Iraitz Urkuloren "Giza-misterioen erraietatik"

bertonaldizkaria 2013ko abe. 11a, 10:47

Uxue Alberdiren Euli-giro liburu berriko bederatzi ipuinak irakurri ahala, ezin izan diot eutsi 2007an autorearen ibilbide literarioari hasiera eman zion Aulki bat elurretan harekin konparatzeko bultzadari.

Alberdiren bereizgarritzat jo daitezkeen hainbat ezaugarrik hor diraute, beste zenbaitek lausotuta edo aldaturik antzematen diren bitartean. Esaterako, idazleak erritmo arin eta molde irakurterraz eta atseginaren alde egiten jarraitzen badu ere, oraingo istorioak, hizkera zehatzagoa baliaturik, estilo biluziago batean emanak dira. Antzeko zerbait nabari da lehen obran gainezka egiten zuen emozioarekin, metafora eta, batez ere, dena busti zuen lirismoarekin oso lotuta zegoena; baliabide hauei mugak ezarri nahi izan dizkiola dirudi, askoz neurritsuago jokatuz haien erabileran.

Aulki bat elurretan-en gairik tragikoenak edertasun bare eta goxo batez islatzetik itsuskeria laztantzera eta honi etekin estetiko handia ateratzera igaro da Euli-giro-n. Horretarako, emozioetatik abiatu da, hauek lausoago (baina, halere, eraginkor) eskaintzen bazaizkigu ere. Bada, bestalde, lehen lan haren eta Euli-giro-ren arteko alde nabarmen bat: giroa. Aulki bat elurretan-en alderdi hau baldin bazen narrazioetako abiapuntu eta erdigune, azken liburu honetan argumentua laguntzeko funtzioa egokitu zaio. Horrela, objektibotasuna eta emozionaltasunaren arteko oreka betea gorde duten deskribapenetatik ez bada, zuzenean gertaeretatik edo pertsonaien elkarrizketetatik eratortzen den funtsezko osagai bihurtu da giroa.

Alberdi modu trebean nahastu ditu errealitatea eta fantasia bederatzi narrazioetan, errealismo magikoa edo surrealismoaren laguntzaz. Istorioen oinarrian, gizakiaren baitako zein bere ingurukoekiko gatazkei eragiten dien misterioa dago. Eta lan osoa hartzen duen iluntasun moduko bat, Alberdirengan sekula ikusi gabea, irakurleoi pertsonaien ezinegona kutsatuko diguna. Oroz gain, idazleak ederki kudeatzen asmatu duen tentsio narratiboa, istorioen arrakastaren arrazoi nagusia dena, tentsio hau nahasmen sentsazioa, umore beltza eta jadanik ohituak gaituen hunkitzerainoko sentiberatasun berezia bezalako osagaiekin uztartzeko erakusten duen dohainarekin batera. Izan ere, autore honen sorkuntzan transzendentzia eta anekdotaren arteko trantsizioa xehetasun sotilen esku dago maiz. Areago, berea ñabardura askotako idazkera da: esaldi bakar batean, tonu dramatikoa umore absurdo ukitu batez arintzea lortzen du, giroa istant batean goxotuz; ordura arte tentsioari eusten genion irakurleoi irribarrea ateraz.

Narrazioetako protagonistak adin eta egoera arras ezberdinak bizi dituzten emakumeak dira. Lehendabiziko aldiz, beren bizitzaren kontrola hartzeko prest dauden protagonistak sortu ditu idazleak, perbertsio-puntu bat ere erakusten dutenak, askotan desira sexualarekin estu lotutako morboak lagundua dena. Horien gorputza (haurdun egonik edo gaixotasunak jota irudikatua dena, besteak beste), gainera, hitzen beharrik gabe erakusten duen adierazpen-indarra dela eta, diskurtsoaren osagarri bilakatzen da sarri. Oro har, protagonistengan nabarmentzen den alderdia izaera zintzoarena da, hau da, egunerokoan azaleratzen diren giza-ahuleziak agerian uzteko inolako kezkarik gabe jokatzen dute. Izan ere, pertsonaiekin egin bezala, irakurleoi dagokigunez ere Alberdik ederki daki gure baitako alderdi emozionalarekin konektatzen, lehen azal-geruza urratzen, argi-itzalen artean aurrera eginez, isilpeko misterioak gorde ditugun tokirainoko bidea egin arte.

Alberdiren literatura sorkuntzan bilakaera interesgarri baten lekuko izan naizelako sentipenarekin itxi dut liburua, aulkiekin gora eta behera zebiltzan Alberdi hura, oraingoa baino askoz xaloagoa zena eta formarekin esperimentatzeari garrantzi handiagoa ematen ziona, faltan bota ez ote dudan zalantzaz; baita, itxuraldatua bada ere, idazle honen berezko estiloaren xarmak hor dirauen ziurtasunarekin itxi ere.

“Unibertsitatean ez dizute ezer irakatsiko, bost axola zaie literatura. Ikusi duzu inoiz irakurtzen duen bitartean haserrea zainetara igotzen zaion irakaslerik? Poemak arbelean izkiriatzen izerditzen al da funtzionario horietako bakar bat ere? Ez dizute deusetarako balio. Gosea, bakardadea, sumina! Horra hor literaturaren hiru zutabe behinenak!”

Testua: Iraitz Urkulo

Argazkiak: Uxue Alberdi / Susa

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013