Euskal komunitatearen historia borobildua

bertonaldizkaria 2013ko urr. 7a, 12:07

Ikus-entzunezkora eraman dute Xamar idazlearen Euskara jendea (Pamiela, 2006) liburua euskararen ibilbidea Historiaurretik gaur egun arte laburbilduz. Dibulgazio eran egin dute, adituen hausnarketak eta dramatizazioa nahastuz. Sei ataletan euskaldunon iruditeria borobildu dute.

“Hizkuntzak hiztunok baldin bagara” Euskara jendea dokumental-sortak “ez du horrenbeste euskararen historia” kontatzen, baizik “hiztun komunitatearen historia”. Eta ez dute lan makala hartu egileek historiaurretik abiatu eta gaur egunera arte iristen den 45 minutu inguruko sei ataleko dokumentala osatzeko. Ia hiru urteko lana aurkezteko gogotsu daude Hibai Castro, Lutxo Egia, Mikel Arredondo, Adur Larrea, Lon Fernandez eta Xamar. Ikusleen harrera ezagutzeko “jakin-minez”. Azken portutik gertu, nekea somatzen duten arren “sentsazio ona” dute.

Euskara Jendea egitasmoak Xamarrek 2006an Pamiela argitaletxearekin kaleratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu. Liburuak dibulgazio helburua du eta, Adur Larrearen esanetan, espiritu horri eutsi diote ikus-entzunezkora salto ematean. “Akademia mailako ezagutza eta jakintza ahalik eta gehien zabaltzen ahalegindu gara, modu erakargarri batean”. Dokumentaletan osotara 24 aditu agertzen dira euren elkarpenak egiten. “Oso interesgarriak, orain arte emanak izan ez diren eran”. Lutxo Egiaren esanetan, “sentsibilitatearekin hitz egiten dutenak”. Horiek guztiak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, “liburuak ez duen gorputz bat” emanez.

Euskal iruditeriari bere ekarpena egingo dio lan honek. Orain arte idatzian soilik jaso diren ale batzuk erakutsiz, publiko zabalarentzat ezagun ez diren dokumentuak. Horrezaz gain, dramatizazioak ekoiztera ere iritsi dira, atal bakoitzeko bana, “gidoiak eskatzen zuelako eta irudirik ez zegoelako”, dio Mikel Arredondok. “Dinamika eta elegantzia ematen diote dokumentalari” dramatizazioek. Lan handia ere bai. “Batzutan 30 lagun arroparekin mobilizatu behar izan ditugu mendi puntan”. Hori dena “baliabide gutxirekin moldatzea zaila da”. Are gehiago “boluntario” ibilita. Izan dute zailtasun gehiago. Esaterako, “24 aditurekin hitzorduak adostea”. Eta nagusiena, oso baliabide urriak izanik, “kasu guztietan baliabide horietara moldatu behar izatea”. Baina jakin dute moldatzen, nahiz proiektua “oso handia izan”. “Sekulako lantaldea elkartu gara, oso intentsoa izan da lana; zurrupatuta izan gaitu bi urte eta erdian. Denborak erakutsi du ekinez egin dugula”, dio Hibai Castrok. Sei kideko talde egonkorraren jira-biran 250 laguntzaile aritu dira auzolanean. Musikariak, extrak, gidariak… “Jendearen interes desinteresatua gurekin parte hartzeko azpimarratzekoa da”.

Maria Uriarteren ahotsak egiten du narratzaile lana. Ez zuten nahi adituen esanen kate bihurtzerik dokumentala eta horregatik pisu handia eman diote kontalariari. “Gure historia eta iruditeria” osa dezan. Eta badu, bai, osatzearekin eta osotasunarekin lotura lan honek Mikel Arredondoren iritziz. “Dokumentala osorik ikusi eta gero, euskal komuniatetaren historiaren ikuspegi osoa izatearen sentsazioa sortuko baitu. Borobiltasun hori badakar lanak”.

