Alain Urrutia "Gabrielen Lekua" disko-libururako sortzen ari den iruditeria

bertonaldizkaria 2013ko ira. 2a, 17:50

Urrian argitaratu asmo duten GABRIELEN LEKUA disko-liburua  prestatzen ari da lantalde zabala. Alain Urrutia artista mahatsorriak lehen irudi bat argitaratu berri du Gabriel Aresti kultur elkartearen web orrian.

Olerkari bilbotarra omentzeko ekitaldi “bereziena eta sonatuena” Gabrielen Lekua deritzan sentikaria izango da. Andoni Egaña bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta antzerkigileak egingo dute gidoia, musika Rafa Ruedak jarriko du, eta Alain Urrutia artista arduratuko da ikus-entzunezkoetaz. Hala, antzerkia, bertsoa, musika, eta irudiak nahastuz idazle klasikoa iraganetik gerora eramaten saiatuko dira lau sortzaileak. Arestiren bizitzan funtsezkoak izan diren lekuak eta haien inguruabarrak ezagutzeko parada ezin hobea izango da.

Ikuskizunak ordu eta erdiko iraupena izango du. Aurre estreinaldia urriaren 12an egingo dute Donostiako Intxaurrondoko kultura etxean, eta estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian izango da urriaren 29an.

INFO + GABRIEL ARESTI KULTUR ELKARTEA