratu du txosna gunean auzotarren gozamenerako. Argazki-kamera guztien jomuga izan da zalantzarik gabe.
Jai Batzordeak aurtengo Santutxuko jaien balorazio orokorra egin du. “Oso ona”, bi hitzetan esateko. Egun batzuk “flojoagoak” izan badira ere, beste batzuk “potenteagoak” izan direla eta, pozik dago batzordea.
Lehen egunean jende “piloa” urreratu zen Basarrate plazara. Batzuk goiz bakailao eta marmitako txapelketan parte hartzera. Beste batzuk beranduago, bazkaltzera edota koadrilen jolasetan parte hartzera. Kalejiran, esaterako, iaz baino “jende gehiago egon zen”. Arratsaldean, Tas-Tas irratiko lantaldearen pregoiak hunkitu egin zituen bertaratutako zenbait. Ez da gutxiagorako, 21 urtetan uhin piratak emititzen ibili ostean agur esan zieten santutxuarrei. Iluntzerako plaza bete-bete egin zen.
Astegunetako gastronomia txapelketak arrakastatsuak izan dira aurten. Bai astearteko paella eta sangria lehiaketa bai asteazkeneko tortilla eta postre lehiaketa. “Geroz eta gazte koadrila gehiago hurbiltzen dira Basarratera. Oso berri ona da”, Jai Batzordearen ustez. Eta sekulakoa bigarren larunbatean sukalki txapelketak izan duen parte-hartzea, La Zona jendez lepo betetzeriano. “Kristoren arrakasta” izan du. Hurrengo urtera begira, aurretik tabernariekin hitz eginez, gastronomia lehiaketak “auzo osora zabaltzea” da Jai Batzordeak buruan duen ideia.
Ostirala, kontzertu gaua izan ohi da Santutxun. Baina Leihotikan talde nagusiaren kontzertua bertan behera geratu zelako edo ekaitza bota zuelako ez zen Jai Batzordeak espero zuen jendetzarik hurbildu. Hurrengo egunean, aldiz, aurreikuspenak gainditu ziren eta “giro polita” izan zen txosna gunean.
Tas-Tasen pregoia
Santutxutarrok!
Sangutxu auzora etorri zaigu eta berarekin batera Santutxuko Jaiak!
Ospatzeko asko dugu, besteak beste, Jai Batzordeak urte osoan egiten duen lan handiaren fruitua. Pertsona eta talde askori esker, guk, Santutxuko auzotarrok, uztailean, Karmen egunaren bueltan, aste luzea jai giroan emango dugu. Ahalegin kolektibo eta partehartzaile bati esker sortzen dira Santutxu eta beste auzoetako jaiak, Udalak jarritako oztopo guztien gainetik. Eta ahalegin kolektibo eta partehartzaile bati esker sortu dira azken hamarkadetan Euskal Herrian hedabide herrikoiak. Santutxun ere izan ditugu hedabide horien ereduak, gure auzo ekintzaile eta aldakorraren berri emateko.
Duela 15 urte hasi zen Mahatserriko BERTON aldizkaria. Euskaraz, hilero, bertoko gaiak eta albisteak inguru hurbilean zabaltzeko. Kolaboratzaile, harpidedun eta iragarleei esker oraindik orain dirau BERTONek.
SANTUTXU ALDIZKARIA gutxiagok gogoratuko duzue. Familia elkartearen ekimenez sortu zuten Santutxuko talde askoren artean. 1976tik 1980ra argitaratu zen lehenengoz eta, formatu apalagoan, 1981etik 1984ra. Aldizkariak aletik alera egin zuen progresioa nabaria da.
ILUNA IRRATIA oso gogoan dugu, Santutxuko Familia Elkartearen egoitzatik, hor atzetik, emititzen zuen. Erreferentziala izan zen, Iluna; oso indartsua, auzotarrek eginiko programekin osatzen zen, asko eta asko goi mailako saioak, benetan.
Eta, beste irrati askoren artean, Iluna Irratiko errautsetatik sortu zen TAS-TAS irrati librea Prim kalean, duela 21 urte. Ibilbide luze eta emankorra egin ostean isilduko zaigu Tas-Tas irailean. Baina lehenago bere txozna jarriko du, urtero bezala, Bilboko Aste Nagusian.
Eta duela gutxi ere isildu egin da BILBOKO BRANKA. Bere ibilbidean zehar, Bilboko auzoetako errealitatea, tartean Santutxukoa, islatu du. Baina ez izan triste, eta gogoratu Mikel Laboaren abestia: gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak.
Izan ere, eginez egiten da bidea, aurrerako eta hoberako bidea, ezina egiteraino. Hurbileko komunikabideak, parte-hartzaileak, parekideak, euskaldunak oso beharrezkoak ditugu, gure egunerokoa eta egunez eguneko gure historia txiki bezain handia kontatu ahal izateko. Santutxu moduko auzo eredugarri baten historia kontatu ahal izateko!
Zaindu maite duzuen hori!
Zaindu ditzagun bertoko komunikabideak!
Zaindu ditzagun jai herrikoiak!
Gora Santutxuko jaiak!
Gora Sangutxu!
Testua: BERTON
Argazkiak: Iñigo Azkona - ARGAZKI GALERIA