Aitziber Virgel: Arkitektura iraultzaileak

bertonaldizkaria 2013ko aza. 11a, 10:40

Azken urte hauetan arkitektura eta hirigintza lantzeko moldeak asko aldatu dira, batzuk krisiaren ondorioz, baina badira teknikariak hiria pentsatzeko eta diseinatzeko alternatibak sortzeko garaia zela pentsatzen dutenak, eta lanari ekin diote. Kolektibo, zein teknikari hauek hiritarren ongizatea helburu izanik eta, parte hartzea tresnatzat baliatuz, hiria eraldatzen hasi dira.

Aldaketa hauen isla eta testigantza “DESEO DE CIUDAD arquitecturas revolucionarias” liburua da. Cristina García-Rosales arkitektoaren eskutik hiria beste era batean diseinatzeko adibideak ezagut ditzakegu. Liburua bi zatitan banatzen da, hasierako lau gaiak teoriari dagozkionak eta ondorengo zortzietan 18 talderen adibide praktikoak azalduz: Todo por la Práxis, Medialab Prado, Recetas Urbanas, Salvem el Canbanyal, A pie, Desayuno con Viandantes, Basurama, Esta es una Plaza, Esto no es un Solar, Bici Crítica, Estudio Ruiz-Larrea, Habitar, Albacete Plural, Hiria Kolektiboa, La Mujer Construye, Club de los Debates Urbanos, Ecosistema Urbano eta Unarbolismo.

Talde batzuk ezagunak ditugu, esate baterako Hiria kolektiboa eta bere lana hiri debekatuen mapen inguruan, beste batzuen berri aldiz interneten bitartez jaso dugu… Liburua abiapuntutzat har dezakegu bertan interneteko gune desberdinen berri ematen baitigu proiektu berri desberdinen berri izateko.

Liburu honen adibideak aitzakitzat harturik auzokideok gure espazio publikoaren kalitateaz eztabaidatzeko eta edozein ekimen praktikara eramateko momentu paregabea daukagu Bilboko Udaleko Hirigintza Saila HAPO (Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra) erabakitzen ari den bitartean.