Joan den maiatzeko azken egunetik, Algeciraseko espetxea atzean utzita, ezustean, berriz ere Otxarkoagan da Arantza Garbayo 17 urteren ondoren.
Zelan ikusten duzu auzoa?
Auzoa oso aldatuta dago. Ni joan nintzenean urbanizazioa egiteke zegoen. Denentzeko erosoagoa ikusten dut, adineko jendearentzako gehien bat, baina baita gazteentzako ere. Kotxe mordoa dago, baina agian bakoitzak bere lekua dauka. Sobera ikusten dudana zementua da. Gehiegi dago. Lehen mendia eta berdegunea zen nagusi. Gazte nintzela auzo osoa guretzat zen eta, leku batetik bestera ibiltzen ginen: menditik, plazetatik... Beste ikuspegitik, jendea eta, oraindik ez dut astirik izan ikusteko auzoa zelan dagoen benetan.
Zer duzu faltan?
Adina… kar, kar! Gogoratzen dudan garaiaren arabera, gauza batzuk edo besteak ditut faltan. 70-80 hamarkadetan auzoan zegoen bizitza, dinamikak… orain ez dago horrelakorik. Ezberdin bizitzen ari gara. Faltan ditut auzokide batzuk, adinagatik, bestelako arrazoiengatik, guretzat erreferente izan direnak eta desagertzen joan direnak: Torri, Txema, Kartolas, Rafaela...
Zelakoa izan da zure bizimodua egun hauetan?
Bizitza normala egiten saiatu naiz, denborarekin, nire helburuen araberako bizitza egiten. Kartzelan 17 urte helburu bategatik egon naiz; orain, kalean, saiatuko naiz helburu hori lortze bidean borrokan jarraitzen modu batean edo bestean. Bizitza arrunta, eta auzokide bezala, auzoko elkarte batean edo bestean integratzen, eta auzoaren alde lan egiten, Euskal Herriaren alde.
Zer pasa zitzaizun burutik kalera aterako zinela esan zizutenean?
Jokoz kanpo geratu nintzen. Banekien ateratzeko aukera bazegoela, baina 2006tik daramaten dinamikarekin ezin dugu kontatu irteera data finko batekin. Izan ere bada jendea 2006tik kalean egon behar zena eta oraindik espetxean dagoena. Orduan, ikusten duzunean liquidación de condena batean data bat, guretzat horrek jada ez du ezertarako balio. Prestatuta gaude hori onartzeko eta egoera horri buelta emateko. Nik banekien nire irteera data noiz zen; ez irten naizen egunekoa. Baina ez nuen espero ez batean ez bestean irtetea. Sentimendu oso kontraesankorrak dira. Alde batetik, ezin sinestu, kristoren poza, eta beste aldetik kristoren angustia, pena handia ere, zu ateratzen zarenean hor zer usten duzun pentsatzen duzulako. Eta orain kartzelan dagoen egoera ezagututa, angustia gehiagorekin.
Zelakoa izan da irteera?
Zorte ona daukat. Kristoren babesa eta betiko lagunak izan ditut ondoan. 17 urtez nirekin egon direnak. Haiek gabe horrenbeste urte hor ezin izango nuen... beno, bai, ahalko nuen, helburuak hor segitzen duelako. Baina errazagoa egiten da babesa izanda. Betiko lagunak bisitan eta gutunetan izatea laguntza handia da kartzelan zaudenean. Ilusioa eta indarra ematen dizu.
Txoke handia izan da?
Benetako txokea kartzelara sartzea da. Jendeak esaten dit “honekin aluzinatzen ibiliko zara?” Bada, ez. Benetan aluzinatu nuen kartzelan sartu nintzenean. Dispertsioarekin gu gure herritik, gure mundutik ateratzea, urruntzea eta auzoaren parte, koadrilen parte ez izatea nahi dute. Senideentzako zigorraz gain, fisikoa, psikikoa zein ekonomikoa da zigorra. Heriotzeraino, batzuetan. Baina ez dute lortu. Eta hori argi ikusten da ateratzen zarenean. Gauza asko aldatuta daude, baina gutxi gorabehera, hor egon zara, parte hartzen, ahal den neurrian.
Bestelako laguntza badago, ezta?
Hor dago kideen talde bat, Harrera izenekoa, eta horrek asko errazten ditu tramite guztiak. Baita alde afektiboan eta humanoan ere; eskertzen da hor egotea. Beharrezkoa da Harreraren lana, eta asko eskertzen da.
Testua: Itxaso Perez / Otxarkoaga