Txurdinagako Merkatarien Elkartea: “Europa parkeak banatuta zegoen auzoa batzeko beharretik sortu zen elkartea”

bertonaldizkaria 2013ko aza. 6a, 18:01

Irailean 15 urte bete berri ditu Txurdinagako Merkatarien Elkarteak eta urteurren hau ospatzeko festa bat antolatu zuten elkartearen egoitzan. Bertara hainbat agintari eta merkatari hurbildu zirela azaldu digu Manuel Argote elkarteko sortzaileetako batek.

Argotek urte guzti hauetan hainbat kargu izan ditu elkartearen barruan. Lehendakaria ere izan zen. Egun, diru kontuez arduratzen da besteak beste. 1998an “Europa parkeak banatuta zegoen auzoa batzeko beharretik” sortu zela elkartea dio Argotek. “Txurdinaga auzo berria zen. Ez zegoen denda askorik. Batez ere bizitegi-auzoa zen”. Testuinguru hartan hasi zen lanean Txurdinagako Merkatarien Elkartea.

Dendak batzeaz gain baina, auzoan ere lan handia egin du dendari elkarte honek. Gaur egun auzotarren elkarte ezberdinak egon arren, 90ko hamarkadan ez zegoen horrelakorik eta Txurdinagako Merkatarien Elkarteak auzoan hainbat ekintza kultural eta sozial egin zituen. Gainera, auzoa eraberritzeko lanetan ere hainbat ekarpen egin zituztela adierazi dute elkartekideek.

Hamabosgarren urteurrena ospatzeko festa antolatzeaz gain baina, auzoko denden plano-gida bat ere argitaratu dute. Hau ez da horrelako proiektu bat burutzen duten lehenengo aldia. Aurretik hainbat edizio argitaratu baitituzte. Argoteren ustez “hainbat denda kokatzea zaila da Txurdinaga bezalako auzo batean”. Arazo honi irtenbidea emateko modurik onena dela uste du horrelako publikazio bat egitea.

Hainbat zozketa ere antolatu dituzte, tartean dendetan gastatzeko hainbat bono eta kruzero bat. Hilaren bukaeran, Umeentzako II. Pintura Lehiaketa antolatuko dute “Imagina ezazu zure auzoa” lelopean. Irabazleen lanekin 2014 urteko egutegi bat kaleratzea da asmoa.

Aurreko urtetan elkartekide gehiago izan badira ere, egun 65 bazkide inguru daude. Krisialdi ekonomikoa dela eta hainbat dendak itxi behar izan dute eta hori nabaritu dutela azaldu digu elkartekide beteranoak. Bilbao Dendak Bilboko merkatari elkarteko kideak ere badira honen sorreratik. Elkarte honen bitartez Udalarekin harremanak izaten dituzte, beste hainbat urtetan auzoaren eta auzoko denden alde lanean jarraitu ahal izateko.

Testua: Ander Barinaga-Rementeria