"Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean" erakusketa Donostiako San Telmo museoa eta Etxepare institutuaren arteko elkarlanetik sortu zen 2012 urtean. Donostia eta Gasteizen erakusketa arrakastatsua izan da eta, otsailaren 24tik aurrera, Alondegian izango da ikusgai, Bilboko udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol sailaren eskutik. Lehen egunetan ikastetxe, euskaltegi eta hizkuntza eskolentzat egongo da zabalik eta otsailaren 28tik aurrera, ikusle guztientzat zabalduko ditu ateak erakusketak, maiatzaren 4rarte.
Erakusketaren ardatza euskararen iraupena da eta ardatz horren bueltan, eduki ezberdinak lantzen dira hamar ataletan: (A)hotsak; Kodeak; Hizkuntza bizia; Euskara mundu eleanitzean; Euskararen iraupena; Euskararen herria; Erabili, maitatu, ikasi, irakatsi; Gozatu, jolastu; Hizkuntzen elkarbizitza eta, Agurra(k).
Parte hartzeko aukera ematen duen erakusketa da "Badu Bada" eta interneten ere jarraitzeko aukera dago www.badubada.com helbidean.