Gazteen arteko harremanetan sentipenak gorabeheraka ibili ohi dira. Sentipen horiek baliatzen ditu Oier Santosek "Ez zuten erantzun" (Erein, 2012) bere lehen eleberriaren trama iluna harilkatzeko.
Errenteriarrak sei laguneko koadrila bat aurkezten digu (Ela, Danel, Jaitz, Garazi, Nikole eta Hodeik osatua) haien egunerokotasunean dituzten harremanak azalduz. Bakoitzaren interes eta motibazioak zertxobait ulertu ditugularik, misterioaren atea danbatekoz irekitzen du Santosek hile gutxiren buruan koadrilaren egoera guztiz aldatu dela erakusten digunean.
Momentu kritiko batek baldintzatzen ditu kapituluak. Momentu kritiko horren aurretik eta atzetik deskribatzen diren egoeren ezberdintasunak piztuko ditu zalantzak gugan, irakurtzen jarraitzera behartuz, ezusteko amaierara heldu arte. Bidean, etengabe eztenkatuko du gure gogoa galdera sinple batek: Zer gertatu zen urriaren zazpi hartan?
Tentsioa orrialdez orrialde barreiatzen da: traizioak, ezkutuko sentipenek eta amodioaren ezak erraz sutzen den polbora eratzen dute gugan, gure hipotesien txinpartik txikienak piztu dezakeena.
Gazteen kontuek eta karga dramatikoak batzuetan trama lausotu badezakete ere, tentsioa egoki mantentzen da autorearen estilo arinari esker, hori izanik garrantzitsuena intrigazko eleberri batetan orrialdeak jan eta jan aritzeko. Horrela bada, uda honetan gazteek edo intriga maite duen edonork gustura hartuko duen liburua da Ez zuten erantzun, zalantzarik gabe.
Testua: Ander Gezuraga