uriola.eus

Txurdinaga eskolaren ondare bizia

 Bilbo

Gutxi erreparatzen diogu eskolak daukan aktiborik handienetako bati, eskolaren ibilbidearen erakusgarri den atal nagusienetako bati, azken batean, bidea jorratzean ezinbesteko izan den ikasle izandakoen taldeari. Esaten den legez, inongo zalantzarik gabe edo erratzeko izpirik gabe: Izan direlako baikara.

Hainbat dira BERTONeko orrietan agertu direnak eta ez gutxi azala bera merezi izan dutenak euren jardunagatik. Pentsatu nahi dugu euren jardunean eta ibilbidean txikitan eskolan bizitakoa baliagarri suertatu zaiela, geuk aletxoren bat utzi izana, xumea bada ere.

Eskolan ibilitako hainbat ikasleri galdetu diegu zertan dabiltzan gaur egun eta eskolan bizitako urteen gainean zer gogoratzen duten. Eta gogo onez eta prestutasun handiz erantzun digute, eskerrik asko guztiei.

Nagore Irigoien eta Gorka Lopez dira galdetu diegun gazteenak, 19 urte. Lehenengoa Madrilen bizi da Fisioterapia ikasten kirol beka bati esker eta goi mailako taekwondoa egiten. Bigarrena, berriz, Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten dabil Leioako EHUn. Ikaskide biek eskolaz gogorapen politak dituzte, urte zoriontsuak pasa zituzten. Bertan lagun on asko egin zituzten eta batzuekin oraindik ere harreman sendoa daukate. Oroitzapen onak dituzte irakasle guztiez. Nagorerentzat kutunena Haur Hezkuntzan izandako Josune izan zen, Gorkak, berriz, Jose Antonio aipatu nahi du “oso trebea baitzen ikasleon interesak konpartitzeko orduan”. Asko gogoratzen dira txitxiburduntziz, abestera eta gozoki eta diru bila joaten zireneko Agate deunaren egunaz, inauterietan egiten zituzten mozorroez eta Txurdinagatik egiten zuten desfileaz eta, batez ere, eskolako eguneko jaiaz. “Oroitzen dut, eskolako azken urtean, azken egunean, gure kezka bakarra gure izena esatean diploma bila joateko, eszenatokira igotzean eskola osoaren aurrean ez erortzea zen, oso urduri jartzen ginen”, diosku Nagorek. Gorkak, aldiz, Txepetx irratia du gogoan: “Ez zait ahaztuko benetako irrati-etxe batean aritzeak egiten zigun ilusioa. Pentsatzen dut gaur egun jendaurrean berba egiteko arazorik ez edukitzeko lagungarri izan dudala”.

Arte Ederrak ikasitako Etxahun Arregik, 27 urte, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egiten dabil, “baina nire burua, batez ere, musikari bezala daukat”. Eskola, txikia zenean, toki basati xamarra iruditzen zitzaion, eraikuntza belardiz eta buztinez inguratua zegoelako. Ez zegoen hesirik eta inguruan oso etxe gutxi zeuden. Oroitzen da lurrean zuloak egiten zituztela jolastorduetan eta galtzak buztinez zikin-zikin eramaten zituztela etxera. Jantokiko jolastorduak amaitu ezinak ziren. “Eskola garaitik barne-barnean geratu zaidan gauzetako bat, haur hezkuntzan, Amaia irakaslearekin, asteko egunak koloretan banatuta genituela paperezko taula txiki batean, eta oraindik ere asteko egunak kolore horiekin identifikatzen ditut; Astelehena gorriz, Asteartea berdez, Asteazkena horiz, Osteguna urdinez eta Ostirala arrosaz. Hori ez dut sekula ahaztuko”.

Jone de Felipe Barrutiak, 27 urte, Artearen Historia eta Museologia ikasi du eta gaur egun Cristobal Balenciaga Museoko Hezkuntza Arduraduna da.  Oso gustura joaten zen eskolara. Bederatzi urteetan momentu on ugari bizi izan zituen. Gogoan ditu, bereziki, eskolako jaia, irteerak edota inauteri-eguneko desfilea. “Estimu bereziarekin gogoratzen ditut, era berean, Jose Antonio Martinezekin, guretzat Maisitus, pasatako bi kurtsoak eta berarekin landutako idazlanak. Maisitus goitizena maisutik zetorrela uste dut, era maitagarrian adierazia”.

29 urteko Eneko Malatsetxebarriak Fisika ikasi zuen EHUn eta doktoretza tesia idazten ari da Donostia International Physics Center-en. Gogoan du hasierako urteetan eskola inguruan ia eraikinik ez zegoela, parkea egin berria zela eta neguan basatzaz heltzen zirela eskolara. Urteekin, Txurdinaga auzoko inguru hori hazten ikusi du, eta baita eskola bera ere. “Eraikin berriko sarreran aquarium handi bat zegoen, zelan entretenitzen ginen arrain ezberdinei begira. Gero futbol zelai estalia ere egingo zen eta hor ematen genituen orduak eta orduak eguerdietan. Txitxiburduntzi egunean olio upel handietan sua egiten zen txistorra erretzeko, eta horrelako dozena bat upel egoten ziren jolastokian. A eredukoak deitzen genituenak ere bazeuden alboko klaseetan, horietatik ijitoak zenbait, eta orduan tratua zaila izaten zen arren, orain aberatsa izan zela iruditzen zait, zalantzarik gabe. Bestalde, pozten naiz gaur egun ere tratua mantentzen dugulako ia klasekide guztiok, baita beste belaunaldietako askorekin ere”.

Mikel Regidorrek, berriz, Kolonbiatik idatzi digu. Bogota eta Cartagena de Indias artean dabil lanean Bilboko makina eta ekipo industrialen enpresa baten ordezkari. Gustura hartu du bota diogun gonbitea. Sare sozialei esker ikaskide izandakoekin harremanetan segitzen du eta hemen dagoenean afaltzera ere elkarrekin joaten dira. Gogoan hartzeko gonbitea ere egin digu, zerbait antolatu beharra ikasle izandakoak biltzeko. “Ondo gogoan dudana jantoki orduak dira. Anabasa zen baina Lolik tente jartzen gintuen, era berezian jarri ere. Beste une garrantzitsu bat ikasketa bidaia izan zen etxetik guraso gabe irteten nintzen lehenengo aldia baitzen. Esperientzia handia izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiet nire eskola urteetan ibili ziren irakasle guztiei”, esan digu Mikelek.

Urte bat zaharrago dira Adur Larrea eta Ana Revuelta. Enekok bezala eskola inguruan oso etxe gutxi zeudela  gogoan du Adurrek: “Solo eta landa eremu zabala zen (edo agian sasi eta larre utziak baino ez ziren), baina edozelan ere belarrez inguratutako eremu batean kokatua zegoela. Batzuetan, eskolako kanpoko aldeko paretaren kontrako lurra lantzera gizon bat zetorren. Ez dakit nor izango ote zen gizon hura, baina lantzean behin masustak eta ahabiak bildu eta besoa hesiko zirrikitutik pasatuz guri ematen zizkigun”. Anak, aldiz, gaur egun arte hezitzailea izanik bizitako esperientziak askotan abiapuntutzat hartzen ditu; “nolako materiala erabiltzen genuen, zelako dinamika sortzen zen klaseetan, jolas garaiko kantak, jolasak eta tirabirak… Bertan ikasi nuen euskara, nire ama hizkuntza ez izan arren, orain ezingo nuke nire bizitza ulertu euskara eta euskal kulturarik gabe. Kantuan ikasi nuen, irakurtzen, batuketak egiten, buruketak, lanak egiten, dantzatzen, ikasten, gure patio zatia defendatzen, pentsatzen, mapak ulertzen, gomara jolasten (oso ona nintzen!), txuletak egiten, lagunak egiten... eta oraindik deskubritu ez ditudan milaka gauza gehiago ere ikasiko nituen, askotan, ikasitakoaz, gerora konturatzen gara”.

Maia, Saioa eta Argi Aurtenetxe ahizpak dira. Begoña ikastolatik Txurdinaga eskolara etorri zen taldeko ikasleak. Maia 32 urteko Haur Hezkuntzako irakaslea eta areto futboleko entrenatzailea da. “Aldaketa izan zen eskola hain handira pasatzea (gero jakin nuen horrela sortu zela Bilboko lehen D eredu publikoa). Patio erraldoia geneukala eta lokatzarekin jolasten genuela eta lokatz horrekin jolastea zein dibertigarria zen. "Gimnasian" mendian gora korrika joaten ginen Pablo irakaslearekin, Santa Marinako errepideraino eta gero berriro beste bide batetik jaisten ginela eta lehenago nekatzen zena, buelta erdia eman, eta bere kabuz bueltatzen zela eskolara. Irakasle gela leku ezezagun eta misteriotsua zela. Informatikan Maiterekin dortoka bat zegoen programa erabiltzen genuela, "logo" programa, uste dut sagurik gabe, eta forma geometrikoen bidezko irudiak egiten zirela”.

