Txikitatik margotzen dihardu Isabel San Juan uribarritarrak; umetan printzesak, egun Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra eta bodegoiak batik bat. Bere azken lanak Barrainkua kaleko De Capricho dendan ikusgai izan ditu ekainean eta uztailean. Aurretik, Basauriko kultur etxean zein Alde Zaharreko Lamiak tabernan.
Hamaika koadro paratu dituzu De Capricho dendan ekainetik uztailera bitartean. Zergatik dira hain ezberdinak?
Alde batetik nire gogoko lan batzuk ekarri ditut, itsasadarrekoak, eta gainerako guztiak gehien bat bodegoiak dira, gustuko dudan beste genero bat da bodegoia. Urduñako paisaia bat ere bada, maite dudan koadroa, duela bi urte egindakoa. Tailerrean eskegita eduki dut eta ekartzea pentsatu nuen.
Ekarri eta saldu.
Bai, Amurrioko pertsona bat etorri zen erakusketa ikustera. “Hau Urduña da”, esan zuen eta erosi egin zuen.
Pintaketa lana nondik abiatzen duzu?
Lagunek egindako argazkietatik edota prentsan argitaratutako argazkietatik abiatzen naiz. Gordeta izaten ditut artxibo batean eta ateratzen joaten naiz. Gero tailerrean interpretatu egiten ditut.
Zer du Bilboko itsasadarrak hain berezia?
Mundu bat da itsasadarra. Oraingoak ez du zerikusirik. Lehen zeuden gabarrak, itsasontzi piloa, txalupak, tximiniak kea botatzen… baina hori historia da. Orain itsasadarra hutsik dago. Egungoa beste interpretazio bat da.
Akuarelista nagusien inspirazio iturri izaten jarraitzen du?
Bai. Euskal Akuarelisten Elkarteko kide naiz eta egoitzara joanez gero askok egiten duten gaia oraindik orain itsasadarra dela ikusiko duzu.
Imajina dezakezu kolore bizi eta alaiko itsasadarrik?
Denok dugu itsasadar bat buruan gordeta, paseatzen ikusitakoa, bizi esperientzietan oinarritutakoa. Mordoa margotu ditut. Baina itsasadarra margotzean kolore paleta zehatza daukat pentsatuta. Lortu nahi dudana da giro bat, atmosfera bat sortzea, normalean lainoa harrapatzea gustatzen zait. Saiatu naiz kolore biziagoekin, baina ez dago modurik.
Segovian ere saldu dituzu Bilboko itsasadarrak?
Orain lau urte jatetxe batean ipini nituen koadroak. Segoviako paisaiak eta herriak margotu nituen eta Bilboko itsasadar batzuk ere eman nituen. Hiru olio ziren. Hiru horiek saldu nituen. Horiek bakarrik. Jabeari galdetu nion eroslea nongoa zen. “Hemengoa, Segoviako”, esan zidan. Madrileko Euskal Etxean ere beste itsasadar bat saldu zidaten. Genero bat da itsasadarra. Jende askorentzat oso erakargarria.
Bodegoia ere asko landu duzu. Zergatik?
Bodegoi gehienetan teknika mistoa erabili dut: collage piloa, pigmentuak, plantilak, paperak, sokak… beste era batera margotzen dut. Oso genero zaila da, jendeak ez du gustuko. Nik berriz bai. Oso libre sentitzen naiz, oso ludikoa da. Barreiro izeneko irakasle bat izan nuen elkartean eta berak zioen paisaiak kanpoan margotu behar zirela eta ez tailerrean edota klasean. Ikusten zena margotu behar genuela, ez zigun argazkiak erabiltzen uzten, beraz bodegoiak margotzen ematen genituen arratsaldeak.
Grabatua ere egin izan duzu.
Betidanik gustatu zait grabatuaren mundua nigandik oso urrun baitzegoen. Taller Múltiplen Maite Martinez de Arenazarekin ikasi nuen. Bospasei urte eman nituen. Teknika oso gogorra da, sormen handikoa eta nekagarria. Momentuz utzita dut, baina itzuliko naiz.
Otsailean Lamiak tabernan oso bestelako margoak aurkeztu zenituen.
Urte oso bat izan nuen prestatzeko. Lamiaken emakumeak erakutsi behar nituela argi nuen. Figura oso gutxi landu dut orain arte. Laupabost figura lan margotu nituen eta pare bat bodegoi. Kritika ona egin zidan jendeak. Normalki igarri egiten da jendea egiatan ari den.
Zer ematen dizute erakusketek?
Garrantzitsuak dira. Tailerrean lanean ez duzu norekin alderatu eta konpartitu zure lana. Horman jartzean hainbat jendek gauza ezberdinak esaten dizkizu, erakusketa batetik beti ateratzen duzu zerbait. Segidan suertatu zaizkit azken erakusketak. Lamiak tabernakoa, Basauriko kultur etxekoa eta De Caprichokoa gero. Hain jarraian ez ditut egiten. Urtean behin edo bi urtean behin egiten ditut erakusketak. Patxadaz lan egitea gustuko dut, ondo prestatzea.
Erraza da zure lana erakustea?
Auzo etxe batean koadroak erakustea uste baino zailagoa da elkarteei lehentasuna ematen dietelako; piloa itxaron behar duzu. Normalki galeria moduan funtzionatzen duten denda eta tabernetan erakusten ditut nire lanak.
Irakaslea izan zara ofizioz aurten jubilatu zaren arte. Zure koadroen salmenta zein neurritan da garrantzitsua?
Norbere estimarako garrantzitsua da, animatu egiten zaitu. Lehen lana saldu nuenen, “nola da posible”, esaten nuen. Bizi esperientzia handia izan zen. Gogoan dut duela 15 urte taldeko erakusketa bat paratu genuela akuarelistok Larrea aretoan. 60 lanen arten zegoen nire bodegoia. Pertsona ezezagun bat sartu eta nire lana erosi zuen. Ezin nuen sinetsi. Pintura ez da nire lanbidea izan, eskerrak, bestela porrot eginda nengoke. Margotzea lanbidetzat izatea oso estresagarria da eta krisi garaian are gehiago.
Nola bizi dute krisi ekonomikoa zure lagun margolari profesionalek?
Nahiko etsita daude erakusketetan ez baitute saltzea. Puntu gorririk ez da ikusten. Jendeak krisi garaian beharrezkoa erosten du, baina koadrorik ez.
Zer eskaintzen du Euskal Akuarelisten Elkarteak?
Rafa Ortiz de Alfau margolariak behin esan zidan “zer egiten duzu zure etxean akuarela margotzen? Joan zaitez akuarelistengana”. Eta horrela hasi nintzen, klaseak hartzen. Eskola da. Akademia, esaten diote. Urtean behin edo bitan deitzen dizute taldeko erakusketetan parte hartzeko, margotzeko ostiralero elkartzen dira, margotzeko irteerak antolatzen dituzte... Erreferentzia puntua da.
Uribarrin, etxe ondoan, tailer txiki bat daukazu.
Beharrezkoa da. 80 metro karratuko pisu batean bizi naiz eta ez dut lekurik. Uribarrin lonja asko itxita daude. Nire neurriko bat ikusi eta erosi nuen. Oso txikia da, alboz sartu behar dut ia-ia. Etxetik bost minutura dut, oso erosoa da.
Zein ilusio duzu?
Tramankuluak hartu, edozein bidetik abiatu eta nahi dudanean margotzera jesartzea. Hori egin ahal izatea; jende askok egiten du. Proiektu bat da, ez dakit beteko dudan, baina buruan daukat.
Lau galera labur
Margolari bat? Botticelli
Margo bat? Edward Hopperen Morning sun
Margotu beharrekoa? Paisaiak
Inoiz margotuko ez duzuna? Barroko garaiko bodegoietako hildako animaliak
Testua: Lur Mallea
Argazkiak: Iñigo Azkona