Annabel / Kathleen Winter (Josu Zabaleta) / Erein, 2013
Gizaki Gorena munstroaren baitan
Euskal literaturan intersexuaren gaiari heltzen zaion lehen aldia dela esango nuke, itzulpen baten bitartez bada ere. Horrek, esan gabe doa, irizpide literarioak aplikatuz gero, balio berezirik ez du; areago, liburua irakurri ondoren zalantza handiak ditut hermafroditismoarena literatura lan baterako justifikazio nahiko den egiatan. Aldiz, iruditzen zait literaturaren dimentsio soziala ez genukeela gutxietsi behar. Izan ere, eleberriak gizarte-gutxiengo baten inguruko –sexu identitate jakin baten ingurukoa, kasu honetan– isiltasuna haustearekin batera, haren ikusgarritasuna bultzatzen du.
Era berean, intersexuaren gaia tratatze hutsak ez du ikuspegi aurrerakoia bermatzen, noski. Irakurle bakoitzak nondik begiratzen duen, baina bizi garen (egia ote?) trans-feminismoa, queer teoria eta sexuaren patologizazioaren aurkako bestelako mugimenduen garaiko ikuspegitik irakurrita, ziur asko 1968an, Labradorreko lurralde isolatuan kokatutako istorio hau ez dago modurik postmodernoenean planteatuta.
Obra “bildungsroman” generoaren barruan bete-betean egokitzen da. Egiazko hermafrodita baten bizitza islatzen du, jaiotzen denetik, nerabezaroa atzean utzita heldutasunaren atarian sexu-identitatearen kontzientzia osoa garatzen duen arte. Nahiz eta hasiera batean umearen “berezitasunak” ingurukoengan eta, batez ere, gurasoengan nola eragiten duen –nola jasotzen duten berria, honen aurrean nola jokatzen duten, onarpenaren eta arbuioaren arteko tentsioa, etab.– kontatzen den, testuak aurrera egin ahala fokua protagonistaren beraren baitan jartzen da, bere bilakaera fisiko zein psikologikoa zehaztasun handiz azalduz, eta egunerokoan topatzen dituen zailtasunen berri emanez.
Euskarara ekarritako lan bati dagokion bezala, Annabel-ek badu Labradorrekoak bezain animalia eta bizimodu arrotzen aurrean liluraz gozatzen duten irakurleari zer eskainia. Espazioak ere badu bere garrantzia, ekintza Labrador eta St. John’s hiriaren artean era dikotomikoan banaturik ageri baita: herriko isolamendu eta giro izoztu itxia vs. hiriko askatasuna eta bertako ez-lekuen (saltoki handiak, esaterako) inpertsonaltasuna. Eleberriko pertsonaiek inguruarekiko erabateko batasuna erakusten dute, nolabaiteko barne-adostasun bat, narrazioak aipatutako bi espazio kontrajarri horien deskribapen xehearen bitartez –konpultsibotzat jo genezakeena kasik– haien izaera eta sentimenduak islatzeko baliatzen duena.
Aitortzen dut nahasi xamar utzi nauela protagonistaren identitatearen planteamenduak, izan ere, sexu eta genero kategorien arteko harremana apenas problematizatu gabe ematen da, sailkapen bitarrak ezarritako mugen barruan preso baleude bezala; izan ere, “anbiguotasun beldurgarri” batez hitz egiten da. Sexua eta generoaren arteko (ustezko) adostasuna edo, berdina dena, besteon onarpena lortzeko ezinbestekotzat jotzen den normaltasunaren kontzeptu madarikatua aitzakia, gurasoek mutil gisa heztea erabakitzen dute, horrek tratamendu kirurgiko eta hormonal gogor baten inposaketa –patologizazioa– suposatzen badu ere. Gaizki kudeatutako maitasunaren erakusgarri da, akaso, irtenbide (oker) bat baino ez, munduaren logika jadanik begi aurrean dutena azaltzeko gauza ez denean, honek errealitateaz zuten ideia hankaz gora jarri eta gainditzen duelako.
Arazoa urteetan zehar ezkutatu dioten egia nerabezarora iristean, era naturalean, agerian geratzen denean sortzen da. Orduan hasten dira, mutikoak independentzian irabazi ahala, estereotipoak deseraikitzeko eta aurreiritzien aurka borrokatzeko ahalegin ahulak azaleratzen, arrakasta gorabeheratsuarekin. Halere, liburu honen egiazko balioa pertsonaia eta egoeren bilakaeran dagoela ohartuta, eta spoilerrik egiteko inolako asmorik gabe, amaierak hotz utzi nauela esan behar dut, onberegia iruditu zaidalako alde batetik, protagonistak bat-batean garrantzia galdu eta fokua bigarren mailako beste pertsonaiengan jarri izana ez dudalako ulertu, bestetik.
Testua: Iraitz Urkulo
Argazkiak: Erein