Maiaren ahizpa Saioa eta Enara Fernandez 34ko urteko adinkideak dira eta Lehen Hezkuntzako irakasle bi biak. Enarak gogoan du Begoñako ikastolatik heldu zirenean zelako giro ezberdina topatu zuten. “Liburutegian zeuden gurutzeak, errege-erreginaren argazkia... arauak oso zorrotzak ziren, batez ere bertan topatu genituen irakasleen aldetik, niretzat irakasle horiek arraroak eta urrunak ziren, erdaraz egiten ziguten. Bestalde gurasoen bilerak zeudenean, zenbait ume eskolan gelditzen ginela elkarrekin jolasten, gurasoek materiala euskaratzen zuten bitartean. Ez zait inoiz ahaztuko, bideo-gelako alfonbra berdean, "Banner eta Flappy" bideoa lehen aldiz euskaraz ikusi nuenean, eta, hara non, pertsonaia batek nire gelako baten aitaren ahotsa zuen. Jantokiko atsedenaldiak ere gogoratzen ditut, luze-luzeak ziren, harik eta egun batean begiraleak etorri ziren arte. Dena aldatu zen”. Saioak, ordea, Jantokian zituzten eskolaz kanpoko ekintzak gogoratzen ditu, “txalaparta, euskal dantzak, bertsolaritza eta gehien gustatzen zitzaidana, baina oso galdeginik zegoena, irratsaioa. Zein dibertigarriak ziren bi ordu eta erdiz patioan antolatzen genituen jolasak. Eskola osotik ezkutaketara jolasten genuen. Joserra monitorea gogoratzen dut, oso jatorra zen eta ekintza ugari antolatzen zizkigun”. Jantokiko irakasleez ere gogoratzen da eta gustuko ez zuten janaria uzteko egiten zerabiltzaten teknikak… “Oso profesionalak ziren, ogia hustu eta bertan janaria sartu gero berriro ere ogi mamiaz estaltzen genuen. Begoñaren musika klaseak gogoratzen ditut. Niri beti triangelua tokatzen zitzaidan, hura nazka! Denok xilofonoa nahi genuen eta!”.

Ahizpetan nagusiena den Argi Aurtenetxe  Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Begoñako ikastolatik Txurdinagara pasatu zirenean du gogoan. “Eskola erraldoia zen, handi handia, eta gu izan ezik, beste ikasle guztiak erdarakoak ziren. Irakasle askok ere ez zekiten euskaraz, eta guri klaserik ematen ez ziguten arren, patioan gaztelaniaz egiten ziguten.  Milaka txoko zeuden ezkutatu eta jolasteko. Jolaslekua ez zegoen orain bezain dotore, ez zegoen txirristarik... baina oso ondo pasatzen genuen lokatzarekin, zikinetan jolasten... "Bitxo bolak" harrapatzen genituen, sugandilak, arrabioak... Gogoratzen dut ez genuela apenas eskola libururik erosten, material guztia geletan zegoen (arkatzak, karpetak, liburuak...), eta han gelditzen zen hurrengo urtekoentzako. Ia ez geneukan etxeko lanik... gainera, gauza bat oso presente daukat: gure gurasoek euskal eskola publikoaren alde egindako apustua. Gurasoek gu euskaldun hezi nahi izan gintuzten, eta horregatik hasi ginen ikastolan, baina eskola publiko bihurtzeko aukera izan zenean, han egon ziren guraso guztiak, borrokan, negoziatzen... guri heziketa euskalduna bermatzeko”.

“Umetan ikasten dena, betirako” dio atsotitzak baina umetan sentitzen dena barnerako. Lehengo eta oraingo umeen artean alde handirik ez dago. Lokatzetan ibili, kukurutxak edo bitxo bolak harrapatu, jantokiko tranpak, inauteriak, txitxiburduntzia, eskolako jaia, ikaskideak, irakasle kuttunak… zorionez, oroimen selektiboa daukagu eta unerik gozoenei eusten diegu. Umeak ume izaten segitzen dute. Aldatu dena, beharbada, da helduok nola hartzen dugun umeak ume izatearena.

 

Testua eta argazkiak: Txurdinaga eskola

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa