Irailean jai-jai

bertonaldizkaria 2013ko ira. 30a, 10:20

Asko dira gurean irailean jairik jai ibili diren auzoak. Ondo pasatzeko aukera ugari egon da Mahatserrian lekuan lekuko Jai Batzordeen lanari esker.

 

Solokoetxeko jaiak

Jaietan asteburu euritsua izan duten arren, balorazio “bikaina” egin du Solokoetxeko Jai Batzordeak. “Umeak primeran, nagusiak ederto eta auzo guztia itzel” ibili da. “Umorerik ez da falta izan” Solokoetxen aurtengo jaietan. Pregoilari paregabea izan dute gainera, Karmele Larrinaga aktorea eta bere ondoan aurten berritutako Solokotxon maskota ibili da batera eta bestera. Nahiz eguraldi nahasia izan “paregabea izan da lanean ibili diren auzotarren jarrera”. Jai Batzordearen esanetan “eskertzekoa da”. Kontzertuak, trikitilariak, tailerrak, ipuin kontalaria, espektakuluak... denetik izan da. Ekitaldien artean azpimarratzekoak dira: herri bazkaria, 100 urteko auzotarrari egindako omenaldia eta Bizi-Nai dantza taldearen emanaldia. Desagertu ostean, berpizten ari baita Bizi-Nai Solokoetxen.

 

Mallonako jaiak

Auzoaren erantzuna “izugarria” izan da Mallonako jaietan. Egitarau zabalagoa prestatu du aurten Jai Batzordeak, hiru egunekoa, eta txiki zein handien neurrira oso ondo egokitu da. Balorazioa beraz “oso baikorra” egin dute. Hasi ez ziren nahi bezala hasi. Ibai Gomez Athleticeko jolakari eta pregoilariak ezin izan baitzuen bertaratu. Ines auzotar gazteak eta Dani auzotar beteranoak bota zuten azkenik pregoia. Larunbatean “harrituta” utzi zituen marmitako lehiaketako partaidetzak antzolatzaileak. 20 urtetan jairik izan gabe eta 17 lapiko aurkeztu ziren. Bazkarian 130 pertsona batu ziren. “Flipatzekoa da”, diote. Igandean lehen aldiz antolatu zuten kaltzadetara igoera. Lehenik txikiek parte hartu zuten eta nagusiek gero. 30 pertsonak guztira. “Oso bizkorra izan zen, bitxia”. Auzoarekin “lotura zuzena duten kaltzadak” izanik, hurrengo urtean ikusle eta partaide gehiago izatea espero dute. Eta jaiak bukatu ostean, 10 auzotar berri Jai Batzordean lanerako prest azaldu dira. Aurrerantzean izango duten erronka batzordearen funtzionamendua antolatzea da.

 

Matiko eta Uribarriko jaiak

“Oso, oso, oso ondo”. Horixe da Aldapan Gora koordinakundeak aurtengo jaien inguruan egin duen balorazioa. Besteak beste, gero eta talde gehiagok parte hartzen dutelako jaien antolaketan. Esaterako, sardinak erretzen, txosnako txandak betetzen edota mahaiak ipini eta kentzen. Auzoko dendarien elkartea izan da aurtengo partaide berrietako bat. Galtzontzilo eta kulero lasterketa, guarrindongada saioa zein mauken merkatua antolatu ditu. Izan da berrikuntza gehiago ere, umeen gunean jolas egokituak izan baitituzte lehenengoz eta jolas horiei esker ikasi dute txikienek pertsona askok egunero zelako trabak gainditu behar dituzten.

Jaien hasiera une berezia da Uribarrin auzotar ugari batzen baita mozorrotuta eta animotsu. Aurten, adibidez, Uribarri konpartsak 70eko hamarkadako dantza berreskuratu du eta kartoi bandarekin batera dantzatu du. Pregoia Uribarri eskolako kideek bota zuten ikastetxearen 105. urteurrenean eskolako landan bertan. Irola Irratikoek iaz bezala plazatik egin zuten irratsaioa auzotarrak bazkaria prestatzen ari ziren bitartean. Bazkaritan 360 aulkiak ez ziren nahikoa izan guztientzat. Bazkalosteko karaokea oso arrakastatsua izan zen eta, giroa bero, Korrikako flashmoba errepikatu zuten, grabatu gabe oraingoan, “ondo pasatzeko”. Poteoa, kanta saioak, dantza sesioak, kontzertuak –Zarama taldearekin “nagusiak emozionatu” ei ziren–, pintxo eta bakailao txapelketa eta abar “oso, oso, oso ondo” kategoriara iritsi arte.