Sei atal

Historiaurrea, Erromatar Garaia, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Aro Garaikidea (2. Mundu Gerrara arte) eta Gaur Eguna. Horiek dira sei atalak. Atalak independenteak dira, “bere haria eta korapiloa dute”, eta “propio bilatutako errelatu bat”. Horrela atal bakoitzak bere estetika literarioa du. Errelatu eta dramatizazioaz gain, kanpo ikuspuntu bana ere erantsi diete. Euskalduna ez den aditu batena. Hibairen arabera, “bat dator ideia nagusiarekin; euskara inoiz ez dela isolaturik egon”. Horiek dira Inglaterra, Erroma, AEB, Holanda eta Islandian topatu dituzten “adibideak”. Finean, euskaldunen mugimendu eta harremanen ondorioak beste kultura eta hizkuntzekin. Eta horiek “ekarri nahi izan ditugu gure ataletara ikustarazteko euskara inoiz ez dela bakartua eta isolatua egon. Ireki nahi izan diogu leiho bat kanpoko begirada eta parte-hartzeari, horiek ere besakartuz euskara jende gisa”.

Beraiei ere iritsiko zaie dokumentala azpitituluak zortzi hizkuntzetan txertatu baitituzte (euskara gormutuentzat, gaztelera, frantsesa, katalana, portuges-galegoa, ingelesa, galesa eta japoniera).

Sorpresak, aurkikuntzak

Bilaketa eta ikerketa prozesuan izan dute sorpresarik. Caius Mocconious Verus (Mocconio Vero) erromatar herritarraren hilobi-inskripzioa, adibidez. Louvre museoko bitegian aurkitu dute. “Erromako Inperioko garaiko balio handiko testigantza da, zaharrenetarikoa eta kontserbatu diren bakanetakoa”. Oiasso museoko zuzendari Mertxe Urtegak jarri zituen bere peskisan. Oso interesgarri jo zuten eta bilaketa abiarazi zuten. “Euskaldunok ere, beste herri ugari bezalaxe, mende horietan bakarturik egon ez zirela eta erromatarren mendean egon zirela frogatzen du. Erromatarrak zazpi mendez izan ziren gure lurrean, eta zeharo kontrolatu zuten, baina badago diferentzia bat: euskaldunek hizkuntzari eutsi zioten; alboko beste hizkuntza asko, aldiz, latinak irentsi zituen. Eta hori da, hain zuzen ere, hilobi-inskripzioak iradokitzen duena: Menperatu egin zintuztegun baina zuek zuen hizkuntza mantendu zenuten, hiztun komunitate gisa jarraitu zenuten”. Hasieran, brometan zioten hilarria Euskal Herrira ekarri behar zutela eta brometan esandako hori egi bihur daiteke Louvre eta Oiasso museoa harremanetan baitaude.

Material didaktikoa

Proiektuak zabalpen handia izan behar zuela argi zuen hasieratik seikoteak. Dokumetalaz gain, dibulgazioari begira, irakaskuntza munduarentzat eta euskalduntze munduarentzat material pedagogiko osagarria sortzea izan dute helburu. Edukietan sakontzen eta hizkuntza lantzen lagunduko duena. Didaktikariekin ikas unitateak diseinatu dituzte eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatekoekin material didaktiko eredua. Guzti hori eskuragarri egongo da Euskara jendearen webgunean. “Ikasleek zein irakasleek, ikasgelatik edota etxetik jaisteko”.

Apostua “handira” egin zuten eta emaitza handia lortu dute. Lehen atala urriaren 10ean estreinatuko dute Maulen. Azken atala urriaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian (19:00, sarrera librea). Beste lauak bitartean. Udazkenean ETB1n emitituko dute dokumentala, sei astetan, astero bana. Azaroan, Zinebi jaialdian ikusi ahal izango da. Durangoko Azokan Zenbat Gararen standean eta Irudienean. Eta 2014an herriz herri ibiliko dira emanaldiak eta solasaldiak eskainiz euskara jendearen inguruan.

 

www.euskarajendea.com

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Euskara jendea