Oso kezkatuta daude Solokoetxeko auzotarrak auzoan dauzkaten telefonia antenen ondorioekin. Igogailuko teilatuan kokatuta dauden antenek ume eta gazteen osasunean sor ditzaketen kalteengatik batik bat.
Solokoetxe BHI ikastetxean ikasleek jasaten duten erradiazioa neurtu asmoz irratifrekuentzien neurgailua ezarri berri du Udalak. Auzoan zehar antenen auzia salatzeko kartelak ipini dituzte eta nahi duenak Solokoetxe Kultur Elkartean (Solokoetxe 12) informazioa jaso dezake.
Gaur, irailak 26, Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziarekin elkartzekoak dira Solokoetxeko auzo elkarteko presidentea eta ikastetxeko bi guraso.