Europa parkeko erabiltzaileek kexak aurkeztu eta protestak iragarri dituzte

bertonaldizkaria 2013ko ira. 13a, 12:12

Bilboko 3. eta 4. barrutian zein Udal Erregistro Nagusian kexa bana aurkeztu du Europa Parkea Bizirik kolektiboak Aste Nagusiko musika kontzertuek Txurdinagako parkean sortutako kalteengatik. Aurrerantzean, hileko lehen ostegunetan kontzentratuko dira.

Ez da leku "egokia" Europa Parkea ez Aste Nagusiko kontzertuetarako ez antzeko ekitaldietarako. Eta horrela jakinarazi dio Europa Parkea Bizirik kolektiboak bai Jaietako zinegotziari bai Hiritarrekiko harremanetarako arduradunari. Parkeak Aste Nagusian sufritutako "beharrekoa ez zen" kaltearen ondorioz, bertako fauna eta flora "arrisku egoeran" daudela salatu du hainbat froga -dokumentazioa eta argazki- gaineratuz.

Itziar Urtasun jaietako zinegotziari galdera ugari luzatu dizkio kolektiboak aurkeztutako kexetan.

Besteak beste:

- Zelan konpentsatuko du Udalak lore, zuhaizka eta zuhaitzen galera?

- Zenbat balio izan du parkeko gune zehatz batzuk hesitzea? Gune berdeetan makinekin lana burutu ezinik, zenbat balio izan dute "gehiegizko" garbiketako langileek?

- Zergatik ez da segurtasun plan "egokirik" egon, "Udalak esan bezala?"

Galdera hauei eta beste batzuei erantzuteko eskatu dio kolektiboak Urtasun zinegotziari. "Eposta bidez edo hurrengo barrutiko bileran". Hurrengo barrutiko bilera dela eta, Europa Parkea Bizirik kolektiboak "non, noiz eta zein ordutan" egingo den jakin nahiko du, adierazi duenez "bilera egitekoa dela baino ez baitakigu".

Hitzorduak

Parkearen defentsak aurrera jarraitzen duen mezua zabaldu nahi du kolektiboak Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu eta Boluetako auzotarren artean: "Kontzertuen zamatik gure parkea askatzeko dugun gogoa mugagabea baita". Hori dela eta, aurrerantzean hilero, hileko lehen ostegunetan, kontzentarzioak deitu dituzte parkean bertan.

Urriaren 3rako deitu du lehen elkarretaratzea Europa Parkea Bizirik kolektiboak; 17:00etan kioskoan.

Bigarren hitzordua azaroaren 7an, 17:00etan, parkeko kioskoan.

2013ko azken kontzentrazioa abenduaren 5ean, 17:00etan, parkeko kioskoan.

INFO + EUROPA PARKEA