Udalaren jardute “ankerrak” Atxuri auzoarentzat beharrezkoa den azpiegitura arriskuan jar dezake Bilduren ustez

bertonaldizkaria 2013ko abe. 11a, 18:15

EHBilduk salatu du Atxuriko Enkarnazio parkean aurreikusita dagoen azpiegitura estaliaren inguruan sortutako eztabaida Udalaren kudeaketa “ankerraren” ondorioa besterik ez dela izan eta azpiegitura horren etorkizuna kolokan jar dezakeela.

 

Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak Udalari leporatu dio errua. “Halako proiektuen kudeaketan datza errua, parte-hartzearen aldeko apustu argirik gabe egiten dira eta jende eta eragile asko iritzia emateko zabaltzen diren guneetatik kanpo gelditzen da”, azpimarratu du zinegotziak.

Ibaibarriagak adierazi du aipatutako azpiegitura beharrezkoa dela bai Atxuri auzoarentzat bai Garcia Rivero eskola publikoarentzat kirola egin ahal izateko edota edozein ekimen aurrera atera ahal izateko. Era berean, EHBilduren ustez, egun Enkarnazio parkea gutxiegi erabilita dago eta bertan erabilera berriak sar daitezke. “Egun azpiegitura horretarako aurreikusten den kokapenak ez du ekarriko parkearako galerarik, %40ko malda batean kokatzea aurreikusten baita”, adierazi du Ibaibarriagak.

Bozeramaleak aipatu du parkeari aktibitatea eman behar zaiola, “jendea erakarri behar da parkera, jendearen segurtasuna bermatze aldera eta, batez ere, parkean egun dauden emakumeentzako toki arriskutsuak desagertze aldera”. Ibaibarriagak, azpiegitura horren diseinuan EHBilduk parte-hartu ez duela azpimarratu du. Hala ere, Ibaibarriagak parte guztiei deia luzatu die polemika ostean Udalak martxan jarriko duen lantaldean parte hartzeko guztientzat asegarria izango den proiektu bat denon artean lortzeko.

Era berean, EHBilduk uste du martxan jarriko den mahai horrek, eraikiko den azpiegitura horrek izango dituen erabilera eta ordutegia adostu beharko duela auzoko elkar bizitza bermatze aldera