EH Bilduren arabera "EAJren jarrerak kontzertuak, Aste Nagusiko jarduera erakargarrienetarikoak, akatzen ditu". El Correo.com-eko erabiltzaileen %92ak "atsekabea" sentitu du Europa parkeko kontzertuak ezagutu dituenean. Hori gutxi balitz, sare sozialetan bolo-bolo dabilen bideo batek barre egiten dio aurtengo Aste Nagusiko kontzertuen egitarauari.
Bilboko EH Bildu udal taldeak negatiboki baloratu du atzo udalak jakitera eman zuen Aste Nagusiko kontzertuen eskaintza kulturala. Aitziber Ibaibarriaga bozeramailearen aburuz “EAJren jarrerak kontzertuak, Aste Nagusiko jarduera erakargarrienetarikoak, akatzen ditu”.
Bozeramaileak bi urte hauetan kontzertuak %50a gutxitu izanagatik bere kezka agertu du. Gogoratu du Aste Nagusiak inpaktu ekonomiko garrantzitsua sortzen duela hirian eta bai murrizketek eta bai kontzertuak jai esparrutik urruntzeko EAJk hartutako erabakia inpaktua negatiboki kaltetu dezaketela.
“EAJk baloiak kanpora botatzen ditu artistek eszenatoki hauetan jo nahi ez dutelako artistek erantzule direla esaten duenean”, adierazi du Ibaibarriagak. EH Bilduk ez dator bat EAJk egindako baieztapenarekin.
Bestetik, Udalak Aste Nagusian egiten duen inbertsioa eta Bilbao BBK Live edo En Vivo bezalako jaialdi pribatuei egiten dien ekarpena ez daudela orekatuta. Udalak 1.200.000 euro jartzen ditu Bilbao BBK Live jaialdia laguntzeko; aldiz, kontzertuetarako 650.000 euro (Aste Nagusiaren aurrekontuaren %26,5a) bideratzen ditu.
EH Bilduren bozeramaileak Euskarak kontzertu-eskaintzan duen presentzia urria aipatu ere. Bere iritziz, EAJk euskal hizkuntzaren presentzia bultatzeko apustua egin beharko luke.
Azkenik, Ibaibarriagak EAJren asmoa dohaineko kontzertuekin bukatzea eta Bilbao BBK Live edo En Vivo bezalako jaialdi pribatuak sustatzea dela azpimarratu du. Gutxinaka asmo horrekin aurrera doala adierazi du, hasiera batean Europa Parkeko kontzertuen kokapenari esker eta oraingoan musika taldeen aukeraketarekin.
El Correo.com-en inkestako emaitzak
Zombie Kids (abuztuak 21 asteazkena), Aste Nagusia Dance (abuztuak 23 osteguna), La Pegatina (abuztuak 23 ostirala) eta Auryn (abuztuak 24 larunbata) dira Europa Parkeko eszenatoki berrirako Bilboko Udalak lotu dituen taldeak. El Correo.com atarian botoa eman dutenen artean (1.742 boto) %92ak errefuxatu egin ditu Udalak kontratatutako taldeak.
Sarean umorea nagusi
Aste Nagusia de Mierdo 2013 izena du Interneten batetik bestera dabilen bideoak. Bai Europa Parkean bai Abandoibarrako eszenatokian Bilboko Udalak aurtengo Aste Nagusirako programatu dituen musika taldeen kontzertuak kritikatzen ditu bi minutu eta erdiko bideoak umore handiz.
Gaur elkarretaratzea parkeko "Bolan"
"Kontzerturik gabeko parkeen defentsan" gaur -ostegunero eta asteartero bezala-, 18:00etatik 20:00etara Txurdinagako parkeko “Bolan” elkarretaratzea egingo du Europa Parkea asanbladak. Auzotarrei berdez jantzita parte hartzeko deia zabaldu diete.
Asanbladak abuztuaren 3rako kontzentrazioa deitu du plaza Biribilean -BBVA ondoan- 19:00etan “Europa parkea berdea” goiburupean.