uriola.eus

JONE ARTOLA, 2013ko txupinera: “Errepikatzen eta errepikatzen ari naiz bilbotar guztiak konpartsero bihur daitezen”

 Bilbo

Iraia Iturregiren pregoiaren ostean, aurtengo Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko txupina ez zuen berak piztu. Baina tentsio handiko uneak bizi eta gero jaso duen elkartasuna ez du erraz ahaztuko Jone Artola mahatsorriak. Eta batik bat Arriagatik jaitsi eta bere familiak besarkatu zuen unea.

 

Zein da egin ez dizuten galdera eta egitea espero zenuena?

Egia da, arrazoia duzu. Elkarrizketa guztietan ia galdera berdinak egin dizkidate. Ez nuen espero galdera berezirik egitea ni nintzelako. Txupinera nintzela pentsatzen nuen, Bilboko txupinera. Eta Bilboko Txupinera izateko emakumea eta konpartseroa baino ez nuen izan behar. Hain erraza zenez eta jendeak horrela ulertu zuenez, ez nuen espero galdera sakonik.

Gertatu zena eta gero ere ez?

Ez. Mobida hau eta gero ikusi da kazetariak noren menpe daude. Izan ere, baneuzkan eginda ez dakit zenbat elkarrizketa komunikabide ezberdinetan abuztuaren 17an ateratzeko. Normalean egunkari guztiek ateratzen dute jaiak hasi aurretik jaietako liburuxka. Orduan, 17a heldu zen eta Garak eta Berriak bakarrik atera zuten. Beste guztiek, El Correo, El País... ez zuten ezer atera. Hauxe da argi gelditu zitzaidana, kazetariek agian ez daukatela inolako arazorik ateratzeko, agian bekarioak direlako, baina egunkarietako zuzendariak zelan ez dira jendeari informazioa eta iritziak plazaratzeko gai, jendeak berak bere iritzia sor dezan. Hori bai egin zitzaidan apur bat... beno, zoritxarrez badakigu horretaz, ezta?

Gero egin dituzu beste elkarrizketa batzuk, ezta?

Bai, ETBn eta El Correoko telebistan. Horiek bai atera dituztela.

Egun batean zure konpartsan batu eta..."aizue, txupinera gure konpartsari suertatu zaiola", eta zu aukeratua.

Momentu hori poztasun handiz bizi nuen. Izendapena aho batez hartua izan zen. Eta babes hori oso goxoa da. Gero, beste aldetik, Konpartseen Koordinadorak zu konpartsen txupinera izango zarela onartzea ere opari baten moduan bizi izan nuen momentua da. Leku guztietara eramatea eta denei ikustaraztea zer den Bilboko konpartsero izatea...

Zer da, zure iritziz, konpartsero izatea?

Jai herrikoetan sinesten duen pertsona izatea, ez bakarrik sinestea, baizik eta jaiak denon artean egin behar ditugula uste duen pertsona izatea; gero eta hobeto egiteko antolatua, sentimendu puntu batekin. Ahalegin hori handia da, nork bere lanbidea daukalako, arazoak, egutegiak... denon ahalegin txiki horren bidez zelako lorpen kolektiboak lortzen diren ikustean, bada alaitasun sentimendua, eta sentimendu hori da mantendu behar duguna. Herriaren partaide izatearena, jaiak antolatzeko gai garen bezala, gure arazoei aurre egiteko ere antolatzeko gai izan behar gara. Bizitza ikusteko modua, baita denon onerako izango den era pertsonalean hartzen den konpromisoa ere, niretzako oso aberasgarria dena. Azken finean, ahalegin hori bideratzen badakizula ikustea eta krisi garai hauetan batez ere herri batentzako jaia, jai gogoa, barre egiteko gogoa sortzeko gai izatea... Lorpen kolektibo hori oso aberasgarria da. Eta horregatik nabil leku guztietan errepikatzen eta errepikatzen, bilbotar guztiak konpartsero bihur daitezen.

Zelan bizi izan duzu jaien aurreko astea?

Aurkezpen ofiziala egin baino aste bete lehenago ezagutu ginen pregoilaria eta biok. Gero jantziak egiteko neurriak hartu eta hurrengo egunetan, Udaleko jendearekin aurkezpen ofiziala udaletxean bertan, alaitasun giroan. Komunikabide guztiak egon ziren. Guk gure jantziak lehen aldiz hortxe jantzi eta bat-batean, hurrengo egunetan, zast! Gainera, irratia entzuten ari nintzela jakin nuen. Une horretan pentsatu nuen, nola zoritxarrez herri honetan badakigun batzuetan zelako erabakiak hartzen diren, bere adierazpen bat besterik ez zela. Ez nuen pentsatzen epaile batek kontutan hartuko zuela, ez hanka ez buru ez zuekalako horretan sartzeak. Epailearen jarrerak Urquijo jaunarenak baino gehiago harritu ninduen.

Epailearenak, zergatik?

