Bertsolari Txapelketa Nagusian Estiballes eta Bartra lehiatuko dira

bertonaldizkaria 2013ko ira. 18a, 12:01

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa irailaren 29an hasiko da eta abenduaren 15ean amaitu. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren txapelketa da honakoa.

14 saiok osatuko dute 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Amasa-Villabonan abiatuko da eta hirugarren aldiz Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren jokatuko da finala.

43 bertsolari izango ditu aurtengo edizioak. Horiekin batera, 14 lagunek osatzen dute gai-jartzaile taldea eta 16 izango dira epaile lanetan arituko direnak.

Lau urtetik behin jokatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusiak oihartzun zabala izaten du. Hala ere, hori bezain inportantea da zurrunbilo horren azpian dagoena zer den begibistatik ez galtzea.

Azken finean, bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, hori da Txapelketaren sekretua. Egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla da.

Parte-hartzea

43 bertsolarik hartuko dute parte: 2 Arabatik, 11 Bizkaitik (Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra mahatsorriak, tartean), 21 Gipuzkoatik, 4 Nafarroatik eta 5 Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik.

2009eko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek dute Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Andoni Egañak uko egin dio parte-hartzeari, eta aurrekoan finalean aritu zenez, ez da inor sartu haren ordez. Iñigo Izagirrek ere uko egin dio, eta Iñaki Zelaiak ordezkatu du.

Txapelketa interneten

Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak.

www.bertsozale.com: 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du. Txapelketari dagokion informazio osoa izando da bertan: parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak...

www.bertsoa.com: Bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria.

Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan: saio guztietan bildutako hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak, parte-hartzaileei egindako elkarrizketak, eta kulturgintzako eta adituen asteroko gogoetak eta iritzi artikuluak.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia sare sozialen bitartez ere segitzen ahalko da, facebook eta twitteren. Azken honetan #btn13 traola erabiliko dugu Txapelketaren berri emateko.