uriola.eus

Uribarriko Auzogune Egitasmoa, auzo bizitzaren premia

Uribarriko Auzogune Egitasmoa, auzo bizitzaren premia
None

Bizitza zein mugimendu sozialari dagokionez beti izan da aberatsa Uribarri auzoa. Hainbat dira bertako kultur zein giza eskaintza urteetan sustatzen aritu diren elkarteak. Hala ere, horri erantzuna emateko eraikin gabezia nabari da auzoan. Horregatik, Matikoko 6. zenbakiko Irazabal eraikinaren erabilpena eskatzen duen Uribarriko Auzogune Egitasmoa abiatu zuten apirilean hainbat eragilek.

"Auzoan talde asko daude, eta gehienek ez dute leku fisikorik", azaldu du Naia Gomez Auzolan ekimeneko partaideak. Egoerari irtenbide bat aurkitzeko asmoz, auzoko hamasei talde eta asoziaziorekin batera Uribarriko Auzogune Egitasmoa sortu zen. "Helburua eraikina erabiltzea da, ez haren propietatea eskuratzea", argitu du Gomezek. Horretarako gestio elkarbanatua oinarri hartuko luketela gehitu du uribarritarrak.

Dena den, egitasmoa ez da auzotarrek eraikinarekin izan duten lehenengo kontaktua. 50 urte baino gehiago hutsik zeramatzan Irazabal eraikinak, eta iaz, auzoko hainbat pertsonak okupatzea erabaki zuten. Patakon izenpean, eraikinari erabilera soziokulturala ematea zuten helburu. Baina horiek kanporatu egin zituzten eta ostean, eraikineko jabe zen familiak udalari eman zion haren jabetza.

Naia Gomezek adierazi duenez, gune fisikoaren gabeziari elkartasunarekin egin izan diote aurre orain arte. "Ekintza ugari kalean gauzatzen dira, baina batzuetan hori ezinezkoa izaten da eguraldiagatik edo eginkizunaren izaeragatik aitortu du uribarritarrak. Maiz auzoko elkarte zein taldeek elkar laguntzen dute kokalekua erraztuz, Uribarriko Gau Eskolak Artxandape ikastolan ematen ditu klaseak esaterako". Elkartasun hori berebizikoa izan dela azpimarratu du Gomezek, zentro zibikoaren ordutegiak (astegunetan bederatzietatik aurrera zein asteburuetan itxita egoten da) ez baitio auzoko taldeen beharrei erantzuten. Talde zein elkarte horietako kideak orokorrean bestelako lanbidedun boluntarioak direla, eta hortaz, ordu horiek ezinbestekoak dituztela ere gehitu du Auzolan ekimeneko kideak.

"Uribarriko Herri Mugimenduak Udalari zuzentzen dion eskaera ez da besterik gabe eraikin bat erraztea azaldu du Gomezek, landuriko zein borobilduriko proiektu honen bidez, argi dugu Irazabal eraikinaren sotoa, zein beheko eta lehenengo solairuak (hiru pisu horien erabilera eskatzen da, ez eraikin osoarena) direla arazoa konpontzeko gakoa". Auzolan ekimenak solairu bakoitzaren erabilpena zehaztu zuen proiektuaren aurkezpenean: eraikinaren sotoa material bilketa zein mantenimendu-tailerrerako; beheko solairua 200 pertsona inguru biltzeko gai izango den areto modura; eta lehenengo solairuko gelak erabilera anitzetarako (Gau Eskolako klaseak, entsegu gela, bilera gela...).

"Uribarriko Auzogune Egitasmoa talde zein elkarteek daukaten leku fisiko gabeziari konponbide aproposa dela aldarrikatzeko arrazoietako bat elkartasunak auzoan jadanik lortu duen onuran datza", adierazi du Naia Gomezek. Uribarritarrak zentzudunagoa deritzo Irazabal eraikinean biltzeari talde bakoitzak egoitza propioa izateari baino: "Eraikinari orain arte eman ez zaion erabilera zuzenduko litzaioke, eta gainera, elkarteak beraien munduan isolaturik egotea ekidingo litzateke".

