SindroTube proiektua, euskaraz egindako laburmetraiak

bertonaldizkaria 2014ko urt. 16a, 11:03

SindroTube proiektua EHUko ikus-entzunezko klase batean hasitako proiektua da. Baina haratago joan dira, kanpoan ere parte hartzaileak bilatuz. Lehenengo laburmetraia "Pseudoeuskalitis" izenarekin aurkeztu zuten. Interneten zein nazioartean ohikoa den mockumentary (fikziozko dokumental umoretsua) estiloari bertoko kutsua eman diote, euskalki edo tribu urbanoak (Athletic zaleak barne) moduko gaiak landuz.

Trama aldetik, kapitulo bakoitzak asmaturiko gaixotasun bat aurkezten du. Ondoren, hori pairatzen dutenen egunerokotasunaren egoera kuriosoak deskribatuz. Bigarren lanerako "Kamaleonitis" gaixotasuna asmatu zuten. Grabaketak azaroan zehar eta abenduaren hasieran gauzatu zituzten eta hainbat antzezlerekin giro profesionalean lanean aritzeko aukera izan zuten.

Grabaketak Santutxu eta Basarrate inguruan gauzatu dituzte, eta bertako komertzioek laguntzeko erakutsi duten prestutasuna apartekoa izan zen. Bilbon, Alde Zaharrean ere filmatu zuten. Proiektua izaera transmediarekin egin nahi izan dute. Horretarako plataforma ezberdinetan eduki propioak zabaldu dituzte (Youtuben bideoak, blogean sarrera zein argazkiak, Twitterren taldekide zein pertsonaien iruzkinak...).