Lorratzen jolasa, Bilboko Alde Zaharra, umeen ikuspuntutik

bertonaldizkaria 2014ko urt. 8a, 11:44

Beatriz Alonso santutxuarrak Lorratzen Jolasa izeneko liburuxka atera berri du zortzi urtetik gorako umeek Bilboko historia era entretenigarrian ezagut dezaten. Detektibe lana eginez, lorratzak jarraituz, ikas dezaten.

Bidaiatzea gustuko du Beatrizek, “hiriak ezagutzea”, batik bat. Semea izan eta berarekin bidaiatzen hasi zenetik, oso bestela antolatzen ditu oporretako bisitaldiak. Bederatzi urteko mutil batekin hiriak ezagutzea “oso ezberdina” baita. Horregatik, ezin aproposagoak iruditu zitzaizkion Parisen edota Madrilen aurkitu zituen gidak. Umeekin turismoa egin eta hiria ezagutzeko jolas liburuak ziren. “Historia azaltzen dute, baina beste ikuspuntu batetik, beste ikuskera batetik; oso liburuxka interesgarriak ziren. Nire semeak ez ezik nik ere ikasten nuen horrela”, gogoan du. Bizpahiru hiritan frogatu ostean, “nire hirian, Bilbon, zergatik ez dago horrelakorik”, galdera sortu zitzaion Beatrizi. Zoritxarrez, “horrelako askorik ez dago”. Ez da existitzen “Bartzelona umeekin” edota “Zamora umeekin” izeneko gidarik, eta hutsune horri irtenbidea ematea erabaki zuen. Haimar semearentzat batetik eta bestetik jasotako informazioa bere gustura moldatzera ohituta zegoenez, Lorratzen Jolasa proiektua abiarazi zuen.

 

Zamudioko atean du hasiera jolasak. Bilbo hiribildurako antzinako sarbidean, egun iturria dagoen lekuan. Hortxe luzatzen du Beatrizek lehen galdera: Zeintzuk izan ziren Bilboko lehen hiru kaleak? Erantzun ahal izateko, umeek Ander Sarabia santutxuarrak margotutako planoa eta euren zentzumenak erabili beharko dituzte. Bigarren zalantza argitzeko Erronda kalerantz zuzentzea derrigorra da, Bilboko harresi zaharrera. Hiru aukeraren artean, harresiak zenbateko altuera zuen asmatzea da koska. Bi metro, “gutxiegi”; kilometro bat, “gehiegi”. Sei metroko altuera, “erantzun zuzena”. Someran (edo Goienkale) berriz, oso bestelako zeregina izango dute. Etxe baten fatxadan, pertsonaia historiko baten jaiotetxean, aurpegi bat aurkitu beharko dute. Eta ezaguna ez den arren, aurpegi “misteriotsu” bat egon dago Juan Crisostomo de Arriaga musikaria jaio zen Somera kaleko 13. zenbakian.

Altxorarren bila, detektibe jolasak, igarkizunak, denbora-pasak… guzti horietan oinarritu da Beatriz Alonso 16 orrialdeko Lorratzen Jolasa liburuxka osatzeko. Umeak informazio bilaketan bi ordu eta erdiz luza daitezke; lehen zatian Zazpi Kaleetan eta bigarren zatian Areatza aldera hedatu ziren kaleetan. Bidean, “geldialdiak egitea” gomendatzen du Beatrizek. Adibidez, Jardines kaleko tabernetan, “pintxo oso goxoak jateko”. Gerta daiteke, baina, jolasa bukatu baino lehen gogaitzea edota nekatzea umeak. Horrelakoetan, egun bakarrean hasi eta bukatu ordez, bi egunetan jolas daiteke.

“Abantaila” izan da Beatrizentzat bere hiria, Bilbo, hautatzea lehen lanerako. “Donostia hautatzea nekezagoa zitekeen”. Hiria hautatu ostean, hiriko leku eta pertsonaia “enblematikoak” hautatu ditu. Dokumentazio lanean aritu da horretarako, besteak beste, Euskal Museoan, Interneten eta bisita gidatuetan. Egunero gurutzatzen ditugun kaleetan, “zelako artea” dugun konturatzeraino. “Oporretan kanpora goazenean adi-adi behatzen dugu dena eta gure hirian, berriz, ez gara ohartzen zer dugun”. Arana jauregia izan da Beatrizen “aurkikuntzetako” bat. Belostikaleren hasieran dago eta Bilbok izan duen lehen jauregia da berau. “Sekulako fatxada” duena.

Irudi eta ilustrazioetarako Ander Sarasola santutxuarra eta Txurdinagako bizilagun Raquel Alzate ilustratzailearen laguntza izan du Beatrizek. Raquel oso ezaguna da komikigintzan. Irudi mitologikoa lantzen du batez ere eta Kixmi jentilaren irudia sortu du espresuki jolaserako. Erriberako arkupetako sabaiko hormairudietako bat Kixmiren kondairan oinarrituta dago eta umeek bertan zein irudi ageri den eta zein ez argitu beharko dute.

Abenduaren lehen egunetan ikusi du argia lau hizkuntzara (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) itzulita dagoen liburuxkak. Internet bidez eska daiteke 12 euroren truke. Lehen aleak saldu dira jada, “lagun eta ezagunek eskuratu dituztenak zenbatu gabe”. Pozik dagoen arren, Beatrizek oraindik orain ez du baloraziorik egin nahi; “goizegi” dela deritzo. Zabalpenean du burua. Bilboko Udaleko informazio eta turismo zentroetan bere gida eskuragarri egotea nahiko luke eta 100 urte baino gehiago daukazten Meltxora erropa-dendan eta Gorostiaga txapela-dendan (biak aipatzen ditu liburuxkan). Gabonen ostean, ekingo dio zabalpen lan horri, “gauzak apur bat lasaitzen direnean.”

Hurrengo lorratzen jolaserako, nork daki, “Abando edo… Bilboko beste guneren bat” aukera dezake Beatrizek. “Bidaiak prestatzea nire hobbya da. Ama izateak asko baldintzatzen du eta garrantzitsua da bidaietan seme-alabekin gozatzen jakitea”.

www.juegodepistasbilbao.com

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Beatriz Alonso/BERTON