Gabriel Aresti protagonista izango da Udagoieneko Osteran

bertonaldizkaria 2013ko aza. 5a, 13:58

Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera kultur zirkuitua jarri du abian. XIV. edizioa da aurtengoa, eta bost  emanaldik osatuko dute. Haietako bakoitza Bizkaiko herri batean izango da azaroaren 16tik 29era: Bilbon, Zallan, Bermeon, Basaurin eta Ermuan.

Udagoieneko Osterak kalitatezko eskaintza erakargarria egin nahi du, aisialdian euskaraz gozatzeko aukerak zabaltzeko. Hori dela eta, zirkuituak euskarazko kultur produkzioa hurbiltzen du Bizkaiko antzokietara. Udagoieneko Ostera, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du urtero, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

PROGRAMAZIOA

1.- Oskorri. Zallan, azaroaren 16an.

2.- Gatibu. Bilbon, azaroaren 22an.

3.- Gabrielen Lekua. Bermeon, azaroaren 28an.

4.- Benito Lertxundi. Basaurin, azaroaren 29an.

5.- Eñaut Elorrieta. Ermuan, azaroaren 29an.

Sarrerak Kutxabanken orotariko kutxazainetan, interneten zein aretoetan bertan eros daitezke. Gatiburen kasuan, Kafe Antzokian (zein webgunean) eskuratu daitezke.

Informazio gehiagorako: arrate@topagunea.org / 94.681.48.21 / 673.428.464

OSKORRI, “Gabriel Aresti bizsitan”

Azaroaren 16an, larunbata. Zallako Zine Antzokian, 20:00etan. Sarrera 8€

Oskorri sortu aurretik ere, bere kide fundatzaileek aspaldiko harreman sakona zuten Gabriel Aresti poeta handiarekin; honen etxea, ia arratsaldero luzatzen ziren hitz-aspertu naroetan, ideia eta proiektuen lantegia izanik.

Gabrielen influentzia ukagaitza ez da soilik bere kantetan nabari, baizik eta baita Oskorrik, gerora, historikoki garatuko zituen arlo diferente gehienetan ere.

1971ko martxoaren 25ean Oskorrik Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan estreinako kontzertua egin zuen. Lehen kantaldi hartan Arestiren kanta ugari entzuten da, baina ez dira falta beste poeta kontenporaneoak, gure klasikorik ere, tradiziozko kantarik, Oskorrikideek beraiek ondutakorik, Gabrielek gomendaturiko herri bertsolari gorenak…, arlo guzti hauetan Arestiren itzala presente da.

Hastapen horietatik abiatuta, hurrengo urteetan oraindik ere, hainbat eta hainbat kanta berri ondu zituzten elkarrekin, beti ere Arestiren aldartez eta umorez, 1975ean Gabriel zendu arte. Poetaren heriotzaz geroztik, harekiko lanak hainbat diskotan plazaratu ziren.

30 urte luze pasata, Oskorri iturburuetara itzultzen da, Gabriel Arestiren errepertorioa nahiz berak inspiratu edo ukitu kantak taularatzen dituelarik. Egoki ematen du oraintxe, 2013 honetantxe, nostalgiarik gabe baina, aspaldiko errepertorioa errepasatzeak. Alde batetik, bene-benetan, ez delako munduan kristaurik izango erraietatik sortu kantu zahar hauen benetako eta egiatasuna ukatuko duenik, bai eta, bestetik, egungo egoera latz honetan berriz, izugarrizko gaurkotasuna gorde dutelako.

Beraz, proiektu honen inguruan, Oskorri gogotik birsortzen eta bizkortzen da, formazio klasikoan, era akustikoagoan. Hona hemen, beterano askori ostera giharrean hunkitzeko manera eta gazteei Aresti ezagutarazteko modu ederra.

Ez dugu dudarik egiten, Gabriel bizitan eta bisitan dugula, nolabait gazteturik aterako garela zelebraziotik. Informazio gehiago: http://www.oskorri.com/

GATIBU, “Zazpi Kantoietan”

Azaroaren 22an, ostirala. Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan. Sarrera 12€ aldez aurretik, 15€ egunean bertan.

Gatibu taldearen ideia Alex Sardui eta Haimar Arejita musikariena da. Mikel Caballero eta Gaizka Salazar batu zitzaizkien proiektura Gernikako taldeari, 2002an. Bi urtetik behin diskoa argitaratuz, bosgarrenera iritsi dira. Guztira berrogei kantu berri eta interesgarri, bikain eta gogoangarriak. Orain zazpirekin datozkigu.

Gatibu taldearen “Zazpi kantoietan” diskoan, Iñigo Etxebarrieta teknikariak grabaketa, nahasketa eta mastering-a egin ditu Muxik-on estudioan (Mungia) 2012ko iraila, urria eta azaroan. Musika ekoizpena Haimar Arejitak egin du. Koruak Asier Gusmanok eta Arkaitz Ortuzarrek egin dituzte. Batukada “Gabak zerueri begire” kantuan: Jorge Pacheco, Ander Hurtado de Saratxo, Juanma Urriza, Asier Garcia eta Gaizka Salazar.

Gatibu taldearen bosgarren diskoa “Zazpi kantoietan” da. Rocka zazpi kantoietara bideratuta, mundura. Gorputzaren zazpi kantoiek ere jasoko dute bere musika dosia. Rock indartsua, batukada ziztada, balada hunkigarriak, rock biluzi eta akustikoa, bluesa, rock gogorra, punteoak, baina rocka bere hitz guztiekin, rock and rolla. Bihotza zuten, dute eta izango dute sutan une bakoitzean. Gatibuk bihotza sutan jarri dio beti jendeari. Taldeak ezin hobeto helarazten du musikaren bizipoza, emozioa, bihotza irakiten jarriko dizute tupustean, musikaren gorakadek norberaren bizipozaren igoera eta klimaxera ailegatu arte astirik ez geldirik egoteko; hori da jarrera, Gatibu jarrera. Informazio gehiago: http://www.gatibu.net/

GABRIELEN LEKUA

Azaroaren 28an, osteguna. Bermeoko Kafe Antzokian, 20:00etan. Sarrera 6€

Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna. Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez, egun, inoiz baino presenteago dagoena.

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratu nahi ditu ikuskizunak. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.

Arestiren lekuak hartu ditugu horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea... euskal literatura, euskal kultura... Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko ditugu leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute emankizunean.

Ordu eta erdian, hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak... Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia. Informazio gehiago: http://www.gabrielaresti.eu/gabrielen-lekua/

EÑAUT ELORRIETA, “Deserriko kantak”

Azaroaren 29an, ostirala. Ermuko Ermua Antzokian, 22:15ean. Sarrera 10€

Eñaut Elorrieta kantariaren bakarkako lehen lanak “Deserriko kantak” izenburuarekin ikusi zuen argia maiatzean.

Deserria ez lekua da. Han izanik hemen, edo hemen izanik han izatea. Deserria bada bakardadea eta biluztasuna, bada sentimendu babes gabeen kontakizuna. Baina norbere burua berrasmatzeko aukera ere bada, geografia berrietan saiatzekoa. Badira desterratuak Arestiren Aitaren etxean, Sarrionandiaren memoriaren mapetan eta handik kanpo. Norberaren gorputzetik exiliatuak ere badira. Etxerako bidea ahaztu dutenak, itzuli arren bueltatu ez direnak, bidea aberri bihurtu dutenak.

Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Eñaut Elorrietak. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

Zuzeneko emanaldiak ere diskoa bezain zainduak eta bereziak izango dira, soilean basatiak. Norbere baitako kartografietan bidaiatzera gonbidatuko dute entzulea, gogoeta eraginez norbere aberriaz eta atzerriaz, nor bere emozioen geografiaz. Geografia kanta: http://www.youtube.com/watch?v=x8J_eXJTRRg

BENITO LERTXUNDI, “Oroimenaren oraina”

Azaroaren 29an, ostirala. Basauriko Social Antzokian, 20:30ean. Sarrera 18€

Harrigarria izaten da askotan, patuak duen indarra! Batzuetan, apartekoak diruditen bi historia, bi pertsona, gurutzatzen dira, zergatia zehazki jakin gabe, ezkutuan idatziriko historia batean loturik baleude bezala, bien artean, horrela, historia berri bat osatzen dutelarik.

Oraingo historia honek bi protagonista ditu: Mireia Berenguer eta Benito Lertxundi. Mireia katalana da, Ripollet herrian jaioa, 30 urte ditu eta duela 10 bat Euskal Herriaz maitemindu eta han dena utzirik, honuntza abiatu zen. Hemen topatu zituen lehen erreferentzietakoak, nola ez, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi izan ziren. Ez zihoan, bada, desbideratuta.

Bere kezka, bere ardura, bere dedikazioa, bere bizitza azken batean, arazoak dituzten gazteen artean dago eta, hori dela eta, Hondarribiko Goikoerrota deritzan Errota zaharreko egoitzan arreta berezia behar duten gazteentzat batipat, natureskolaren proiektuaren garapenean buru-belarri dabil.

Duela hilabete batzuk, eguzkia sortu aurretik, bat-bateko intuizio batek gidatu zuen Jaizubiako marismetako bidea hartzera eta hantxe, goizaldean, lehen printzeekin batera, laino artean topatu zuen enkoadreak harrapaturik, argazki bat atera zion, zertarako oso ondo jakin gabe. Argazkian dastatu daitekeen giro lasai bezain enigmatikoak barrutik harrapatzen gaitu eta barne munduan murgil gaitezen, gonbite dultzea, misteriotsua eta dotorea luzatzen digu.

Egun horretan, lagun batek, argazkiaren magiaz oharturik, ETB-ko eguraldiaren tartera bidali zuen, gauean Benito Lertxundiren arreta bereganatuko zuela susmatu gabe.

Benito Lertxundi kantaria, bitartean, bere disko berriaren lehen urratsak ematen ari zen eta kantuen azken xehetasunak bukatzearekin batera, diskoa bera, hala nola horren komunikazioa ere bilduko zituen irudiaren bila zebilen. Argazkia telebistan ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Hura zen bere lanaren mamia hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia.