Beñat Sarasola: “Irakurleon kontzientzian pitzadurak eragin ditzan eskatzen diot literaturari”

bertonaldizkaria 2014ko urt. 7a, 12:49

Euskal literatura du Beñat Sarasolak pasio eta ofizio. Poeta gisa Kaxa huts bat (2007) eta Alea (2009) argitaratzeaz gain, hainbat urtez kritikak idatzi ditu Berrian. Larunbatero, ETB1eko Sautrela saioan ikus dezakegu. Musikaz eta zinemaz ere hausnartzen du separata.wordpress.com blogean. Proiektu berri batekin dator orain: berak zuzentzen duen “Munduko Poesia Kaierak” bilduma (Susa).

Zer da zu bezalako donostiar batentzat Bilbo?

Oso maite dudan hiria da Bilbo. Beti erakarri izan nau. Nire Euskal Herriaren zati handi bat hartzen du, ezin dut imajinatu Euskal Herria Bilborik gabe. Bilbo-Donostia arteko lehia gehienetan txepela, Vocento talde eta enparauentzat utziko dut hobeki. Ia urte betez bizi izan nintzen eta lagun handiak ditut han. Orain Donostian bizi banaiz ere, hilero joaten naiz gutxienez hara Bidebarrieta Literatura Tailerreko arduradun naizelako.

Zenbat urte daramatzazu ardura horretan? Nola funtzionatzen du tailerrak?

Honakoa hirugarren urtea da. Orain arte hamabostean behin egiten genuen baina aurten hilean behin elkartzen gara nik aurrez aukeratutako liburu baten inguruan hitz egiteko. Hautatutako liburu gehienak nobedadeak eta narratibazko lanak izaten dira baina beti saiatzen naiz sartzen itzulpenen bat, poesia libururen bat, eta inoiz, baita saiakeraren bat ere. Gehienez bi orduko saioak izaten dira. Saio batzuetan ere idazlea etorri ohi da bigarren orduan.

Zein da zehazki zure lana bertan?

Nire egitekoa irakurgai zerrenda aukeratu eta saioak bideratzea da, liburuaren inguruko hainbat gai, alderdi eta abar mahai gainean ipiniz. Ahalik eta gutxien hitz egiten saiatzen naiz, baina ez dakit lortzen dudan beti...

Poeta, kritikaria, itzultzailea, hitzaurregilea, ikerlaria; prentsa idatzian eta ETB1eko Sautrela saioan kolaboratzaile... Ezeri ezetz esan diozu inoiz?

Bai, esaten diet gauza batzuei ezetz. Bata bestearen atzetik zerrendatuta gauza asko dirudite baina aipatutako jarduera horietariko batzuk oso esporadikoak izan dira. Tesia egiten eman dut lau urte eta hura amaitzean beste ezeren bila hasi behar eta nahiko ezustean, lan ugari ailegatu zait arrapaladan.

Saltsa literario guztietan zaude, beraz.

Nire afizioa, pasioa, ikasketak, denek dute zerikusia literaturarekin, eta beraz, ez da hain harrigarria ere hala ibiltzea. Kontua da modu horretan bizibidea ateratzeko hamaika gauza egin behar izaten dela. Lehengoan esan zidaten: “leku guztietan zaude! Zu eta Harkaitz Cano!” Uf, pentsatu nuen, eta Hondarribiatik irteten zen lehenengo hegazkina hartu eta munduaren beste puntara joateko gogo bizia sartu zitzaidan, hori ere hala da.

Abendu hasieran aurkeztu zenuen “Munduko Poesia Kaierak” izeneko bilduma, Susa argitaletxeak bultzatu eta zuk zuzentzen duzuna.

Susa argitaletxean aspaldiko asmoa zen bilduma hori abiaraztea. Ideia, nolabait, Koldo Izagirrek zuzendutako “XX. mendeko poesia kaierak” proiektuarekin sortu zen eta hor egon da urtetan gauzatuko zain. Halaxe ekin genion duela hilabete batzuk ideia hartu eta gauzatzeari eta pixkanaka gorpuzten joan da harik eta jada bilduma aurkeztu dugun arte.

Zertan datza proiektua?

Bilduma munduko poeta esanguratsuen antologiek osatuko dute. Poesia modernoa hartuko da aintzat, hots, gutxi gora behera XIX. mende erditik XXI. mende arterakoa. Poeten aukeraketa ahalik eta zabalena izaten saiatuko gara, genero, estilo, jatorrizko hizkuntza eta abarri dagokienez, baina denak ere beren tradizio literarioan poeta erreferentzialak izango dira. Ez dugu aurretiaz ezarritako poeta zerrenda itxirik, antologiak itzultzaileen eta nire artean erabakitzen ditugu, itzultzaileen nahi, gustu, tenple eta bildumaren beharrizanen arabera. Poemen aukeraketa itzultzaileen esku egongo da; nik iradokizun bat edo beste egin ahalko dut, baina gainontzean, itzultzailearen erabakia izango da zein poema sartu.

Poeten izenak aurreratzerik baduzu?

Lehenengo sei poeta antologatuak honakoak izango dira: Georg Trakl (Anton Garikano), Maria Merce Marçal (Itxaro Borda), Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri), Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Horietaz aparte, beste zenbait ditugu jadanik bideratuak, datozen urteetan argitaratuko direnak; esate baterako: Anne Sexton (Harkaitz Cano), Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosa), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi), Jorge de Sena (Rikardo Arregi Diaz de Heredia).

Zein da beste tradizioetako poesia euskarara ekartzearen garrantzia?

Hutsaren hurrena da euskaraz itzuli den poesia, gure kalukuen arabera, 100 bat poema liburu itzuli dira soilik euskal poesiaren historian. Hori zoritxar bat da, ez bakarrik poesia zale eta irakurleentzat, baizik eta euskal poesia berarentzat. Izan ere, poesia itzulpenak lengoaia poetikoa zabaltzen, garatzen eta aberasten lagun lezake, eta hala, sortzez euskarazkoa den poesiari ere onura ederra ekar lekioke. Horretaz aparte, poesia bezainbat gustatzen zaigu poeta eta ahots poetiko berriak ezagutzea eta bildumak horretan ekarpena egitea espero dugu.

Bizi dugun garai postmodernoan, kopia eta originalaren arteko muga inoiz baino lausoagoa denean, itzulpena sormen-generotzat jo daiteke?

Ni bereizketen aldekoa naiz. Itzulpena eta sormena bi gauza diferentetzat ditut. Jakina, kasu estremoetan mugak elkar ukitzen dira; hor dugu, esaterako, Xabier Olarraren itzulpen miresgarria, Raymond Queneau-ren Estilo ariketak. Nork uka asko duela sormenetik? Ordea, salbuespenetatik kategoriak egin eta orokorkeriatan ibiltzea –postmodernitatearen gauza tipikoetako bat, bestalde– ez zait oso zuhurra iruditzen eta sarri alferkeria intelektuala adierazten duela esango nuke.

Ez zaude, hortaz, kritika sorkuntza mota bat dela onartzeko prest.

Iruditzen zait kritika ere sormena dela dioen ideia horrek alimalezko truñoak ekoitzi izan dituela. Egungo literatur kritikaren panorama, mundu zabalean, gaitz horrek jota dagoela esango nuke; alegia, obrak edo auzi literarioak esplikatu eta juzgatu beharrean pirueta koloretsuak egiteko neke handiak hartuta, eta emaitza sarri askotan lotsaemangarria izaten da. Horretan guztian ere badago alferkeria intelektualetik zaku bete.

Zeintzuk dira literatura lan batek izan behar dituen funtsezko balioak?

Liburu bati eskatzen diot irakurlearen kontzientzian pitzadurak eragin ditzan, ez dakion suertatu eroso. Azken finean, Sklovski handiak aspaldian esandakoa, nolabait: irakurlearen automatizazioak haustea. Hori egiteko, baina, bideak ugariak da, eta interesgarriagoa dena, ez dakigu etorkizuneko bideak zeintzuk izango diren.

Aurten Santiago Onaindia Beka eskuratu duzu, zorionak! Zertan datza ikerketa proiektua?

1975-1990 urte bitarteko literatur aldizkariak aztertuko ditut, eta horiek euskal literatur sistemaren osaeran izan zuten garrantzia neurtu. Susmoa dut literaturaren historian eman ohi zaien garrantzia baino puskaz handiagoa dutela, eta neurri handi baten, egungo egoera zein azken urteetako kanona ulertzeko klabe asko eskaintzen dituztela.

2013ko bost kultura gomendio

• Musika-album bat: The Man Who Died In His Boat, Grouper

• Film bat: Cutie and the Boxer, Zachary Heinzerling

• Poesia-liburu bat: Parisen bizi naiz, Koldo Izagirre

• Eleberri bat: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

• Saiakera-lan bat: Hiztunpolisa, Jon Sarasua

Testua: Iraitz Urkulo

Argazkiak: Iñigo Azkona