Begoñako Amari eskainitako liburu ezezaguna: 'Begoña'ko Ama, kantak eta edestia' (1979)

bertonaldizkaria 2013ko urr. 8a, 17:20

Begoñako Ama Birjinari eskainitako kantak eta santutegiko historia batu zituen aita Santi Onaindiak 1979an atondutako liburuan. Lan mardula izan arren, idazkia ez zuten inoiz argitaratu. Hala ere, gaur egun interneten dago, nahi duenaren esku.

 “Auxe da gure Ama, idazle ta olerkariak gogoz abestua”. Holan azaldu zuen aita Santi Onaindiak 1979 urte aldean atondu zuen liburua, 'Begoña'ko Ama, kantak eta edestia'. Izan ere, arlo biak jorratu zituen idazlan horretan. Alde batetik, santutegiaren historia eta haren gaineko xehetasunak eta, bestetik, Begoñako Amari eta, oro har, Andra Mariari eskainitako bertso eta olerkiak.

Liburua ez zen inoiz argitaratu. Noiz egin zen zehazteko, aita Onaindiak berak 1979ko otsailaren 5ean datatu zuen. Gainera, beste xehetasun garrantzitsu bat eman zuen, noiz eta zergatik egin zuen argitze aldera: “Igaz (1978) bete ziran 75 urte Begoña'ko Ama Bizkaiko Zaindari Nausitzat izentatua izan zanetik”. Urteurrenaren ospakizunen ostean, “illunabar baten bilbotar apaiz bi etorri yatazan niri mesede eske, Begoña'ko Amaren kanta liburu bat osotu bear nebala esanaz. Eta esku artean daukazuna dozu”, argitu zuen. Liburua, esan bezala, ez zen inoiz argitaratu, baina Euskerazaleak elkartearen webgunean dago, edonoren eskura pdf formatuan, nahiz eta dena ondo irakurtzerik ez dagoen. Hona hemen helbidea: www.euskerazaleak.biz/?module=AitaSanti

Liburuak lau atal ditu: Begoñako Ama Birjina Bizkaiko historian, Begoñako Andra Mariaren koroatze ekitaldia (1900), Bizkaiko Zaindari izendapena (1903) eta 75. urteurrena. Horiek historia atalak dira, Santi Onaindiak berak landu eta taxututakoak. Bakoitzaren ostean, olerki sorta luzeak paratu zituen, batzuek beren-beregi Begoñako Amari eskainitakoak eta besteak, oro har, Ama Birjinari.

OLERKARIAK

Arakatze lanetan aditua zen aita Santi Onaindia, gure literatura goitik behera miatu eta lehenengo antologiak argitaratu zituen gizona baitzen. Esate baterako, ospetsu-ospetsua izan zen bere Mila Olerki Eder (1954) liburua, non euskaraz egindako poesia miatu eta alerik preziatuenak hautatu baitzituen. Euskal literaturaren ezagutzaren zabala ‘Begoña’ko Ama, kantak eta edestia’ honetan ere antzeman daiteke, bertan XVII. mendeko lapurtar idazle klasikoekin batera XX. mendeko bere garaikideak agertu zituelako.

Horren ondorioz, Pierre Argaiñaratz, Joanes Etxeberri Ziburukoa edo Kristobal Harizmendiren gisako Sarako Eskolako idazleen lanen ondoan, XIX. mendeko Jose Ignazio Arana edo Grazian Adema Zaldubi-renak ere argitaratu zituen. Hala ere, gehien-gehienak, jakina, XX. mendekoak ziren, eta hor aukeraketa anitza egin zuen, gaur egun oso ezagunak diren idazleekin batera, euskal letretan arrasto gutxiago utzi dituzten beste batzuk ere hautatu zituelako. Besteak beste, Luis Jauregi Jautarkol, Felipe Arrese-Beitia, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Joxe Azurmendi, Mikel Zarate, Eusebio Erkiaga eta Nemesio Etxanizen lanak plazaratu zituen.

Beren-beregi Begoñako Andra Mariari eskainitako olerkien artean, beharbada, atentzioa gehien deituko diguna Estepan Urkiaga Lauaxeta-k egindakoa izango da. ‘Begoñako Amari’ olerkia bere lehenengo idazlanetakoa izan zen, Santi Onaindiak berak nabarmendu zuenez. Izan ere, 1925ean argitaratu zuen Bilbon kaleratzen zen Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian. Eta ez zuen bere izenaz izenpetu, Iseke Basaraz ezizenaz baino. Jakina denez, Basaraz bere bigarren deitura zen, amaren aldekoa alegia.

Begoñako Ama Birjinari zuzenean eskainitako lanen egileen artean ere izen ugari daude. batzuk, ezagun-ezagunak, beste batzuk gaur ahaztuxeagoak. Besteak beste, Sabin Muniategi, Balendin Aurre-Apraiz, Kepa Enbeita, Josu Arregi, Sabino Arana Goiri eta Resurrección María Azkue ageri dira.

AITA ONAINDIA

Aita Santi Onaindia (1909-1996) Amoroton jaio zen euskal idazle oparoa dugu. Karmeldarra, Zornotzako Larrean ikasi eta ondoren Begoñako Karmelora etorri zen Teologia ikasketak egitera. Gerra Zibilean gudarien batailoi batean (Kirikiño, horretan ere literatura bidaide) abade ibili zen eta ondoren kartzelara eraman zuten. Hiru urte egin zituen giltzapean eta irtendakoan ez zuen Euskal Herrira itzultzerik izan 1951 urtera arte. Larreara bueltatu zenean, euskal kulturari ekin zion berriz ere, gerra aurrean egin zuen bezala, eta hamaika idazlan plazaratu zituen. Bostehunen bat artikulu idatzi zituen eta liburuak, hogeitik gora, beti ere euskal kultura eta, beren-beregi, literatura, zabaltzeko asmoz.

 

Testua: H.O.