Zurbaranbarri HLHI: "Gosari osasungarria"

bertonaldizkaria 2013ko urriaren 9a

Bost urteko ume batzuk biberoiarekin gosaltzen jarraitzen zutela ohartuta, eskolako medikuarekin eta gurasoekin elkarlanean, gosariari berebiziko garrantzia ematen diote urtero-urtero Zurbaranbarriko eskolan.

Goizean goiz denok abiada bizian ibiltzen gara, eta zeresanik ez etxean ume txikiak daukazten gurasoak. Horregatik, agian, “ez diote ematen gosariari daukaten garrantzia”, dio Zurbarabarri eskolako Ana irakasleak. “Biberoiaren barruan zereal asko sartzen dituzte eta horrela azkar gosaltzen dute umeek”. Baina bost urteko umeek ez dute biberoia hartu behar. Gosaldu egin behar dute, “gosari osasungarria” egin behar dute, alegia.

Horretaz jabetuta, duela bi urtetik ari dira bost urteko umeak eta beren gurasoak kontzientziatzeko programarekin lanean. Gosari osasungarria izena du egitasmoak eta “oso ekintza polita” denez urtero errepikatzen ahalegintzen dira.

Zer gosaldu duzu gaur?

Udal Eskola Osasun Saileko medikuak azaldu zizkien Zurbaranbarri eskolako bost urteko gelako arduradunei kontzientziazio planerako urratsak. Batetik, umeei gosaritan hartu beharreko elikagaien berri zelan eman. Hiru taldetan banatuta, hain zuzen ere. Lurretik jasotako elikagaiak (zerealak), esnetik eratorriak (esnekiak) eta zuhaitzetik batutakoak (fruta). Eta behin hori ikasita, koturatzen lehenak umeak beraiek izan dira. “Amak ez dit jogurtik ematen”, zioen ikasle batek bere gosaria osatua ez zela konturatzean. Baina gehienen arazoa ez da esneki falta, fruta falta baizik. Anak dioenez “oso gutxitan hartzen dute fruta gosaltzeko”. Horregatik aukeran fruta ugari dauzkatela erakusten diete eta jateko modu bat baino gehiago daudela. Bestelako gomendioak ere luzatzen dizkiete. Egunero gurina erabili ordez olioa erabiltzeko edota gaileten ordez ogia jateko. Eta aholku garrantzitsu bat ere bai: “Gosaritan azukrerik ez eransteko frutari, Cola Caori edota Nesquiki berez badutelako nahikoa azukre”.

Bestetik, mediku eta irakasleek umeen gurasoekin egiten duten lana dago. Ikasleek etxera eramaten dituzten orri eta fitxen bidez gosaritan denetik jan beharra dutela jakinarazten zaie eta egitasmoan parte hartzeko gonbita helarazten zaie. Horrela, gurasoak dira gosaritarako elikagaiak adostu eta erosten dituztenak. Baita egunean bertan eskolako jantokian gosaria prestatzen dutenak ere. “Oso garrantzitsua da” Idoia irakaslearen aburuz “gurasoek eskolan parte hartzea, bertan egiten ditugun ekintza asko ez baitituzte ikusten”. Beste eskoletan gurasoak ez dira gosari osasungarrietan inplikatzen, baina Zurbaranbarrin bai.

Eta bapo-bapo gosaldu ostean, bost urteko umeek hortzak garbitzen dituzte.

Asteazkena Fruta Eguna

Astegunetan hamaiketako kolektiboa egiteko ohitura dute Zurbarabarriko Haur Hezkuntzako ikasleek. Bina gaileta jan ohi dituzte. Asteazkenetan izan ezik. Fruta jaten baitute. Fruta Eguna izaten baita asteazkena. Umeek etxetik eramaten dute nahi duten fruta pieza. Komunean elkartzen dira fruta jatera. Eta normalean “etxean baino goxo egoten da”. Idoiaren esanetan “euren artean fruta jateko motibatzen dira eta dastaketak ere egiten dituzte”.

Testua: BERTON

Argazkiak: Zurbaranbarri HLHI