Aitziber Martinez de Lagos: "Gaurkoan historia pixka batekin natorkizue"

bertonaldizkaria 2013ko urriaren 9a

Irailaren 16an, “La noche de los lápices” bezala ezagutzen den gertakizunen urteurrena izan da. Eta ordutik, Argentinan, ikasleen eskubideen eguna da irailaren 16a.

Aurtengoan ere, irailaren 11an, 40 urte bete dira Txilen Augusto Pinochetek estatu kolpea eman eta Salvador Allenderen heriotza gertatu zela.

Urteurren horiek gogoratu nahian, “La noche de los lápices” filma ikustera gonbidatu nahi zaituztet.

Ikasle garaiak ere gogorarazten dizkit. Inposatutako espainiar jaiegun arrotzetan, herri eskolak burutzen genituen. (bide batez, ni ere parte izan nintzen eta bidelagun ditudan Ikasle Abertzaleak antolakundea zoriondu nahi dut 25. urteurren honetan, “segi beste hainbat urtez IKASLE ETA ABERTZALE! Aupa zuek!). Herri eskola hauetan, egunerokoan, ikasgelan lantzen ez genituen gaiak ikusi eta ikasteko, ezagutzeko, hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izaten genuen. Ez soilik Euskal Herriko gaiak. Pelikula argentinar hau adibidez, behin baino gehiagotan eskaini izan zen. Beste herrialde batzuetako ikasle borrokak ere ezagutarazi nahi genituen. Ikasle mugimenduan, “La noche de los lápices” liburua, gero filma ere bihurtu zena, ezinbestekoa delakoan nago.

Diktadura garaian, Argentinan, La Plata hirian, Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuek aurrera eramandako borrokaren kontakizuna da. Eta borroka horren ondorioz irailaren 16 horretan, ikasle talde bat bahitu eta hauen tortura eta desagerpena gogorarazten du. Film hau, izenburu bera duen M. Seoane eta HR. Nuñezen liburuan oinarritua dago eta bizirik ateratzea lortu zuen ikasle baten testigantzari esker osatu zen. Beraz, gertakizun errealetan oinarritutakoa da.

Oraingoan beraz, historiaren pasarte baten kontakizuna gomendatu nahi dizuet.

Eta omenaldi txiki bat egin nahian, Allenderen hitzak gogoratuz bukatuko dut: “La historia es nuestra y la hacen los pueblos” (historia gurea da eta herriek egiten dute).

“La noche de los lápices” filma ikusteko