ZABALIK: KALDERAPEKO KULTUR GUNEA “Tabernak jada ez dira jendearentzat topagune”

bertonaldizkaria 2013ko abe. 11a, 10:21

Aurelio Sedano eta Lolo Martinek urte asko daramate ostalaritzan. 20 urtetik gora. Han eta hemen jardun dute barraren atzealdean. Azken urteotan Txakur kaleko Kalderapeko kultur gunean ari dira.

Taberna eta jatetxeak errealitatearen neurgailu ezin hobeak dira. Eta Kalderapeko tabernako Lolo Martinen arabera egungo egoera “txarra” da. Bere lankide Aurelio Sedanok are beltzago ikusten du ostalaritzaren sasoia zein bilbotarrena. “Izan dugun txarrena” dela dio.

Euskal hiztunen bilgune da Kalderapeko, ez dago alperrik AEK-k Euskal Herrian duen euskaltegi handienaren beheko solairuan kokatuta. Gainera, Alde Zaharreko poteo gunean egonik, oso gertutik sumatu dituzte herritarren azken urteotako aldaketak, batik bat, kontsumo joeretan. “Jendeak diru gutxi du eta asteburutan baino ez da irteten. Astegunetako poteoa, esaterako, desagertuta dago. 22:00etatik aurrera kalean eta tabernetan ez dago inor ere”. Horixe da ohitura berria, astegunetan lana bukatzean bilbotarrak etxera joaten dira zuzenean. Asteburutan ibiltzen dira taberna giroan. Hilean “parranda bat edo bi” soilik egiten dituzte. Izatez, tabernak jada ez dira jendearentzat topagune. Aurelioren esanetan “orain ez gara kalean edota tabernetan komunikatzen eta harremantzen”. Ez dago beharrizan hori, “teknologia berriei eta Interneti esker uneoro komunikatuta gaudelako”.

Krisia “ohitura” bihurtu da, “derrigorrean”, eta ondorioz, besteak beste, herritarren bazkari ohiturak aldarazi ditu. Jendeak ez du lehen bezain beste etxetik kanpo bazkaltzen. Eguneko menuan, adibidez, beherakada handia igarri dute Kalderapekon. Lolok argiro dioenez, “la hostia jaitsi dira bazkariak”. Gazteak ere gutxitu dira Kalderapekon. Duela 10 urte, Aurelio bertan lanean hasi zenean, bezeroen batezbesteko adina 25 urtekoa zen, egun 30 urtetik gorakoa. “Tabernek ez diete gazteei nahi dutena eskaintzen”.

Bilboko auzoetan baino hobea da Alde Zaharreko ostalarien egoera oro har. Dena dela, Udalak eman dituen ostalaritza baimen berriek batik bat Zazpi Kaleetako tabernariak kaltetu dituela diote. “Datorkigun turismorako, pastel txikirako, lizentzia piloa eman ditu Udalak. Neurri horrekin, ostalarien arteko lehia zabaldu du”.

Lan handiko sasoia dute hurrengo asteetan Kalderapekon. Edo “hori espero dugu behintzat”. Enpresa bazkari eta afariak, gabon garaiko poteoak, San Tomas, Euskal Selekzioaren partida... Iluntasunean, aurrera begira, argia ikusten dute Aureliok eta Lolok. Halabeharrez.

 

Egilea: L.M.