Trafikoaren barruan bizikletaz modu seguruan ibiltzeko ikastaroak

bertonaldizkaria 2013ko urr. 8a, 13:59

Ikastaroak doakoak izango dira eta parte hartzaileek hirian, bai bizikletaz ibiltzeko egokitutako lekuetan, bai bestelako hiri-sarean, segurtasuneko baldintzarik onenekin zirkulatzeko trebetasunak landuko dituzte.

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak eta Eusko Jaurlaritzak, Euskal Energiaren Erakundearen (EVE) bidez, gaurtik, martitzena, barikura arte; hau da, urriaren 11ra arte, bost ikastaro antolatu ditu bizikletaz trafikoan ibiltzeko teknika hobetzeko edo ikasteko.

Ikastaroak zabalik daude bizikletaz segurtasun-baldintzarik onenetan ibiltzen ikasi nahi duten bilbotar guztientzat. Bizikletaz ibiltzen dagoeneko jakin arren, hirigunean ibilgailua hau erabiltzeko segurtasunik eza sentitu eta trafikoaren egoera konplexuagoetan konpontzen ikasi nahi duten pertsonentzat antolatu dira ikastaroak.  Iaz 11 ikastaro egin ziren, urritik azarora bitartean, eta 160 parte-hartzaile egon ziren. Nota ona eman zioten ikastaroari egindako balorazioan.

Bilboko Udalak eta EVEk jakin badakite bizikleta hirian erabiltzeak balio itzela duela pertsonak garraiatzeko eta espazio publikoak gizatiartu eta atseginago bihurtzeko   Bizikletaren erabilera handitzeak hiriko bizi-kalitatea benetan hobetzen laguntzen du. Horretarako, bizikletaren erabiltzaileek zentzudunak izateaz gain, bakoitzak bere segurtasuna zaintzen jakin behar du eta oinezkoekin errespetuz jokatu.

Trebakuntzako programa honen helburua bizikletan ibiltzen direnei hirigunean (bidegorrietan nahiz beste bideetan) segurtasuneko baldintza onenetan ibiltzeko behar dituzten trebeziak eskuratzeko aukera ematea da, beste ibilgailuekin espazioa konpartitzeko aukera emanez.

Ikastaro bakoitzak dirauen ordu bi eta erdian parte-hartzaileek bizikleta erabiltzeko behar diren oinarrizko trebeziak dituztela egiaztatzen da. Jarraian, gero eta zailagoak diren ariketak egiten hasiko dira, besteak beste, hurrengo alderdiak berrikusiko dira: kalean ibiltzeko posizioa; erabiltzaileen artean seinaleztatzeko eta komunikatzeko teknika egokia; bidegorrietan eta kale arruntetan ibiltzea; bidegurutze-mota desberdinetan zirkulatzea eta biribilguneetan birak egitea; eta trafiko ugari dagoenean ibiltzea eta aurreratzea.  Prestakuntza horretan parte-hartzaileek ibiltzeko duten estiloa berrikusi eta norberak dituen zalantzak argitzen lagundu nahi dute.

IKASTAROARI BURUZKO INFORMAZIOA

Egunak: urriaren 8an, 9an, 10ean eta 11n.

Ordutegia: 17:30etik 20:00etara. Urriaren 11n baita 10:00etatik 12:00etara ere.

Gutxieneko adina: 16 urte

Iraupena: 2h30’ (ordu bi eta erdi)

Prezioa: doan

Bilgunea: Itsas Museoaren Lautada (Bilbon Bizi leloa duten Euskalduna zubipeko edukiontzi errotulatuen ondoan).

Izena emateko: 010 edo 944 010 010 udalaren informazio telefonoan, ikastaro bakoitza hasi baino lehenago.

Norbere bizikletaz edo Udalak maileguan uzten dituenetako batean egin daiteke ikastaroa. Izena ematean, beren beregi azaldu behar da zein bizikletaz egingo den ikastaroa.