Telefonia mugikorreko antenen ordenantzaren eguneraketa eskatu du Bilduk Solokoetxen antzemandako gainesposizioagatik

bertonaldizkaria 2013ko urr. 22a, 16:52

Eremu sentiberetan esposizioa gehienez 0,1uW/zm2-koa izatea eskatuko du, 2007an Europako Ingurumen Agentziak gomendatu zuen bezala.

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak salatu du gaur goizean Gasteizen Ibaiondoko eskolaren aurrean kokatutako telefonia mugikorreko antenekin gertatutakoa Solokoetxen gertatzen ari dela ere. Zinegotziaren aburuz, Solokoetxen gertatzen ari dena are larriagoa da “egindako neurketak handiagoak direlako eta kokapenaren jabea Eusko Jaurlaritza delako”.

“Antena hauek jarri zirenetik auzoa arduratuta egon da, Udalak entzungor egiten zuen bitartean. Lehenengo salaketak 2001ean izan ziren. Orduan bizilagun batek aipatutako antenek udal baimenik ez zutela salatu zuen”, adierazi du zinegotziak.

2003an Udalak 1066/2001 errege-dekretuan oinarritutako araudia ebatzi zuen, honen arabera esposizioa gehienez 450uW/zm2-koa izan daiteke. Egun araudi hau “zaharkituta” dago, EH Bilduren esanetan. Izan ere, 2007ko txosten batean Europako Ingurumen Agentziak, ardura-printzipioa kontutan hartuta, eremu sentiberetan 0,1uW/zm2 izatea gomendatu zuen.

Egun, Karmelo Ikastola eta Solokoetxe Institutuaren inguruan egin diren neurketak Europak egindako gomendioak 80 eta 100 aldiz gainditzen dituzte.

Mozioa

Zentzu honetan, Ibaibarriagak, antenak kentzea eskatzeaz gain, mozio bat aurkeztu du Telekomunikazio ekipo eta elementuen instalazioetarako udal araudia Europako eta Estatuko gomendioei eta legediari eguneratzea eskatuz.

Koalizio subiranistak udalari eskatu dio hiriko antena irrati-elektrikoen mapa eguneratu dezala eta ardura-printzipioa aplika dezala eremu sentiberetan gutxieneko distantziak ezarriz eta 0,1uW/zm2-tik gorakoa erradiazio mailak debekatuz.

Halaber, udalari eskatu dio ere berehalaxe har ditzala Karmelo Ikastola eta Solokoetxe BHI-n gertatzen ari diren erradiazio mailak errotik murrizteko neurriak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari legedia eguneratu eta neurriak har ditzala eskatu dio.

Antenen mozioa