‘Zu ere On Kixote?’ herri antzerkia azaroaren 23an Otxarkoagako Harrobia-Eskenan

bertonaldizkaria 2013ko aza. 8a, 10:56

Santutxuko kultur eragileak Agerre Teatrok proposatutako gidoian uztartzea izan da lanaren emaitza. Mahatserriko disziplina ezberdinetako 50 bat lagunek parte hartu dute antzezlanean Imuntzo eta Belokirekin bat. Azaroaren 23an izango da estreinaldia Otxarkoagako Harrobia-Eskenan arratsaldeko zazpietan.

Urte hasieran Agerre taldea Santutxuko hainbat eragile kulturalekin jarri zen kontaktuan ‘Zu ere On Kixote’ izenburuko herri antzerkia martxan jartzeko asmoz. Hala, Euskeria abesbatza, Gaztedi dantzari taldea, Santutxuko txistulariak, trikitilariak eta albokariak eta Bilboko musika eskolako dantzariak dira antzezlanean parte hartzen dutenak. Egun bakarreko emanaldia izango da eta Agerre Teatrokoek proposatutako gidoiaren gainean egin dute lan Mahatserriko artistek.

Entseguak egiteko talde bakoitzak bere aldetik egin du lan azken entsegu orokorra egin arte. Santutxuko eragileek esan digutenez, “teatro talde honek herri bakoitzeko kultur eragileekin egiten du lan, musikariak zein margolariak izan”. Antzerkirako prestatu dituzten piezatan saiatu dira elkarlanera jotzen, esaterako, txistulariak jotzen eta aldi berean Euskeriakoak abesten eta dantzariak dantzatzen. Joko dituzten piezei dagokienez, “oso errepertorio ezaguna” dela esan digute, besteak beste, Gabriel Arestiren Kristo ni eta gizonak poesia, Arratiko jota eta Bermeoko Koldobike kanta.

Santutxuko taldeak elkarlanean aritze honek etorkizun batean bestelako lan interesgarriak egiteko parada ematen die Mahatserriko artistei. Izan ere, auzoko kultur eragileen arteko harremana mantentzea “garrantzitsua” dela azpimarratu dute. Gainera, belaunaldi berriak dituzten taldeak dira, eta askotan “oso giro familiarra” da.

Agerre Teatrokoek esperientzia hau aurretiaz beste herri batzutan ere taularatu dute, tokian tokiko artistekin, noski. Beraientzat obra honen funtsa herriarekin eta herriarentzat antzeztea da. Maite Agerreko taldekideak dioenez, “Kixoteren irudia aitzakitzat hartu dugu herri antzerki honetan. Euskal Herriko Kixoteen inguruan errepaso bat egiten dugu, oso modu alaian”. Agerrekoek Imuntzo eta Beloki trikitilarien kolaborazioa dute antzezlanean, Kixote eta Santxoren paperetan, hain zuzen. Maiteren esanetan, “duela bi urte hasi ginen eta hamar bat emanaldirako ideia bagenuen ere, azkenean, hainbat lekutara ekarri dugu”. Agerre taldearentzat erronka polita da Bilbora etortzea eta Harrobia-Eskenan antzeztea. Honez, gain, Durangoko Azokan beste ikuskizun bat aurkeztuko dutela aurreratu digute, ‘Romeo & Juliet, maitasuna Euskal Herrian’ izenburua duena.