uriola.eus

Bilboko II. Berbaguneak mahai berean jarriko ditu euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak

 Bilbo

Urriaren 23an Alondegian izango den euskaldunean bilgunean adin guztietako 1.600 pertsonak parte hartzea aurreikusita dago, 400 petsonako lau txandatan, 09:30etik 19:00etara.

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Gazteria, Kirol eta Euskara Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarena Zuzendaritza Nagusiak bat egin dute berriz ere Bilboko Berbagunearen II. edizioa burutzeko. Ekitaldi hau Bilboko Alondegian izango da, urriaren 23an; eta bertan 1.600 euskaldun inguru aritzea aurreikusita dago; hau da, lehen edizioan baino 400 euskaldun gehiago.

Bigarren edizio honetako erronka, berriz ere, euskara kalera ateratzea da eta euskaldunek zenbait gairi buruz euskaraz aritzea; hau da, besteak beste, gizarte-sareei, turismoari, bidaiei, liburuei eta kirolari buruz euskaraz berba egitea; eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada bat ematea.

Euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean

Berbaguneak deialdia ireki du euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren pertsona guztientzat, kezka bera duten pertsonekin hizketan, giro atseginean, aritu nahi badute. Horretarako euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak jarriko dira mahai berean, 09:30etik 19:00ak arte, hainbat elkarrizketatan parte hartzeko. Jarduera egun guztian izango da, baina txandaka. Txanda bakoitzean 400 pertsona inguru arituko dira. Lau txanda egongo dira: lehena 09:30etik 11:00etara, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 17:30etik 19:00etara, Alondegiko atrioan.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari lantzeko gaiak jasotzen dituen triptiko bat banatuko zaio.

Mahai guztietan pertsona bana egongo da gaia proposatzeko eta mahaiko kideen elkarrizketan moderatzaile-lanak egiteko.

Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskara ageriagoan uzteko Bilbon.

Berbagubean izena emateko:

e-maila: berbagunea@gmail.com

Telefonoa: 679 527 046 / 655 719 013

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa