ZINEBI 55 jaialdiren egitaraua aurkeztu da

bertonaldizkaria 2013ko urr. 22a, 11:27

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBI) azaroaren 15ean zabalduko ditu bere 55. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Sekzio Ofizialaren barruan lehiaketara aurkezten diren euskal film laburrak eskainiz eta Zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Agustín Díaz Yanes zinegile madrildarrari eskainiko zaion omenaldiarekin.

67 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmak 28 herrialdetatik etorri dira, eta 90 herrialdetatik ZINEBI 55era bidalitako 3.367 lanen artean aukeratu dira. Lehiaketan parte hartuko duten 67 lanen artean 19 film estatuan ekoiztutakoak dira, eta horietako 8 euskal zinegileek egindakoak dira. Lan horiek Nazioarteko Lehiaketaren barruan egongo dira, Euskal Zinearen atalean, eta Inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira: Borja Cobeagaren Democracia (fikzioa), Aritz Morenoren Cólera (fikzioa), Jesús Pueyoren Sonic Trash (fikzioa), Miguel Ángel Refoyoren 3665 (fikzioa), Kepa Sojoren Loco con ballesta (fikzioa), Asier Altunaren Zela Trovke (dokumentala), Izibene Oñederraren Hotzanak, for Your Own Safety (animazioa) eta Alberto Vázquezen Sangre de unicornio (animazioa).

Nazioarteko Lehiaketan edo lehiaketatik kanpoko InfoEuskadi sekzioan parte hartuko duten euskal filmei dagokienez, azpimarratu behar da aurten, lehen aldiz, Azkue Fundazioak, Euskaraz egindako Filmarik Hoberenarentzako 1.200 €-ko Sari berria babesten duela ZINEBIn. Sari horren xedea, gure hizkuntzak Euskadiko ikus-entzunezkoen alorrean duen erabilera bultzatzea eta zabaltzea da.

Zine espainiarraren atalean, aipatutakoez gain, honako hauek ere hartuko dute parte: Manuel Arijaren No Kissing (fikzioa), Eugenio Canevariren Gorila baila (fikzioa), Eduardo Cardosoren El paraguas de colores (fikzioa), Aitor Iturrizaren eta Bernat Gualen Una hora, un paso (fikzioa), Andrea Jaurrietaren Los años dirán (fikzioa), Vicente Villanuevaren Meeting with Sarah Jessica (fikzioa), Gerardo Carrerasen Souvenir (dokumentala), Luis E. Parésen Mi ideología, variaciones sobre un concepto (dokumentala), Maialen Sarasuaren Donde nunca pasa nada (dokumentala), Vuk Jevremovicen La isla de los muertos (animazioa), eta Coke Riobóoren El ruido del mundo, (animazioa).

Aukeratutako 67 filmen generoei dagokienez, 39 fikziozkoak dira (%58,20), 12 dokumentalak (%17,91) eta 16 animaziozkoak (%23,88). Banaketa geografikoari dagokionez, Euskadiko eta Espainiako filmez gain, azpimarratzekoak dira, partaidetza dela eta, Belgika (5), Alemania (3), Frantzia (3), Polonia (3) eta Portugal (3). Euskadiko eta Espainiako zineak bezala, Sari Ofizialen artean sari berezia duen Hegoamerikako zineari dagokionez, azpimarratzekoak dira Argentinatik, Brasiletik, Txiletik, Kolonbiatik eta Kubatik etorritako filmak. Nazioarteko Lehiaketan, orain arte ZINEBIn gutxi ikusi ditugun herrialdeek ere hartuko dute parte, Esloveniak, Etiopiak, Indiak, Japoniak eta Ukrainak, besteak beste. Horrek, sariketa beterano honen nazioarteko benetako izaera berresten du.

Datorren azaroaren 22an jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa honako sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Film Latinoamerikar Hoberenarentzako Mikeldiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Horrez gain, jaialdiak beste lau sari ez ofizial izango ditu: Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko gidoirik hoberenari ematen dioten Saria, FAS Zine Klubaren Saria eta Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Filmarik Hoberenarentzako ematen duen Saria.

