Hainbat guraso eta irakasle ohik Karmelo Ikastola berria ezagutu dute

bertonaldizkaria 2013ko abe. 12a, 17:56

Karmelo Ikastola sortu zuten guraso batzuk gaur Larreagaburu-Mina del Morron eraikin berria ezagutu dute. Irakasle ohi batzuk ere izan dira bertan, asko guraso ere izan direnak. Abenduaren 19an ekitaldia antolatu dute ikastola zaharrari agur egin eta berriari ongietorria emateko.

Interesa zuten guraso eta irakasle ohi batzuk ikastola berria ezagutzeko. Gaur goizean Larreagaburu-Mina del Morron izan dira urtarrilaren 7tik aurrera ikaslez beteko den Karmelo Ikastolako eraikin berria bisitatzen.

Abenduak 19, agur ekitaldia

Gabonetako oporrak baino lehen, ostegun honetan -abenduak 19- agur egingo diote Santa Marta eta Menendez y Pelayoko ikastola zaharrari. Hitzorduan elkartzekoak dira Karmelo Ikastolarekin lotura izan duten asko eta asko. Besteak beste, ikasle eta ikasle ohiak, irakasle eta irakasle ohiak eta guraso eta guraso ohiak eta langile eta langile ohiak.

Jolastokian hasiko da ekitaldia 15:00etan ikastolako gurasoen hitz batzuekin. Iñaki Aurrekoetxearen bertsoak eta Xabi Aburruzagaren abestiak entzungo dira jarraian eta agurra dantzatuko da. Ondoren bertaratzen direnek kalejiran Santutxu auzoa zeharkatuko dute ikastola berrira iritsi arte. Larreagaburu-Mina del Morron, eraikin berrian, txokolatadarekin emango diote amaiera ekitaldiari.

ERREPORTAJEA "Karmelo Ikastola eraikin berrian azkenik"