Udalak Irazabal eraikinaren jabegoaz baliatuz, teknologia eta arte inguruko entrepresen sorburarako egitasmoa bertan kokatzeko asmoa adierazi zuen. Bereziki gazteei zuzenduriko proiektu hori kontraesankorra da Udalaren egungo ildoan, gazteentzako enpresa-guneak hainbat auzotan itxi dituenean (Santutxukoa kasu).

Hala ere, Naia Gomezen esanetan, auzotarrek ez dute uste hori eragozpena denik: "Proiektu biak bateragarriak ez ezik osagarriak ere badirela deritzogu". Eraikinak bi egitasmoak bildu ahal izateko besteko azalera baduela (900m2) azaldu du uribarritarrak. Horrez gain, taldeak adierazi duenez, erabilera ordutegiak ere ez lirateke bat etorriko. Izan ere, Udalaren proiektua ordutegi komertzialean gauzatuko litzatekeen bitartean, Auzoguneko erabiltzialeak bereziki arratsalde zein asteburutan arituko liratekeen boluntarioak dira. Elkarlanerako prestutasuna ere adierazi da Uribarri Auzolaneanetik: "Talde barruan dauden elkarteetako batzuetan esparru ekonomikoa jorratzen da, auzoko komertzioekin bereziki; eta esperientzia hori Udalak proposatzen duen e-bussiness egitasmoetan erabilgarria izan daiteke".

Aniztasun oparoa

Maiz, "herri mugimenduaren eskaintza" zein "bizitza soziala" moduko kontzeptuek barne hartzen duten aniztasuna anbiguoa izan daiteke. Uribarriren kasuan aniztasun hori oparoa da egun. Euskararen sustapena bultzatzen duten Uribarriko Gau Eskola edo Tanttaka Euskara Taldea, zein jai eta ekintzez arduratzen den Aldapan Gora Kultur Koordinakundea ditugu adibide. Uribarriko Gazteek, esaterako, koadrilen arteko ezagutza, bideo forum zein tailerrak, edo auzoko musika taldeen plazaratzea bultzatzen dituzte, besteak beste. Aldi berean, Goizaldi Eskaut Taldeak baloreetan oinarritzen den aisialdi heziketa eskaintzen die auzoko neska-mutilei. Naturarekiko harremana ere nabaria dela esan daiteke, Uribarri KastaƱos Ortuari Goxuak Elkarteak akroekologian lan egiten duelarik, Auzoko Baratzak (Desazkundea) nekazaritzaren nondik norakoak erakusteaz arduratzen da interesa duen orori. Gailurra Mendi Taldeak ordea, mendi kirola bultzatzen du. Horrez gain, eredu alternatiboak aldarrikatzen dituzten Uribarriko Maitzak 15 mugimendua zein eredu neoliberalaren jarrerari uko egiten dion Uribarritzen Kolektiboa ere badaude. Talde ezberdinak diren arren, helburu berberak batzen ditu, Irazabal eraikinaren erabilera eskuratzea hain zuzen.

Uribarri Auzolanean taldean badakite hala ere, ez direla auzo osoaren ordezkariak; eta beraz ez dute Auzogunea bereganatzeko intentziorik. "Etxebizitza bateko bizilagunek batzarra egiteko lekua beharko balute adibidez, Auzogunea hor izango lukete", adierazi du Naia Gomezek. Noski, behin egitasmoa gauzatzean ordutegi eta sistema bat antolatuko lirateke. "Ideia gune irekia osatzea da, zeinetan talde zein indibiduoek beraien ekintza eta proiektuak aurrera eramateko lekua izango duten". Horregatik, "laguntzeko prest dagoen edonor gurekin kontaktuan jartzera zein auzoko jaietan sinadura bilketan parte hartzera animatzen dugu". Blog kontaktua ere erraztu du Auzolanean ekimeneko partaideak.

INFO + http://uribarriauzolanean.wordpress.com/proyecto-auzogunea/

Testua: Gorka Lopez

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa