Iritzia: Umeak, ez leku itxietan, ez beroak itota

bertonaldizkaria 2013ko urr. 8a, 17:38

Luis Briñas-Santutxu ikastetxean egun euritsuetan eta eguzkia gogoz jotzen duenetan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 685 ikaslak aterperik gabe daude.

Kasu hauetan ikasleak eraikin barruan geratzen dira eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuen neurketaren arabera, zarata 92 dezibeliotara ailegatzen da. Kontuan hartu behar dugu diskoteka baten zarata 90 dezibeliotatik ezin dela pasatu.

2009 urtetik patioetarako aterpeak eskatzen ari gara, momentuz erantzunik gabe ez Bilboko Udaletik ezta Eusko Jaurlaritzatik ere.

Joan den kurtsoan ere hainbat idazki bidali genituen aipatutako administrazioko arduradunei, baina, hala ere, oraindik erantzunik ez.

Kurtso berria hasi da eta berriro egoera jasanezinarekin topo egin dugu. Izan ere, gure umeek beharrezkoak diren hainbat eskubide gabe geratuko dira.

Patioko kirolak eta jolasak osasuntsuak dira, harremanak errazteko balio dute eta, noski, geletara lasaiago itzultzen dira.

Jantokiko patio orduak, bi dira egunero, eta barruan geratzen badira lehen aipatu dugun bezala, buruko minez eta oso urduri bukatzen dute, gainera egoera honek gizarte harreman desagokiak eta oso jarrera bortitzak sortarazten ditu.

Pentsa ezazu, euria egiten badu eskola barruan zortzi orduz jarraian egotea zer suposatzen duen.

Hau dela eta Eskola Kontseilutik sortutako batzordean lan egiten ari gara patio estaliak eskatzeko eta gure ikasleak dauden egoera salatzeko.

Testua: Luis Briñas-Santutxu eskola kontseiluko aterpe batzordea