LEHIAKETATIK KANPOKO SEKZIOAK

Lehiaketatik kanpo, eta ondorioz Sekzio Ofizialetik aparte, ZINEBI 55ek fikzio, dokumental eta animazio film laburren zenbait erakusketaz gozatzeko aukera eskainiko du Golem-Alondegia Zine aretoetako Auditorioan. Horrela, InfoEuskadik 18 euskal ekoizpen lan erakutsiko ditu, fikziozko 12 eta 6 dokumental. Aurten 21 filmek osatuko duten InfoSpain sekzioari dagokionez, 13 fikziozkoak izango dira, 5 dokumentalak eta 3 animaziozkoak. Amaitzeko, InfoWorld sekzioak, 15 herrialdetatik etorritako nazioarteko 20 film labur ikusteko aukera eskainiko du, gaien araberako irizpideetan oinarrituz prestatutako lau programatan banatuta.

NAZIOARTEKO EPAIMAHAIA

Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Pernille Rose Grønkjær dokumental zuzendari daniarra, Salomé Lamas zinegile portugaldar gaztea, Oliver Laxe zinegile espainiarra, Itziar Okariz diziplina anitzeko sortzailea eta Marcela Zamora Chamorro Nikaraguako kazetari eta zinegilea. Ohikoa denez, ZINEBI 55eko programazioaren barruan, beste urte batez Nazioarteko Epaimahaiko kideen lan azpimarragarrienetako batzuk eskainiko dira Guggenheim Museoaren Auditorioan.

BEAUTIFUL DOCS

Sekzio paraleloen artean, bere 55. edizioan, ZINEBIk, betidanik bere nortasun ikur izan den alor bat, luzemetraia dokumentala, bultzatu nahi du. Horretarako, bigarren urtez jarraian, jaialdiak “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko zikloa aurkeztuko du. Duela denbora gutxi egindako 13 film jasotzen ditu, horietako gehienak zenbait jaialditan sariak irabazi dituztenak. Sekzio honetan 11 herrialde egongo dira ordezkatuta. Egileek, euren jatorri anitzen ondorioz, seguruenez forma aldetik oso desberdinak diren ikuspegietatik lantzen dituzte gaur egungo munduan puri-purian dauden eta mundu horren ezaugarri bilakatu diren zenbait gai. Hori dela eta, sekzio horrek aberastasun handia du, bertan ikusiko diren gaiei dagokienez. Gaiak oso anitzak dira: haurtzaroa eta gaztaroa arte martzialen eta motoen artean bizitzeko moduetatik hasi eta prostituzioaren munduan euren duintasunaren alde edo genero nortasunaren alde borrokatzen diren emakumeen odisea pertsonaletaraino. Horrez gain, ezaugarri nagusi gisa, oso egokiak ez diren baldintzetan ahal den moduan aurrera egin behar duten pertsonaien istorio gurutzatuak ere islatzen dira: ibaien ur goraldien erdian Kanbodian; itsasoaren eta bertan gertatzen diren hondoratze tragikoen aurrean Galizako Costa da Morten; Indiako hiri kutsatuenetako batean; Hemingway familiaren eta familia horrek suizidioarekin duen harreman ilunaren barruan; eta baita Estatu Batuetako armadaren barruan ere, oso harro egoteko modukoak ez diren gertakarien lekuko gisa. Horrez gain, Beautiful Docs sekzioko film laburren gaien artean, jada ahaztuta dagoen hirurogeita hamarreko hamarkadako punk banda baten historia, eta Bernardo Bertoluccik, zine garaikidearen maisuetako batek, bere lanbideari buruz eskaintzen duen lekukotza, eta baita bost kontinenteetako hirietan zabaldutako zine proiektu berezi eta ikusgarriaren emaitza ere azpimarra daitezke.

13 film luze dokumentalak hauek dira: Lofty Nathanen 12 O’Clock Boys (EE.BB), Antonio Macarroren A Filme - Expedición (Espainia), Kalyanee Mamen A River Changes Course (Kanbodia-EE.BB), Walter Fasanoren eta Luca Guadagninoren Bertolucci on Bertolucci (Italia-Austria-Frantzia-Britainia Handia-Suitza), Sébastien Lifshitzen Bambi (Frantzia), Lois Patiñoren Costa da Morte (Espainia), Inigo Westmeierren Drachen Mädchen (Alemania), Neus Ballúsen La plaga (Espainia), Fahad Mustafaren eta Deepti Kakkarren Powerless (India), Barbara Koppleren Running from Crazy (EE.BB.), Visra Vichit Vadakanen Sao Karaoke (Herbehereak), Dan Kraussen The Kill Team (EE.BB) eta Mark Christopher Covinoren eta Jeff Howletten A Band Called Death (EE.BB).

INTERPRETEAK ZUZENDARI

Asier Gerricaechevarría gidoilariak eta Joseba Gorordo gidoilari eta zuzendariak, biak ere Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteko kideak, Europako antzezle gazte eta bikainek film luzeen zuzendaritzara egin duten jauzia aztertzera zuzendutako ziklo berri hau aurkeztuko dute ZINEBI 55en. Golem-Alondegiko zine aretoetan eskainiko diren bost saiotan, Mathieu Demy, frantsesaren, Zabou Breitman frantsesaren Paddy Considine britainiarraren, Tristán Ulloa espainiarraren eta Darío Argento zinegile ospetsuaren alaba den Asia Argento italiarraren film luzeak erakutsiko dira.

BERTOKO BEGIRADAK

Aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 55ek arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei,  Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioaren barruan.  Aurten 8 lan aurkeztuko dira, guztiak ere dokumentalak. Proposamenen artean, Alvaro Fierroren eta Joseba Gorordoren 160 metros: una historia del rock en Bizkaia dokumentalaren muntaketa osoaren aurkezpena, erabateko primizia, azpimarratu behar da. Lan hori work in progress moduan eraikitzen joan da, iraupen laburreko zenbait kapituluren bitartez. Dokumentalaren estreinaldian, une horretarako beren beregi prestatutako kontzertua egongo da, larunbatean, azaroaren 16an, gaueko 22:00etan, BBK aretoan. Eszenatokian, film laburraren protagonista diren eta itsasadarreko alde bietan egon ziren taldeetako kideak elkartuko dira. Talde horien artean hauek daude: Parabellum, Subversión X, Distorsión, Gris Perla, Los Clavos, Lord Sickness, El Inquilino Comunista, Los Dalton, Puta Kaska, Zarama, Cujo, Gringo, Ya Te Digo, Quite Fantastic eta Sonic Trash.

Bertoko begiradak sailean proiektatuko diren gainerako dokumentalak hauek dira: Antonella de Planoren eta Stefano Ricciren Calle Cortes, Sabin Egiliorren Camaradas, Mariano Vricellaren Capsula Dreaming of Ziggy Stardust, Mikel Arredondo, Hibai Castro, Lutxo Egia, Lon Fernández, Adur Larrea eta Xamarren Euskara jendea mundua osatzen, Histeria Kolektiboaren Ruta c:\memoria\archivos\blvart, Gentzane Martínez de Osabaren eta Alexander García de Vicuñaren Señales de vida. Néstor Basterretxea, eta Isabel Rodríguezen Yolanda en el país de lxs estudiantes.

Jaialdiaren katalogoan, Euskaditik zineari egiten zaion literatur begirada gisa, ZINEBI 55ek, Espectador in fabula izeneko kontakizun labur seriearen laugarren entrega jasoko du. Bertan, euskal idazleek zineari buruz duten ikuspegia eskaintzen digute urtero, idazketaren bitartez, eta horrek, filmen eta hitzen arteko harremanaz jabetzeko aukera ematen digu. Aurten, katalogoko sekzio horretako protagonista Joanes Urkixo (Bilbo, 1955) izango da, euskaraz idatzitako Kaskoan Zuloa kontakizunarekin, sormen aldetik erabat blokeatuta dagoen eta, ezustean, bere nerabezaroko lehen maitasuna eta bere herriko zine aretoaren inguruan dituen oroitzapenak gogoratuko dituen gidoilari baten istorioa.

PAULINO VIOTA, PROTAGONISTA

Joan den urtean Bilboko eta Santanderreko Udalek sinatutako hiri horien arteko lankidetza hitzarmenaren barruan, ZINEBI 55 elkarlanean ari da Intermediorekin eta Fundación Santander Creativa izenekoarekin, Paulino Viota zinegile kantabriarraren filmografia osoaren DVD bat argitaratzeko. Bere belaunaldiko zinegile interesgarrienetakoa den arren, ahaztutako zinegilea da. Aurkezpena Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldian (ZINEBI) izango da, BBK aretoan eskainiko den eta ia bere filmografia osoa jasoko duen zikloaren eta Arte Eder Museoaren auditorioan ostegunean, azaroaren 21ean, arratsaldeko 20:00etan, bere irudiari buruz antolatu den mahainguruaren bitartez. Bertan, zinegilearen adiskide eta lankide garrantzitsuek hartuko dute parte: Víctor Erice zinegileak, Miguel Marías zine kritikariak, Vicente Molina-Foix idazle eta zinegileak, Olaf Möller zine kritikari eta programatzaileak eta José Luis Téllez musikografoak.

ZINEBI 55eko programaren barruan dauden berrikuntzen artean, FAS Zineklubaren lankidetzari esker, hemen oso gutxi ezagutzen den baina bere herrialdean izen handia duen eta sortzaile askok miresten duten zinegilearen bisita azpimarratu behar dugu, Éliane de Latour dokumentalgile frantses handia. Bere lehenengo lanak erabat dokumentalak ziren, baina pixkanaka fikziozko elementuak sartzen joan zen, eta azkenean medio horretara bideratu du bere lana. Jaialdian, azken garai honetako lan bikaina ikusi ahal izango dugu, Après l’océan (2008).

PROIEKZIOAK ITSASADARRAREN GAINEAN

Bilboko Udalak, Bilboko hogei bat GGKEk eta Ur Partzuergoak, Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartearen, FAS Zineklubaren eta MetroBilbaoren laguntzarekin, Uraren Esferako Lankidetzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute  2013. urtean, Tanta bat. Mundu bat. Eskubide bat kanpainaren bitartez. ZINEBI 55ek bat egin du mundu mailako ospakizun horrekin, eta baita bertako ikuspuntutik, eta beste plano batean, Bilbon 1983ko abuztuan jasandako uholdeen 30. urteurrenaren oroitzapeneko ekitaldiekin ere.

Ostiraleko, azaroaren 15eko, arratsaldeko 19:00etatik, ZINEBI 55en inaugurazio ekitaldia baino ordubete lehenagotik, eta gaueko 21:00ak arte (ekitaldia larunbatean, azaroaren 16an eta hurrengo egunean, igandean, 17an, errepikatuko da, ordutegi berean), itsasadarreko urak, Arriaga Antzokiaren parean, pantaila natural erraldoi eta ikusgarria bilakatuko dira, eta pantaila horren gainean, ordu horietan, ospakizun garrantzitsu bi horiekin erlazionatutako irudiak proiektatuko dira. Horrela, alde batetik, lehorteek eta beste fenomeno meteorologiko larri batzuek Hirugarren Munduko oso biztanleria talde behartsuetan duten eragin dramatikoa ikusi ahal izango da; eta bestetik, Pedro Olea zinegile bilbotarrak 1985ean arrodatutako Bihotzez film laburra, urak gure Hirian eragindako hondamendiaren lekukotza. Amaitzeko, eta jaialdiarekin berarekin erlazionatuta, aurreko edizioetan Euskal Zinearen Sari Nagusia irabazi zuten film laburren irudiak ikusi ahal izango dira. Proiekzioa, horretarako berariaz prestatutako ekipo teknikoarekin egingo da, Najako geltoki zaharretik. Ikuskizun horrek ikus-entzuleen eta Areatzan dauden pertsona guztien oroimena biziberrituko du, ZINEBI 55 abiatuko den asteburu osoan.

ETORKIZUNEKO EUSKAL ZINEGILEAK PRESTATUZ

Euskal Produktoreen Elkartearen (EPE-APV) ekimenari esker, ZINEBI 55ek lekua utziko dio bere programazioan, berriro ere, ZINEBILAB 2013 sekzioari, Euskadiko ikus-entzunezko produkzio alorreko ikasleei, zinegile gazteei, enpresei eta adituei zuzenduta Campos Antzokiko Kupula Aretoan eskainiko den prestakuntza mintegi-tailer beteranoari. Hiru egunez, bigarren urtez jarraian, low cost produkzioari buruzko topaketa profesionala egingo da, aurrekontu txikiarekin egin diren eta finantzaketarako, banaketarako eta erakusketarako bide berriak izan dituzten filmak aztertuz. Mintegiak alde teorikoa izango du, bi filmi buruzko bi masterclas-ekin eta mahainguru batekin.

Masterclass bakoitzean pelikula bat proiektatuko da, eta proiekzioaren ondoren, zuzendariak parte-hartzaileekin eztabaida burutuko du. Bi film horietan lehendabizikoa El futuro izango da (2012), Luis López Carrascok zuzendutakoa. López Carrasco Los Hijos kolektiboko kide da, azken urteotan zine espainiarrean sortutako eragile interesgarrienetako bateko kide, Javier Fernández Vázquez eta Natalia Marín Sancho adiskideekin batera. Hiru zuzendariek parte hartuko dute ZINEBILABen film bitxi honen aurkezpenean. Film luzea 16 mm-tan filmatuta dago eta low cost ekoizpenaren diseinua du. Iaz Locarnoko Jaialdi prestigiotsuan Signos de vida atalean proiektatu zen. Dokumental estiloa darabil. 1982 urtean ospatutako jai batean gertatzen da dena eta iluntasun beltzean murgilduta hasten da. Hauteskundeak irabazi eta gau horretan bertan, irrati transmisio batean Felipe Gonzálezek bere gobernu berriaren asmoak jakinarazten ditu: demokrazia behin betiko finkatzea, krisi ekonomikoa gainditzea eta autonomien egoeran eraikitzen bukatzea.

Bigarren masterclass-aren bitartez, Stockholm (2012) filma aztertuko da. Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako historia honetako protagonistak Javier Pereira eta Aura Garrido dira. Ekintza-zinetik edo polizia generotik urrun, bahiketa baten eta ondoren protagonistak pairatzen duen Estocolmo Sindrome delakoaren istorioa kontatzen du egunerokotasun kutsuarekin. Film probokatzailea da, pertsonaien psikologian eta jarreran oinarritzen da, sedukzio baten gaineko argumentua amesgaizto bilakatzen da, ikusleak jarrera bat ala bestea hartzera behartuta.

Bestalde, Fernando Ganzo zine kritikariak, Routerrarekin filmatzea. Zinea sortzea, hedatzea eta ikustea sarearen bitartez lelopeko mahaingurua zuzenduko du, Internet eta ikus-entzunezko produkzioarekin erlazionatutako plataforma digitalak, filmak sortzeko, ekoizteko, banatzeko eta erakusteko modua aldatzen ari diren (edo ez) moduari buruzko gogoeta egiteari zuzendua. Bertan parte hartuko dutenen artean Pierre Léon zinegile frantsesa, Oriol Sánchez zinegile eta programatzailea, Carlos Vermut zinegilea, Pablo García Canga zinegile eta kritikaria, Víctor Berlín PLAT plataformako kidea eta Miguel García kritikari eta programatzailea daude. Fernando Ganzok berak, Zinebilab 2013rekin paraleloan, mahainguruak duen gai bera landuko duen zikloa prestatu du, eta bertan, euren lanean Internetek leku garrantzitsua hartzen duen hainbat zinegilek hartuko dute parte. Ziklo horren barruan, Golem-Alondegia zine aretoetan, oso zinegile libre eta apurtzaileek egindako zenbait lan ikusi ahal izango dira, katalogatzeko oso errazak ez diren lanak, hain zuzen ere.

ZINEBILAB 13k, bere aldetik, hiru jardunaldi eskainiko dizkio ikus-entzunezko ekoizpenaren adituekin eta profesionalekin egingo diren pitching saioen garapenari. Horien artean Pedro Rivero gidoilaria, Álvaro Alonso ekoizlea, egoitza Rondan (Malaga) duen Media Business School Experts izenekoko kidea, eta Sara Bilbatúa casting zuzendari beteranoa egongo dira.

ZINESKOLA, programan dagoen beste proposamen interesgarri bat da. Bertan, goizeko saioak eskainiko dira Golem-Alondegiko zine aretoetan. Bilboko ikastetxe publikoetako eta pribatuetako umeek, eurei zuzendutako nazio eta nazioarte mailako azken lanez gozatzeko aukera izango dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

Informazio gehiago: ZINEBI