Europa izeneko parkea

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 30a, 08:54

Txurdinagako Europa parkeak BERTON aldizkariari gutuna helarazi dio. Gaur bere aldeko hileta martxan elkartuko dira Aste Nagusiko kontzertuak bertan nahi ez dituzten parkeko erabiltzaileak.

Europa izeneko parkea

Europa naiz, parke gazte, maitagarri eta adeitsua nirekin ere hala direnekin. Zorionekoa naiz aurten 30 urte bete baititut. Pozik egon beharko nuke, baina ez nago pozik, triste eta arduratuta nago. Aurrerago azalduko dizuet zergatia.

Bilbo mendebaldeko bihotzean bizi naiz, Txurdinaga eta Otxarkoaga artean, Boluetatik gertu eta Santutxuren ondoan. Batzuek Bilboko birika esaten didate, beste batzuek, nire kokapenagatik, Txurdinagako Parkea deitzen didate auzoaren zati handia hartzen baitut eta, 1988an Europa Parkea bezala izendatu nindutenetik, auzotarren artean geroz eta presentzia gehiago izan dut. Ofizialki 1988. urtean jaio banintzen ere, aurretik ere existitzen nintzen.

Dena dela, izan 25 edo 30 urte, egun pozarren egon beharko nuke urteurrena ospatzen. Baina ez nago. Zergatik? Esango dizuet. Nire bizitzako azken hileotan gertatutakoagatik.

Bilboko Udalak eta udal gobernuak alde bakarreko erabakia hartuz Aste Nagusiko kontzertu handiak nire gainean antolatuko dituzte. Ideia zentzugabea iruditzen zait, natur parke naizen aldetik, ez Europa parkean eta ez beste edozein parketan ez dela kontzerturik egin behar pentsatzen dut.

Guzti hau Aste Nagusia gutxinaka pribatizatzeko aitzakia dela erakusten duten froga argiak dauzkat. Udalaren helburu bakarra auzokideak etengabeko protestan jartzea da, aurrerago protesta horiek Aste Nagusia erasotzen ari diren aitzakia gisa erabili ahal izateko, Udalaren ezarpenen aurrean defendatzen baino ez direnean ari.

Aste Nagusiaren pribatizaziorako beste froga argi bat Udalaren hautuetan aurki daiteke: kontzertuetarako aproposak ez diren espazioen bila ibili da. Horrela arrazoia esku-eskura izango du. Duela urte asko gertatzen da hori, Bilboko Udaleko gobernuaren kudeaketa ikustea baino ez dago.

Nire gainean burutzeko dagoen eraso krudelaren aurrean ni babestearen alde agertu diren auzotarrei eskerrak eman nahi dizkiet. Hunkituta naukazue, jakin baitakit zuetako askok pasealekua, elkartzeko gunea eta jolasteko gunea galduko duzuela. Horrezaz gain, badakit nire inguruan bizi diren animalia asko bizitzetik bizirauteko borrokara pasako direla. Hori ez da bidezkoa denok baitugu bakean eta ingurugiroa kaltetu gabe bizitzeko eskubidea eta betebeharra.

Ondotxo dakit, parke moduan kalteak jasango ditudala, nigan dagoen natura hondatuko dela. Kontzertuak egiteko bestelako espazio bideragarriagoak proposatu dituzte auzotarrek eta nire alde mobilizatu ere egin dira, eta esan didatenez aurrerantzean ere mobilizatuko dira. Baina esan beharra dut alternatiba guztiak 3. Barrutian izan diren batzar ugarietan erabat baztertuak izan direla.

Horregatik, ekimen batzuk aipatuko ditut bukatu baino lehen informatu eta parte hartu nahi duen guztiarentzat:

- Uztailak 30 asteartea: hileta martxa parketik udaletxera eta handik Sabin Etxera.

- Abuztuak 3: elkarretaratzea plaza Biribilean, informazio mahaia eta sinadura bilketa.

- Abuztuak 10: manifestazioa Bilbon zehar.

Europa parkea