Udalaren aurka jo duelako administrazioarekiko auzi-prozesua delako bidetik. Udalean zinegotziak daude, herriak aukeratu dituenak. Beste aldetik, Jai Batzordean, alde guztietako zinegotziak eta herriko beste eragile batzuk daude, konpartseroak tarteko, eta normaltasun osoz eraman zen bertara txupinera eta pregoilaria nortzuk izenda daitezkeen dioten oinarriak. Eta aukeratu ere normaltasun osoz aukeratu ziren, PP alderdiak barne. Uztailetik onartuta bazegoen, ez dugu ulertzen epaile arrunt batek Udalaren aurka egitea, jaiak hasi bezperan gainera.

Izan ere, oraindik ez da atera behin betiko epaia, ezta?

Badaezpadako neurria hartu zuen epaileak, eta hamabost egunetan bere iritzia plazaratuko zuela esan zuen arren, oraindik zain gaude.

Jendea gertatu denaz ohartu da?

Nire izendapena konpartsen esku egotetik herriaren izendapena izatera pasa da. Herriaren txupinera sentitu naiz. Jendea niregana hurbildu da esateko: “Ez dakizu nortzuk garen, ez zaitugu ezagutzen, baina zu zara gure txupinera. Ez dago eskubiderik”. Horregatik uste dut jendeak ondo bereizten jakin duela eta ez duela onartu kanpotik etorritako batek esku hartzea Bilbon hain argi dauzkagun festaren eredu eta ikonoetan: Marijaia, pregoilaria eta txupinera, alegia. Jendearen babesa sentitu dut. Baina ez babesa Joneri, Txupinerari baizik eta Bilboko jai eredu horri.

Oraindik kalean agurtzen zaituzte?

Eta ez bakarrik Bilbon baita Bizkaian ere. Lorpen kolektiboen kontra jotzen denean, herri ezberdinetan egon naizenean nabaritu dut, elkartasuna sortarazten da. Eta gainera, kolore guztietako jendearen artean. Horrela esan dit argi eta garbi bat baino gehiagok: “Berdin da zein alderdiri ematen diodan botoa; ez nago batere ados egin dutenarekin”. Aste Nagusian bertan, estatu espainoletik etorritako jendeak ere hala adierazi dit: “Zuk segi zure eskubidea dena defendatzen eta ez utzi eskubide hori zapaltzen”. Niretzat oso adierazgarria eta aldi berean oso aberasgarria izan da. Ikusi delako jendeak bere iritzia badaukala, batez ere une honetan, non ematen du biztanleok iritzi propiorik ezin dugula eduki. Hau da, jendea heldua da, gizartea heldua da.

Gorabeherak gorabehera, txupinaren momentua...

Txupinera guztiek esaten zidaten: “Ikusiko duzu, Jone, pasada bat da ikustea zenbat jende dagoen txupina botatzeko zain”. Aurten nola hain berezia, hain ezberdina izan den dena, sortu den giroa ere ezberdina izan da. Nik dauzkat, nola esango nizuke, bi sentimendu mota. Lehena, babesarena, Arriagara heldu baino lehenagokoa, berezia. Eguerdiz konpartsetako jendearekin bazkaltzeko geratu ginen eta gero, jaitsiera abiatu zenetik nik jada sentitu nuen babes berezi hori, pregoilariarena, konpartseroena eta kaleko jendearena. Bigarrena, beste une bat izan zen Arriagan sartu eta jantziak ezin izan nituenean jantzi, hori izan baitzen Udalarekin adostu zen akordioa. Nire konpartsarekiko errespetu falta ikaragarria iruditzen zitzaidan gertatutako aurreko guztia. Giro berezia zen. Pregoilariak eta biok oso argi geneukan balkoira atera behar ginela, eta ez genekien oso ondo zelan amaituko zen politikariek gauza bat esan ohi dutelako, baina askotan beste bat egiten dutelako. Orduan, Arriagan nire eskubideen urraketa baten aurrean sentitu nintzen. Nik neukan eskubide osoa jantzita, Udaleko jendearen erdian, eta ez izkina batean, baztertuta egoteko; eta eskerrak konpartseroei, ni babesteko eta nire lekuan jartzeko egon zirelako, zeren udal batzordekoek ez zidaten kasurik egin. Bilbotar bezala sentitu nuen nire udala ez zela gai izan nire eskubideak defendatzeko.

...eta balkoira!

Balkoira igotzean jaietako zinegotzia Marijaia, pregoilaria eta hiruokin batera abiatu zen, baina nik pentsatu nuen “lehenengoa izan behar dut balkoira ateratzen”, behean, plazan jende asko zegoelako “txupinera, txupinera” esaten. Beraz, atera nintzen nolabait esateko “lasai, hemen dago txupinera, ez nago jantzita baina ni naiz Bilboko txupinera”. Gainera, gure konpartsaren aurka beti eduki duten halako jarrera Udaletik, onartezina den jarrera, gure konpartsa beste edozein konpartsa bezalakoa delako, eta ez bigarren edo hirugarren mailako konpartsa. Bada, ateratzeko momentuan hori erakutsi nahi nuen; gure eskubidea zapuztu nahi izan dute, gure jaia zapuztu nahi izan dute, gure alaitasun momentu hau, baina lasai egon: hemen gaude, jaia aurrera joango da, denon artean konpondu dugu hau eta goazen denok Marijaiarekin batera jaiak bizitzera eta disfrutatzera, merezi dugulako. Poztasun puntu horrekin eta elkar babes horretan. Talde moduan, herri moduan. Lortu duguna denon artean izan delako. Eta gainera, pregoilariaren jarrera ikusi nuenean bere jantzia kentzen, elkartasunez, oso berezia eta lagungarria izan zen niretzako. Hasiera oso derberdina, baina oso berezia eta onerako izan da.

Astean zehar zure beharra ere berezia izan da?

Arazoa Udalarena izan da, ez nirea. Berarentzat zen debekua, eta hainbat ekitaldi ofizial bertan behera uztea izan da egin duena. Hala ere, ekitaldi gehienak Bilboko Konpartsek antolatzen dituztenez, nik agenda beteta eduki dut. Goizero bota dut txupina Arriaga plazatik, umeen txokora joan naiz, gastronomikoetara, ospitalera, zirkora... Elkarrekin egon gara pregoilaria eta biok.

Goizeko txupin berezirik egon da?

Denak normaltasunez bota ditut. Nabaritu dudana izan da jendearen babesa, garbitzaileena, udaltzaingoarena... Jakina, ordu horietan beraiek dira hor zehar ibiltzen direnak, kar, kar, kar. Turismo bulegoa bertan dagoenez, turistak ere galdetzen eta argazkiak ateratzen hurbiltzen ziren, eta batzuk euren elkartasuna espresuki azaltzen.

Eta osteguna?

Bueeeeno, osteguna! Abisatuta nengoen. Txupineren Eguna oso berezia dela esan zidaten. Egia da. Ez dakit zenbat elkartu ginen. Dena dela, ehuneko ehunean disfrutatzeko urte bat pasa behar izaten da, urte berean betebeharrak dauzkazulako. Areatzan ez dakit zenbat txupin bota genituen. Egunerokoa  amaituta, bai, orduan Alde Zaharretik tabernak itxi arte, eguerditik. Gero, ikurrinaren omenaldira joan nintzen. Urte ezberdinetako txupinerak elkartuta, konturatu ginen bakoitzak bagenuela gertakizun bereziren bat kontatzeko. Nirea, txupin berezia.

Baduzu bestelako anekdotarik kontatzeko?

Uste dut berezia izan dela sortu den giroa. Kontrako efektua lortu dute batzuk. Elkartasunarena. Zerutik ez dator ezer, eta jai hauen atzean dauden pertsonak urtean zehar zelako lana egiten duten badaki jendeak; hau babesten du. Benetan, Aste Nagusi berezia izan da niretzat, txupinera izateagatik, eta berezi-berezia izan delako.

Txupinerak lo egiten du Aste Nagusian?

Egunero sei ordu bai, burua fresko izan behar duzulako. Dena dela, Aste Nagusia labur egin zait, jarraituko nuen beste aste bat gutxienez. Esan behar dut Iraia pregoilaria izan dela lagundu egin didana, bere jarrerak. Bion artean lortu dugun harrema oso ona da, estua, eta ez bakarrik Iraiarekin, baita bere talde osoarekin ere. Txuflan ere elkarrekin egon gara. Adierazi nahi nuke hemendik zelako egoeran dauden emakume hauek, kirol arloari dagokionez. Lanaz, ikasteaz aparte, entrenatu, tokietara jokatzera joan... eta ez daukate bere club bereko mutilek daukaten babesa, ez eta gabarra.

Datorren urtean Txomin Barullok txupinera izango duela uste duzu?

Kar, kar kar! Ez pentsa. Azken egunean euren txosnan bazkaltzen ari ginela, erdi txantxetan esaten nien hain Aste Nagusi berezia izan denez, agian errepikatuko nuela... Aste Nagusien zikloa ixteko ondo legoke. Eurak jaien sortzaileak izan baziren, azkenak izan daitezela txupinera izaten, kar, kar, kar.

Jaiak amaituta, zelan dago egoera?

Geldirik. Egoera administratiboa behintzat. Audientzia Nazionalak, bai, agindua eman zuen ekitaldi guztiak grabatzeko. Dena dela, txupinera izendatua izanik, eskubidea izan beharko nuke paper guztietan agertzeko txupinera gisa. Udalak Arriagatik botatako txupin bat zor dit.

GALDERA LABURRAK

Plater bat: marmitakoa

Liburu bat: Gioconda Belliren edozein

Leku bat: Gernikako itsasadarra, Mundaka

Pelikula bat: aspaldi ez naiz joan zinemara

Musika mota bat: momentuaren arabera, baina euskal musika gehien bat, edozein

Aste Nagusiko une bat: Arriagatik jaitsi nintzenean eta nire familiak besarkatu ninduenean

Testua: Itxaso Perez

Argazkiak: Iñigo Azkona

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa