ANDREA HEUSCHMID: “Oroimen historikoa oso garrantzitsua da etorkizunari begira”

bertonaldizkaria 2013ko abe. 9a, 11:12

Bremenetik Begoñako mugetara bizitzera etorri zen Andrea, Mallonako galtzadek Zazpi Kaleekin bat egiten duten etxaldera. Herri mugimenduak ekarri zuen gure artera, eta etorri zenetik ez da gelditu. Baskale elkarteko kide da, besteak beste, memoria historikoa lantzen du elkarteak.

Zer egiten du turista ez den alemaniar batek Bilbon?

Hamabi urte daramatzat hemen, eta zer esan. Euskal Herria ezagutzen hasi nintzen 1988an. Lehenengo aldiz etorri nintzen orduan, Arabara, Bremen hiriko talde batekin. Garai hartan harreman batzuk bazeuden hemengo jendearekin irrati libreen aldetik, gero herri mugimenduetako beste pertsona batzuekin ere, talde feministekin... Euskal Herriko taldeak bitan etorri ziren Bremenera, eta horrela ezagutu genuen jendea. Otxarkoagako batzuk ere egon ziren garai hartan Bremenen. Denborarekin etorri ginen talde txiki bat, nire bikotekidearekin urtero. Eta une batean erabaki genuen ez zela nahikoa, eta bizitzen geratu ginen.

Ez zen erabaki erraza izango.

Esan behar dut maiteminduta nagoela bai jendearekin, bai ingurunearekin. Asko gustatzen zait itsasoa eta mendia elkarren ondoan edukitzea. Baina batez ere, jendea. Alemaniako jendearen izaera hurbilekoa da, baina hemengoa baino hotzagoa. Harremanak serioagoak dira. Adibidez, Andaluzian egon nintzen behin, baita Uruguayn ere, eta hor ezin naiz bizi. Niretzat zabalegiak dira, baina baita azalekoak ere. Hemengo mugimenduak gustatzen zaizkit, elkarteen ingurukoak. Jendea biltzen da kaleetan, txokoetan, elkarteetan.... eta oso aktiboa da. Beste aldetik esan behar da ez dela erraza lan kontua.

Etorkinak zarete, azken finean.

Hori da. Hona etorri nintzenetik, lanpostuek beti hitz egiten ditudan hizkuntzekin zerikusi zeukaten, batez ere alemaniera eta ingelerarekin: teleoperadore Suitzako empresa batentzat, turismo arloan, alemanierako klaseak, itzulpenak, etab. Baina inoiz ez nire ikasketekin eta formakuntzarekin lotutakoak. Beti lan prekarioak. Gizarte laguntzaile naizenez, Pedagogia ikasita, hizkuntza oso garrantzitsua da, esan nahi dut bezeroen hizkuntza primeran jakin behar dela, eta nire gaztelania eta euskara maila ez dira hain altuak. Igeltsero, arotz edota argiketariek zentzu horretan abantaila daukate: bere lana edozein hizkuntzetan egin dezakete.

Kontraesana dirudi: Alemaniatik etorri hona eta, krisiaren eraginez, han baino okerrago egotea.

Bai. Horrezaz gain, nire lana oso berezia izan da: sexu-abusuen aurkako kontsultegi batean egiten nuen lan eta gai horiek hemen ez daude oso landuta. Emakume batzuek muntatutako proiektua zen. Gainera arlo horretan sartzeko aukera galtzen da adinarekin, hemengo unibertsitatean ez egoteagatik, kontaktu faltagatik… Normalean gazteago hasten da ibilbide profesionala hartzen. Banekien lan kontua zaila izango zela hemen eta, egia esan, hori da gehien kostatzen zaidana; beti zerotik hastea gauza berriak egiten. Baina ez dut kexatu nahi, nire erabakia izan da eta pozik nago hemen.

Nabaritu duzu aldaketarik azkenaldian?

Bai. Etorri nitzenean alemaniarra nintzen, baina jendeari ez zitzaion inporta. Ezagutzen ginenean, ez ziren horretaz kezkatzen, denborarekin galdetzen zidaten nongoa nintzen. Baina azken urteotan nabaritzen dut horrelako aldaketa. Esaterako, jendeak bereizten duela nor den “hemengoa” eta askoz zuzenago galdetzen dizu nongoa zaren. Eta nire galdera da: orduan, “hori da interesatzen zaizuna? Ez duzu jakin nahi nor naizen, zer egiten dudan”. Ez dakit krisialdiaren ondorioa den, baina badago zerbait. Eta ni alemaniarra naiz, aurpegian ez zait nabaritzen asko; kalean pertsona “normala” naiz, europarra. Baina nire atzetik etorriko dira, jakina, latinoak, Magrebeko jendea... eta haiek zailago daukate.

Hain nabaria da?

Kanpotik etortzen bazara ez duzu iraganik, orri zuria zara. Jendeak ez daki nor zaren, zer egin zenuen, ez du zure haurtzaroa ezagutzen, ezta zure ibilbide politikoa, soziala edota profesionala. Beraz, jendearen konfiantza lortu behar duzu zuretzat leku bat zabaltzeko. Bere denbora behar du eta zabala izan behar zara. Hor ere aukera handia ikusten dut eta oso jende jatorra, eskuzabala eta kompremituta ezagutu dut, gaur egun lagun minak direnak.

Bertoko hizkuntza ezagutzeak lagundu dizu harremanak zabaltzen?

Hizkuntzaren aldetik erraza ez da. Bi hizkuntzetan bizi naiz: gaztelaniaz eta euskaraz. Beti bereiztu behar dut, eta batzuetan nahaste-borrastea daukat. Lanean, askotan, ingeleraz eta alemanieraz hitz egiten dut. Orduan, zentzu horretan, ez da erraza. Oraindik nabari dut gauza batzuk, medikuarengana joatea edota sentimenduak azaltzea, zaila dela beste hizkuntza batean. Ama hizkuntzan askoz errazagoa da.

Lanagatik ez zinen, orduan, euskara ikasten hasi?

Ez, lanagatik ez. Bertako hizkuntza zelako batez ere, errespetu kontu bategatik. Euskaltegian baten batek esaten zuen euskara dela “el idioma más difícil del mundo”. Hori ezin da esan. Ezin daitezke hizkuntzak konparatu. Niretzat gaztelania ere zaila da. Hasieran, baliteke errazagoa izatea, baina gero aditzak, lehenaldia... Alemaniera ikastea ere zaila da oso irregularra baita. Euskararen arazoa da hizkuntza nagusia ez izatea. Horrela izan balitz errazagoa zitekeen euskara ikastea.

Herri mugimendua aipatu diguzu lehen. Zein arlotan ari zara lanean?

Orain dela bi urte sortu genuen elkarte bat, bertako eta Alemaniako jendeak osatua: Baskale elkartea. Eusko-alemaniar elkarte sozio-kulturala da, 2012ko irailean antolatu genuen Alemaniara joateko brigada. Hamaika lagun joan ziren Alemaniako oroimen historikoan lanean diharduten taldeak ezagutzera eta kontzentrazio esparruak eta museoak bisitatzera. Bilbo faxisten esku erori zenekoa gogoratzeko, 1937ko ekainak 19, bi gauza antolatu genituen: ekainaren 19an hitzaldi bat eta ekainaren 23an Burdinezko Gerrikoa ezagutzeko bisita. Avril eta Ganguren mendietara bisita. Gaur egun esku artean daukagun proiektua Condor Legioari buruzko erakusketa da. Gernikan abiatu zuen ibilbidea, eta gero, Laudio, Urduña, Orereta, Elgeta, Algorta eta Donostian egon da. 2014an Gernikan egongo da berriro eta ostean Durango, Sestao, Artziniaga, Ugao-Miraballesen, etab. Alemanian egindakoa da, eta guk testuak itzuli eta bertan erakustea da helburua.

Zergatik kezka hori?

Orain dela 10 urte hasi ginen honetaz hitz egiten. Ez genekien hain ezkutuan zegoenik. Garai gogorra izan zela, bai. Alemanian gerra garaia askoz laburragoa izan zen, eta hortik aurrera hasi ziren eztabaidak eta mugimenduak berriro ez gertatzeko, baina hemen oso luzea izan da. Eta nire ustez, oroimen historikoa oso garrantzitsua da etorkizunari begira. Uste dut “Zero Puntua” bezalako legearekin, hau da, “ahaztu dena eta segi aurrera” delako horrekin, arazo psikologikoa transmititzen ari garela belaunaldiz belaunaldi. Konponbidea behar dugu. Hasi ziren gorpuak hobi komunetatik ateratzen, trantsizioan gertatu zenari buruz hitz egiten, baina asko falta da oraindik. Horregatik Ahaztuak 1936-77 elkartearekin harremaneta hasi ginen eta aurrerago Lau Haizetara Gogoan elkartearekin.

Ziur beste saltsetan ere bazabiltzala.

Orain dela sei urte Berbalagun talde batekin hasi nintzen, eta jarraitzen dut. Niretzat oso aukera ona da hitz egiteko, edozeri buruz, eta oso ondo antolatuta dago. Antzerkira goaz, zinemara, mendira... Euskaraz hitz egiteaz gain, oso aukera ona da harreman sozialak egiteko.

Eta aurrera begira?

Alemanian, naziak etorri aurretik, mugimendu sozialista bazegoen. Naziek mugimendu horren abestiak “okupatu” zituzten; beretzat hartu zituzten. Ez da abesti horien transmisioa egin, ez hemen bezala, omenaldietan izaten den bezala, adibidez. Kanta horiek berreskuratu nahi dutugu. Beste aldetik, bisita antifaxistak antolatu nahi dugu, Bilbon geratzen diren ikur faxistak ezagutarazteko. Eta hemengo liburuak alemanierara itzuli nahi ditugu. Eta lokal egoki bat aurkitu nahi dugu kontzertuak, hitzaldiak eta bestelakoak egiteko.

SEI GALDERA LABUR

Kalimotxoa ala Alemaniako garagardo epela? Garaiaren arabera

Alemaniako saltxitxa ala odolostea? Galdera zaila da, odolostea asko gustatzen zait eta

Euskal Herriko leku bat: Orokorrean, Nafarroa

Liburu bat: Galtzerdi suizida, Mariasun Landarena

Musikari bat: Ruper Ordorika

Alemaniar musikari bat: Ton, Steine, Scherben...

Egileak:

Testua: Itxaso Perez

Argazkiak: Iñigo Azkona